12.- Orbaitzetako Ola -
Edurretako Ama Birjinaren Baseliza

—Larunbata,
1996ko otsailak 3—


 Irati. Orbaitzeta Olatik Irabiako Uharkaraino


Mendien artean kokaturik, Orbaitzetako Ola edo Errege Arma Lantegia Independentzia Gudan gudalozte frantsesek suntsitua izan zen. Geroago berreraikia, karlistek I. Guda Karlistan berrerabiltzen saiatu baziren ere, ez zuten lortu. 1884an edo olak bere iharduera eten egin zuen. Urte batzuk geroago enkante publiko baten bidez gobernuak saldu eta Orbaiztako bizilagun batzuek erosi zuten. Gaur egun, geratzen diren hondakinak estaltzen zituzten sasiak garbitu eta garai batean zuen edertasuna miretsi daiteke.

ORBAITZETAKO OLA (840 m).
Uren Ibilbide Handiaren 12. etapa. Aezkoa bailaran hasi eta Organbide eta Eskanda lepoetatik igaroz Mendizar tontorrera igoko gara, Zaraitzu (hasieran) dauden La Question eta Irabiako urtegiraino iristeko.

Euge 212. mugako trikuharriaren ondoan, Organbide lepoan
Euge 212. mugako trikuharriaren
ondoan, Organbide lepoan

Elizatik hasita, ezkerretik jaisten den TXANGOA erreka jarraituz basa-pistatik igoko gara. AZPEGI lepora (1.050 m) iristerakoan —harrespil bat eta trikuharri bat inguruetan— ezkerrean izen bereko artzain-sarobea utzi eta IDOPILeko ordokirantz abiatuko gara. Dolinaz beterik eta zuhaitzez babesturiko zonalde batetik igaro eta ORGANBIDE lepoan (988 m) gaude. Lepo estrategikoa, Orbaitzeta, Esterenzubi eta Donibane Garazitik datozen pistak elkartzen dira bertan. Era berean, Organbideko trikuharria eta bere gainean jarri zuten 212. mugarria ikus daitezke.

Eskuin aldera joko dugu eta larrez beteriko lur eremuetatik ibiliko gara oraingoan, Mendilatzeko basoaren parean goazelarik. SAIARRE (1.123 m) gainetik jaitsi eta kararrizko lurpean ezkutatzen diren zenbait erreka zeharkatu ditugu. Loigorri erreka nagusira iristerakoan, meandro batzuk egiten dituen ubidea jarraituko dugu. Apur bat geroago, ESKANDAko (1.217 m) mazelak gaindituko ditugu. Eskuinean, Orion mendi-lepoa ikus daiteke. Baita Orbaitzeta eta Irabiako urtegiak elkartu eta Orionetik igarotzen den pista ere.

Eskandako kordaletik igaroz, Eskanda bera eta Mendizarren arteko lepora iritsiko gara. Basoz inguraturik, Erlantzeko sakanaren hastapenak ikus daitezke. Lepo beretik, Errozateko gaina eta Harpeako zokogune sakona eta Esterenzubiko bailara ikusten dira. Eguraldi ona eginez gero MENDIZAR-eko (1.224 m) malda gogorrak igotzea merezi du. Gainean, erpin geodesikoa. Hemendik bi aukera antzematen dugu:

  • Tontorretik hasi eta bailararantz malda bizian jaisten den muino luze batetik jarraitu, bi erreka elkartzen diren toki batera iritsi arte. Esterenzubiko udal barrutian dauden etxola batzuk aurkituko ditugu, eta zubi batetik igaroz ibaiaren beste aldera pasatuko gara. Ondoren, pista batetik jaitsiko gara.

  • Mendizarreko tontorretik, eskuin aldera jo eta Erlantzeko sakanaren parean jarraituz —non erreka bat mendian behera jaisten den— aterbe librea den MORATEko txabolaraino jaitsi.

Aterbe honetan elkartzen dira gure bi aukera hauek. Morateko erreka zeharkatu eta LA QUESTIONeko ZUBIraino garamatzan pista bat hartuko dugu. Hemen ere bertze bi aukera ditugu; lehendabizikoaren ibilbidea oso gogorra dela eta bigarrenak baino 2 ordu t'erdi gehiago dirauela kontuan har dezagun aldez aurretik.

Edurretako Ama Birjinaren Baseliza
Edurretako Ama Birjinaren Baseliza
  • La Question-eko zubitik ezker aldera zabaltzen den Kontrasarioko pista hartu. Hau bukatzen den tokian, eskuinera jo eta basoan barrena aldapa ezin gogorragoan pagadia amaitu arte segi gora eta gora. Ondoren, argigune batetik gorantz ere jarraitu LIZARDOIA (1.193 m) tontorreraino iritsiz, izen bereko Erreserba Naturalean kokaturik. Jaitsiera basoan zehar egingo dugu, erreferentzia bakarra H-HE. norabidea dugularik. Era honetan, Urbeltza errekaraino ailegatuko gara eta EDURRETAKO AMA BIRJINAREN BASELIZARAINO garamatzan pistarekin topo egingo dugu.

  • La Question-eko zubitik eskuineko pista hartu, zein 13,5 Hm3tako edukia duen IRABIAKO URTEGIaren parean doan; pista honek Iratiko basoan barrena kokatzen den baseliza bertaraino eramango gaitu. IRATIKO BASO edo oihana Zaraitzu ibarreko Batzar Nagusiko jabetza dugu eta bere 6.520 Ha.rekin Nafarroako baso gunerik handiena da.


 Kartografia


  • Ori-Belate.C. D. Navarra. Eskala: 1:40.000.
  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas: Pto. Kruzeta - Pto. Arlaban. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar). Eskala: 1:50.000.

 Bibliografia


  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 1. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1991).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 4. La Gran Travesía de la Divisoria. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1988).
  • Euskal Herriko 100 Gailur eta Mila Txoko. 19., 80. eta 108. ibilbideak. L. P. Peña Santiago. Elkar (1990).
  • Euskal Herria. Mendiak eta Historiaurrea. Jacques Blot. Elkar (1993).

 Eta informazio gehiago amaraunean:




Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1