1.- Peña Erea - Goiuri (Gújuli)

—Larunbata,
1995eko otsailak 4—


 Peña Erea. Gibijo Mendia.


GIBIJOn ez dago ez markarik ez inolako seinalerik. Jende oso gutxik bisitatzen duen goizabaldia da, non bide zuzena hartzearren erreferentziak aurkitzea guztiz derrigorrezkoa den. Hori dela eta, inor galdu ez dadin, gure taldea ez sakabanatzea eta denok elkarrekin joatea beharrezkoa dela uste dugu.

Uren banalerroaren Euskal Herriko muga, Peña Ereak marrazten du. Igoerari Berberana herritik ekingo diogu, biderik motzena eta gainera guretzat hobekien egokitzen dena delako.

Peña Ereatik jaitsierako bista
Peña Ereatik jaitsierako bista

BERBERANA (662 m).
Elizatik irten eta ur-tangaraino iristen den bidea hartuko dugu. Metalezko ate bat igaro eta ildoa galdu egiten dugu. Aurrera jarraituko dugu, E norabidean artez zipriztinduriko larreak zeharkatuz. Pozo Nuevo delakoaren ondoan pasako gara. Gure eskuinaldean, harkaitz gainean, errepikagailu bat aurkituko dugu. Belarrez eta harriez jositako lur-eremua dugu hau, goietara zuzen zuzenean bideratzen dena. Kordaleraino iristen gara, fite PEÑA EREAko (1.110 m) erpin geodesikoa gure albora etortzen delarik. Harrixkaz betetako tontorra, Peña Erea, bakartia, mundutik at dagoena. Iparraldean Garobel (Salbada) Mendia dakusagu. Hegoaldean Marindaren tontor zorrotza piramide antzeko bere egitura berezi horrekin.

S. norabidean pitin bat jaitsiko gara, gero E-an jarraitzeko eta baratz batzuen eskuinetik pasa ahal izateko. Badillo ibaia jaiotzen den arroilatik igaro behar dugu ondoren. Tanga bat eta txabola batera iristerakoan, alanbre-hesia gainditu eta haritzen arteko bide batetik jarraituko dugu, beti ere E norabidean. Langa baten ondotik pasa bezain laster, errekaren bestaldera igaro eta landaretzarik gabeko sail garbi batera goaz, goizabaldiaren amaiera bilatzeko asmoz.

Luna herrira jaisten den bidearen garaieran, pistak norabidea aldatu eta N. NE-an darrai. Behean, eskuinean, La Trinidad baseliza dakusagu, Marinda, Urbina, Santa Eulalia ... herrietara doan bidea hasarazten duena.

Lurdes Etxeberria, amaieratik hurbil. Atzean Txarlazo
Lurdes Etxeberria, amaieratik hurbil.
Atzean Txarlazo

Orain, Aratxagas hegian aurkitzen den alanbre-hesiz inguraturiko KORRENTUNDE putzuaren bila joango gara, beti N. norabidean. Putzuaren tokitik ezkerraldera bide bat hartzen da, aurrean aurkitzen diren gain horiek saihesteko asmoz. Gibijoko ordokiek gure norabidea urrutira begira erakutsiko digute. Paisaje latza da, larre eta sasiz, haritz eta pagoz beterikoa, marroixkak jaun eta jabe bihurtzen direlarik.

ALTO del CORRAL izeneko mendia, beren 840 metroekin han urrutian agertzen zaigu gure begietara. Bere erpin geodesiko txuri hori erraz ikus ahal dugu.

Kordalen lerroa jarraituz, 802 m markatzen dituen kotaraino iritsi behar dugu. Corral tontorra bere eskuinean datza. Gailurreria metro batzuk jarraiki eta sasi eta zuhaitzen artean dagoen pista bat aurkituko dugu. Han dago Ondonako baserria eta Matiasen etxea. Hemendik porlanezko pista bat ateratzen da Goiuriko baserrietaraino doana. Hemendik Urduñako errepidea pasa da Altube mendateraino. Azkeneko 5 Km horiek tramite hutsa dira, saihestu daitezkeenak. Gure etapa, GOIURI (Gújuli) herrian amaituko da.

Herriko elizaren eskuinaldetik Goiuriko arroila famatura doan bidea ateratzen da, benetan, bisita turistiko eder bat merezi duena.


 Kartografia


  • Orduña, 111. mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas: Berberana - Gújuli. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar). Eskala: 1:50.000.

 Bibliografia


  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 4. La Gran Travesía de la Divisoria. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1988).
  • Euskal Herriko 100 Gailur eta Mila Txoko. 7. ibilbidea. L. P. Peña Santiago. Elkar (1990).


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1