4.- Krutzeta mendatea - Arlaban

—Larunbata,
1995eko maiatzak 6—


 

"... Zeruak kraskatu eta Mari, atakak bortizki errausten dituzten elurrez urratutako hodeitzar ilunen artean, dantzan, aitzinerat doanean. Haizeak, Preste Juanen zakurren uluen berri ekarri eta Ehiztari Erratuaren, Mateotxisturen ziztu oldarkor eta beltz hori belarrian paratzen digunean. Hau guztia herri zahar honetako mendian barrena uztartzen denean, ibiltari gizagaixoari, azkenean, Benta bakartiaren aterberik baino ez zaio geratzen, eta jainkoek betosko jartzeari utz diezaioten itxaron, harat honat, bortxaz, ekaitzak daraman lizar hosto arin bat bezala izan ez dadin ..."

Luis Pedro PEÑA SANTIAGO.


 Jarindo menditik zehar Arlabaneraino


Banalerroaren laugarren etapa dugu hau, Anboto eta Aizkorri mendikateak elkartzen dituena. Laburra den ibilaldi honek duen zailtasun bakarra Jarindo mendiko motzak baina gogorrak diren maldak dira. Inguruak paisaje luze eta zabal ikusteko paradarik ez du eskaintzen, baina negu gorrian barrena ttipi-ttapa oinez ibiltzeak bakardade latz baten dartada berezia ematen du.

KRUTZETA GAINA (690 m).
Aramaioko bailara eta Legutio herriak elkartzen diren mendi-lepoa. Gain bertatik bide zabal bat ateratzen da, aldapa nabaririk gabekoa, muino ttiki bat (724 m) inguratzen duena. Txabola handi baten ondotik igaro ondoren, pinuen artean dagoen kordaletik jarraituko dugu. Hemendik aurrera, pista bera bi alanbre-hesien artean joango da, bi txabolen ondoan igarotzen garelarik. 680 metrotako garaieran, Aramaio-Eskoriatza herrietako MUGARRI batekin topo egingo dugu. Gure aurrean, ordoki zabal bat eta ezkerrean, pagadi bat eraikuntza batekin batera.

Toki honi TXORKOTULAU izena ematen zaio.

Jarindo mendiaren lehendabiziko aldapak pinudi eta pagadien artean aurkitzen ditugu. Geroxeago, gogortu egiten dira, bidegurutze bateraino iritsi arte; eskuinetik JARINDO (895 m) mendira zuzen-zuzen igoko gara. Erpin geodesikoa eta buzoia. Dena dela, ezkerreko bidetik jarraitu daiteke, tontorra inguratzen duten pinuen artean. Muino lerrokada samur batek, beste bidegurutzeren bateraino eramango gaitu; ezkerreko bidea hartu. Ikusgaitasunezko lekuetatik, Leintz bailarako lur eremuak ikus ditzakegu.

MAROTO tontorra (marka txuriak) eskuinean utzi egin beharko dugu, pista batetik jaistearren. Elektra hari handi bat gurutzatu ostean, lepo batera iritsiko gara.

Arlaban mendaterantzako jaitsieran pagadi batean dagoen aisialdi leku bat aurkitzen dugu, mahaiak eta pistaren ezkerrean pittin bat ezkutaturik dagoen iturri batekin batera.

Bukatzeko, langa metaliko bat gurutzatuko dugu, Gatzagain tabernaraino gidatzen gaituena. Metro batzuk jaitsi ondoren, Venta Fría jatetxea, Gatzagako errepidean bertan kokatuta. Errepide honetatik metro batzuk jaitsi ondoren, ARLABAN mendateraino iritsiko gara, Gure Ametsa tabernan ibilaldia amaitu delarik.


 Kartografia


  • Vitoria, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • Elorrio, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas: Pto. Kruzeta - Pto. Arlaban. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar). Eskala: 1:50.000.

 Bibliografia


  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 4. La Gran Travesía de la Divisoria. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1988).


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1