11.- Auritz - Urkulu (1.419 m) - Orbaitzetako Ola

—Larunbata,
1996ko urtarrilak 13—


 

[...] Bainan arrokak biribilkolika erortzen dira,
tropak lehertzen dituzte.
Odola xurrutan badoa, haragi puskak dardaran daude.
Oh! zenbat hezur karraskatuak! Zer odolezko itsasoa!
[...] Gabaz arranoak joanen dira haragi puska lehertu horien jatera.
Eta hezur horiek oro xurituko dira eternitatean.

ALTABIZKARKO KANTUA
(Garay de Monglave).


Arrokak, zuhaitzak eta zeruko txoriak izan daitezela nire gudarosteak!

KARLOMAGNO.

 

 Ibañeta eta Bentartea lepoetan zehar


Banalerroaren 11. etaparen garrantzi historiko eta geografikoa ez da nolanahikoa.

ORREAGA, gazteleraz eta frantsesez Roncesvalles eta Roncesveaux hurrenez hurren, Europako gune erlijioso nagusienetako bat izan zen Erdi Aroa bitartean. Roncesvalles izena Rozaballes-etik erator daiteke (XI. mendeko bigarren erdian izkiriaturik, Errioxako Donemiliaga Kukulako —San Millán de la Cogolla— monasterioko Donemiliagako Oharrean azaltzen den izena da). Rozaballes, ordea, Erro zabala-tik erator daiteke, Orreaga aurrean dagoen ordokia aipatuz.

Orreagako Kolegiataren barruan
Orreagako Kolegiataren
barruan

IBAÑETA Banalerroaren pasabide garrantzitsuenetarikoa dugu. Bertan historia eta kondaira uztartzen dira eta Astorga (Leon) eta Bordele elkartzen zituen Summo Pirineo izeneko galtzada erromatarraren tradizioa, Karlomagnoren iloba zen Errolanen heriotzarekin nahasten da, baita Santiago Konpostelakora doazen erromesen bide luzearekin ere.

Ibañetatik Bentartea leporainoko ataka lerroan zehar, 778ko abuztuaren 15ean, kondaira zaharrak dioen arabera, baskoiek Karlomagnoren gudalozteak garaitu zituzten, azkeneko honek Iruñea hiria suntsitu eta baskoiei kalte handiak eragin ondoren Galiarako bidean etxera zihoanean. Frantsesez idatzitako literatura lanik zaharrenetarikoa dugun "Errolanen Kantorea" jesta-kantak, XI. mendearen hasieratik gaurdaino desegigo honen berri eman digu.

Pasai Donibaneko gurutze-toki txiki batean, bada harrizko plaka bat non euskaldunek bataila horretatik lortu zuten garaipen sena adierazten den.

AURITZ (898 m).
Udaletxearen ondoan eta errepideko bestaldean, M norabidean doan bidea hartuko dugu, Mugekolarre erreka gaineko zubi batetik igarotzeko. Basoan barrena doan bidea hartuz, Menditxuri mendia inguratuko dugu. Zuringoa errekara iristerakoan amaitzen da pista. Errekaren bestaldean, I norabideko bidea hartu eta pagadi batean sartuko gara.

Orreaga (952 m). Kolejiatako elizatik, Gazteen Aterbearen ondotik igaroko gara, bere ondotik irteten baita I-an doan Ibañetarako antigoaleko bidea.

Ibañeta gainean (1.057 m) San Salbador baseliza ikus daiteke eta Auritzeko goi-ordokiaren eta Luzaideko bailararen ikuspegi ezin hobeak eskaintzen dizkigu. Ibañetako gertaera historikoa oroitzen duen monumentua ere hemen ikus daiteke.

IE norabidea hartuz, ORTZANTZURIETA gailurreko TB-errepikagailura (1.567 m) doan asfaltaturiko pistatik igoko gara. Ondoren, ALTABIZKAR edo ASTOBIZKAR (1.494 m) mendiko mazeletatik behera E-an jaitsiko gara.

Altabizkarrerako bidean
Altabizkarrerako bidean

LEPOEDER (1.337 m) izeneko atakan, ezkerraldera doan pista bat jarraituko dugu, Txangoako sakanaren gainean. Ibilaldiko toki estrategikoa, hemen elkartzen dira GR-65 (Santiago bidea), GR-12, GR-11 eta HRP edo Pirinioetako Goi-Bidea. Lepoederretik I-ra joanda, LEIZAR ATEKA (1.409 m) tontorrera irits gaitezke. Pagadian barrena igaro eta Luzaide aldeko isuraldean sartuko gara, Menditxipi bere magaletik inguratuz.

Elizatxareko galtzada erabiliaz (oso egoera txarrean dagoena) Bentartea lepo ospetsura iritsiko gara. 200. mugarria. 201.ean Bodarrai iturri eskuzabaletik edaterik izango dugu. Mugarriak jarraituz ARNOSTEGI leporaino iritsiko gara (1.236 m). 205. mugarria. URKULU (1.419 m) mendiko mazelak H-tik zeharkatuko ditugu. Bere gainean dagoen dorre zilindriko erromatarra ikus daiteke, Pompeius enperadore zeneko garaietan eraikitakoa.

Azpegiko txaboletaraino jaitsi baino lehen, SOROLUZE lepora iritsiko gara. Trikuharri bat eta harrespil batzuk bertan daude.

AZPEGIKO saroea (1.050 m) txabola gutxiz osatua da. Milaka urtetan zehar, gizakiak bertako zelai oparoak erabili ditu artzantzarako, eta horren lekuko inguruko monumentu megalitiko ugariak ditugu. Pixka bat aurreraxeago, Orbaitzetako Olara doan pistarekin topatuko gara. 2 Km I-rago, Organbide lepoa kokatzen da, non trikuharrian eraikitako 212. mugarria dagoen. Azpegirako pistatik jaitsi eta basoan sartuko gara.

ORBAITZETAKO OLA (849 m), Aezkoa bailaran dagoena. Etaparen amaiera. Urkulu Ostatua bertako taberna bakarra dugu.


 Kartografia


  • Valcarlos, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • Garralda, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas: Pto. Ibañeta - Fábrica de Orbaizeta. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar). Eskala: 1:50.000.

 Bibliografia


  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 1. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1991).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 4. La Gran Travesía de la Divisoria. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1988).
  • Euskal Herriko 100 Gailur eta Mila Txoko. 108. ibilbidea. L. P. Peña Santiago. Elkar (1990).
  • Euskal Herria. Mendiak eta Historiaurrea. Jacques Blot. Elkar (1993).
  • Roncesvalles. Navarra. Temas de Cultura Popular. Nº 57. Gobierno de Navarra. (1991).


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1