5.- Arlaban mendatea - Otzaurte

—Larunbata,
1995eko ekainak 4—


 Elgea eta Artiako kordaletatik Otzaurteko mendateraino


Jadanik, atzean dira Gorbeia eta Anbotoko mendiguneak; bosgarren etapa honetan oraingoan, Aizkorri Mendian barrena mugituko gara, Elgea eta Artiako mendietatik ere igaroko gara. Aizkorriko gailurreriaren konpainia izango dugu ibilbidearen zati handi batean, gure ondoan paraleloan igaroko baita gu Araba eta Gipuzkoaren arteko mugatik zehar gabiltzan bitartean.

Txilarrez inguraturik, bidezidor ezkutuetako paraje bakarti hauek Arantzazurako pelegrinazio askoren lekuko izan dira, Araozeko San Eliaserako egiten ziren erromesaldiak, Ebanjelioak jasotzera Barriako monasteriora zihoazen erromesen pelegrinazioak, Artiako San Juanen Benta aterbetzat hartuz, Banalerroa zeharkatzen zuten mandazainen joan-etorriak ...

ARLABANgo MENDATEA (598 m).
Gure-Ametsa jatetxearen atzetik marka txuri-gorri batzuk irteten dira, HHE norabidea hartuz mendira igotzen den pista batetan barrena. Pagadien arteko bidezidor batekin topo egin ondoren, bagoaz ibilaldiko lehendabiziko tontorraren bila: ISIKOAITZA (918 m).

San Adriango Ertaroko galtzada
San Adriango Ertaroko galtzada

Arkamo tontorra ezkerretik inguratu (zuhaizti bat inguruan), eta ELGEA lepora iristen gara, eta hemendik bertako tontorrera (buzoia eta erpin geodesiko bat bertan). Han behean Zadorrako urtegia ikusgai daukagu, Landako uhartea ere ikus daitekeelarik.

Txilarraren artean, zuzen zuzenean jaisten den bidezidorra jarraituko dugu, inguratzen duen pista bera ezkerrean geratzen delarik.

Gatzagako mugarri batzuen ondotik igaroko gara; S-5 mugarria URKITZA (917 m) muinoan ageri da. Pistak ezkerreko pinudietatik darrai. Krestatik zehar bertan markatutako bide beretik jarraituko dugu, mugarri berriez horniturik ARRIURDINgo atakara (882 m) iritsi arte. Bere tontorretik igaro bezain laster ezkerraldera jotzen duen bidea hartzeko aukera dugu, DORLETAko Ama Birjinara jaisten dena; baina BERA EZ DUGU HARTUKO. Deba ibaiaren iturburua inguratzen dugu, Banalerroaren kordala ondo hartuz.

Marka hori-txuri batzuk agertzen zaizkigu, Eskoriatzara doazenak. Hauek ere EZ DITUGU HARTUKO. MAKATZGAINeko lepotik gertu, estela bakarti bat txilarraren artean ageri zaigu, tximista batek jota hil egin zen norbaiten oroitzapenean.

LIZARGARATEko iturrira iristerakoan, bidegurutze batekin egingo dugu topo. Hemen, Bolibar, Degurixa, Alabita, Arlabango mendatea eta Arabako ordokiko Elgea eta Ozaeta herrietatik datozen bide guztiak uztartzen dira.

San Adriango koba
San Adriango koba

Alabitak Degurixako artzain-saroien hurbiltasunaren berri dakarkigu, baina guk ordea, gainaldetik jarraituko dugu, MUGARRILUZE (1.104 m) izeneko muino handira iritsi behar baitugu. Bere tontorraren inguruan, izena ematen dion monolito erraldoia daukagu. Harri honek mugarri lana du gaur egun, baina badira monolito hau aspaldiko zutarri bat dela diotenak. Mugarriluzetik bidea erraztu egiten da, argi eta garbi E-ra doazen kordaleko tontor guztiak segitzea besterik ez baitzaigu falta. Muino askoren lerrokada daukagu aurrean, ARTIA (1.175 m) tontorra egin beharreko punturik garaiena dugularik. Aumuategi, Burgamendi eta Sekillaga, azkeneko hau lurrean etzandako beste monolito batekin batera, egindako tontorrak ere izango dira.

Kordaletatik egindako bidea, "ARTIAGABOÑO" seinalea ikusterakoan amaitzen da. Urbiara jaisten den pistarekin topo egiten duen bidezidor bat hartuko dugu. Gu, ASKIOLA pasabide aldera abiatuko gara, 1.200 metrotan kokatzen dena. Pagoen artean ARAIAko galtzadarekin uztartzen gara. Galtzada hau aspalditik erabilia da eta batzuentzat erromatarra den bitartean, beste askorentzat erdi-aroan egindakoa dugu. Ezkerrera joko dugu, Aratz eta Aizkorri mendiak banatzen dituen tunelera iris gaitezen. Gipuzkoako mendateak eta Arabako Zabaldiko herriak elkartzen zituen pasabide ospetsuan gaude. Sandrateiko kobazuloan aurkitzen den baselizaren berriak jada, XI. mendeko erreferentzia zaharretan agertzen zaizkigu.

Gertuan, Euskal Mendi Federakuntzako mendi aterbea kokatzen da (mikeleteen etxe zaharra izandakoa). Bertan iturri bat aurki dezakegu. Aldapa gogor bat jaitsi eta pista jarraituz BEUNDAko (823 m) lepora iristen gara. Bertan, mahaitxo batzuk eta aterbe libre bat.

Laburbidez saihestutako bi bihurgune itxi igaro ondoren, OTZAURTEko mendatera iritsiko gara, Altsasu eta Zegama herrien arteko bidearen ondoan kokatzen dena.


 Kartografia


  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas: Pto. Arlaban - Arantzazu. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar). Eskala: 1:60.000.
  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas: Arantzazu - Pto. Otzaurte. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar). Eskala: 1:50.000.
  • Aizkorri. Aranzadi Zientzi Elkartea. Imanol Goikoetxea (1995). Eskala: 1:30.000.

 Bibliografia


Arlaban-Otzaurte etapa luzearen ondoren, Otzaurten
Arlaban-Otzaurte etapa
luzearen ondoren, Otzaurten
  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 2. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1988).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 4. La Gran Travesía de la Divisoria. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1988).
  • Aizkorri - Euskalerriko Mendia. L. P. Peña Santiago. Elkar (1985).
  • Euskal Herriko 100 Gailur eta Mila Txoko. 35., 37. eta 52. ibilbideak. L. P. Peña Santiago. Elkar (1990).
  • Panorámicas - Montes de Euskal Herria. Miguel Angulo. Sua/Elkar.
  • Ibiltari - Ibilaldi luze bat ondo bukatzeko argibideak. Aralarko Adiskideak (1996).
  • Montañas de Gipuzkoa. Imanol Goikoetxea. Txertoa (1991).
  • Historia de las Vías de Comunicación en Gipuzkoa. 1. Antigüedad y Medioevo. Elena Barrena Osoro. Gipuzkoako Foru Aldundia (1991).
  • Gipuzkoako Karta Arkeologikoa. Munibe Suplemento Nº 7 (Megalitos). Arantzadi Zientzi Elkartea. (1990).


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1