13.- Edurretako Ama Birjinaren Baseliza - Ollokia lepoa (1.326 m)

—Larunbata,
1996ko martxoak 2—


 Las Alforjas eta Ollokia lepoetatik, Abodi eta
 Orhi mendietarantz


Uren banalerroaren 13. etapa. Euskal Herriko mendietatik urtebetez ibili ondoren, gertu da ibilbidearen amaiera. Pinirioetara eta Orhi tontorrera gerturatzen ari gara, pixkanaka pixkanaka. Ibilbidearen bukaera den mendi kasko eder hori ere ikusi izan dugu, noizean behin: HIRU ERREGE MAHAIA.

Muskilda baseliza, Otsagabian
Muskilda baseliza, Otsagabian

IRATIKO BASOA eta OTSAGI (edo OTSAGABIA) herriaren artean, 15 Km luzera duen Abodi Mendi garrantzitsua kokatzen da. Arestian, latz eta urrunekoa izan bazen ere, egun, hurbilago senti dezakegu, mendia zeharkatzen duten bai Orhi bai TAPLAko bideei esker.

Las Alforjas izeneko pasabidearen ingurumarietan, amiñi bat IM-an kokaturik, Sansonarri harri bakartia ikus daiteke, zein Sansonek egotzitako harria omen, Euskal Herri osoan hainbat eta hainbat bider errepikaturiko mitoa. Luzeran, 6 metro inguru eta zabaleran 3 bat metro dituelarik, Iratiko bi isuraldeetatik hamaika mendetan zehar erabiliak izan diren bideen gidari fina izan da.

Atharratze-Sorholüze kantonamenduaren esparruan kokaturik, ORHI, Zuberoako mendi nagusia dugu, bailara galdu hauetan barrena gertatu ei ziren hainbat mito eta kondaira zahar jasotzen dituena. Orhi eta Zazpigaña artean, ALUPIÑAko horzkada dago, Nafarroa eta Zuberoaren arteko muga naturala. Inguru honetan mendi hauetako bakardadea erraz soma daiteke. Elkarrekin lotutako kordalak. Zelaiak eta belardiak mila aldiz mozten dituzten errekak. Mila metrotik gora dautza mendi-lepoak. Baso itxiak. Mazelak ganduaz estaltzen dituzten laino egonkorrak. Soilik, bidaiariak, aterbe bakartu bat aurki zezakeen inguruetan, Donibane Garazirako bidean zehar dagoen MENDIBEKO SALBATORE BASELIZA.

Errekastoa mendian behera. Klik egin handiago ikusteko
Errekastoa mendian behera
—© Asier Azarola—
Klik egin handiago ikusteko...
(25 Kbyte)

EDURRETAKO AMA BIRJINAREN BASELIZA (860 m).
Otsagirantzako errepidean hasiko dugu gure ibilaldia. Errepideak egiten dituen bihurguneak direla eta, pagadian barrena sartuz, hauek saihestuko ditugu bidegurutzean, eskuinerantz doan basapista hartuko dugu. Pista honek, Abodiko iparraldeko zelaietara eramango gintuzke. Guk ordea, geroxeago abandonatu eta tontorrerako bidea hartuko dugu, aldapa gogorrean eta pagadi hertsian barrena, beti argi agertzen ez diren zidorretatik. Malda lasaitzen denean, M-ra joko dugu eta ondoren, baita H-ra ere. Basoaren goialdean, E-rantz jarraituko dugu, alanbre-hesiaren ondoan zelaietatik ibiliz. Hemendik aurrera, garaiera mantenduko dugu, beti ere E-ko norabidea jarraituz. HARRIZABALA, Abodiko mendebaldeko tontorra (1.492 m). Erpin geodesikoa gainean. E-rantz segituko dugu, LAS ALFORJAS pasabidera leunki jaistearren (1.430 m). Eskuinean, bakarturik, lehen aipatutako SANSONARRI harria ikus daiteke. Artzain-borda bat ere ikus daiteke. Gure norabidea E-koa izango da.

Harrizabalako bizkarretik jarraituko dugu (1.420 m). KOISTAko pasabidea (1.420 m) ez da ia ere nabaritzen. Hemendik, aspaldian Otsagi eta desagertutako Koistako zerrategia elkartzen zituen bidea bazegoen.

ABODI (1.537 m). Mendiko tontorrik garrantzitsuena. Zabala, laua eta belarrez estalita. Iratiko basoaren eta Pirinioetako mendikatearen ikuspegi bikaina. Aldapa batetik pagadi batera iritsi arte, E-rantz jarraituko dugu. Pista batetik jaitsiz, beste pista zabalago batekin topatuko gara. Inguruetan, iturburu bat dugu.

Taldea lainopean Abodi Mendian
Taldea lainopean Abodi Mendian

GAZTELUBIDEAn, pistaren norabidea 90 gradutan aldatuko da, pagadian zehar garaiera galduz. Osaba gurutzearen inguruak. Bertan, H-rantz, bada Otsagabia eta Larrañe elkartzen zituen aspaldiko bide zabala.

OLLOKIA lepoa (1.326 m). Etaparen amaiera. Aduana, muga eta Pirinioak zeharkatzen dituen errepidea. LARRAÑEko mendatea, nondik Orhirantz doan bide klasikoa hasten den, eskuinerantz 4.2 Km-tara dago.


 Kartografia


  • Ochagavía, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas: Pto. Burdinkurutzeta - Pto. Larrau. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar). Eskala: 1:50.000.

 Bibliografia


  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 4. La Gran Travesía de la Divisoria. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1988).

 GPS Datuak



 Eta informazio gehiago amaraunean:




Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1