9.- Belate - Urkiaga mendatea

—Larunbata,
1995eko azaroak 11—


 Saioa eta Argintzo mendietarantz


Uren banalerroaren ibilbide handiaren 9. etapa. Etapa honen ibilbideak ikuspegi ezin hobea eskainiko digu, estrategikoki kokatuta izateaz gain hein handi batean ere zuhaitzek panoramika estaliko ez digutelako. Kordalaren muga Ultzama eta Erro ibarrek markatzen dute isuralde mediterranearretik, eta Baztan eta Aldudeko ibarrek, hauek Nafarroa Beherean daudenak, kantauriar isuraldetik.

Gizakiak oso gutxi ukitutako aldea da hau, eta basoak ahal duen guztia gailentzen du.

Belateko zutarrien galtzada
Belateko zutarrien galtzada

KINTOarekin topatzen gara, lehendabizi, Pirinioetako igarobidea den Urkiaga mendateraino iristen baikara, Iruñea eta, Aldude eta Baigorri elkartzen dituena. Era berean, Erro eta Baztan bailaren muga da.

BELATE GAINA (847 m).
Bidezainen etxearen aurrean dagoen langa eta eskailera bat ikusiko ditugu. Zeharkatu ondoren, belardietatik igoko gara IEan. ERMITAKO LEPOan, Ermitagaiña ere deitzen zaiona, badira hondakin zahar batzuk, Belateko Santiagoarenak izan daitezkeenak. XII. mendekoak dira. Eskuinean, BELATEKO MONASTERIOA datza.

Gora doan bide bat hartuz, pagadirantz joango gara. Bidegurutzean ere, gorantz doana hartuko dugu. Erreka batera iritsi gara. Bidezidor batek aldapa gogorrean jarraitzen du.

Gartzagako kasko harritsua gorago dago, ezkerrerantz abiatuta. Gora eta gora segituko dugu, txabola baten hondakin batzuekin topatu arte. Hemen, E-ra abiatuko gara eta aldapa zeharkatuko dugu, GARTZAGA (1.230 m) eta OKOLIN (1.245 m) mendien artean dagoen Gartzagako lepora iristeko. Okolin tontorra saihes daiteke, bere HEko hegaletik igaroz. Gure aurrean SAIOAko (1.418 m) tontor garbia, kordalaren punturik garaiena. Eguraldi ona egin ezkero, gora igotzea gomendatzen dugu.

SAGARDEGI lepotik (1.260 m) Kintoako ikuspegi ezin hobea izango dugu. Saioako hegal malkartsutik jaitsiko gara eta basoan sartuko gara. Bidea pistan bilakatuko da, eta pistatik jaitsiz EURTEI (1.194 m) mendia alboratuko dugu.

ARTESIAGA mendateak ondo gabiltzala den seinale ezin hobea. Hemen Baztan eta Eugi ibarrak elkartzen dira. Errepidearen eraikitze lanek bertan zegoen trikuharria hondatu zuten.

Errepidea zeharkatu eta langa eta alanbre-hesi batekin topatuko gara. Bere ondotik jarraituko dugu, mendia inguratuz.

Olazarreko isuralde mediterranearretik igarotzerakoan, gure aurrean bailara itxi eta polit bat ikusterik izango dugu, OKORO kasko borobilaren begiradapean dagoena.

Gartzaga gainetik hurbil. Saioaren bila
Gartzaga gainetik hurbil. Saioaren bila

Tontorretik gertu, bada —Irurita herria barne— Baztan bailarako ikuspegi onak ematen dituen lepoa. Zuhaitzik gabeko muino batzuetatik igaroz kordaletik jarraituko dugu, pixkanaka pixkanaka E-ra joaz; Argintzoko kasko harritsua jada ikus daiteke.

OIALEGI lepoan (1.080 m) harri batzuekin topatuko gara, eta gure zalantzak agian, baditugu, antzineko historiaurreko aztarna izan daitezkeelakoan edo.

Alanbre-hesia jarraituko dugu BUSTALMORRO (1.180 m) lepoan abandonatu arte. Bertan Kintoako mugarrietako bat ikus daiteke. Gure ezkerrean ARGINTZO tontorra (1.213 m). 1.150 metrotan kokatzen da Argintzoko lepoa dolmen batez hornituta. Alanbre-hesi bat zeharkatuz, alanbre-hesiaren M-an, Argintzoko harrespilak eta Kintoako 90. mugarria ere ikus daitezke.

Ean segi; Aldudeko ibarreko bista ezin hobeak.

Ehiztarien txabolaren inguruetan pista bat aurkituko dugu. Honek garaiera galtzen du pixkanaka-pixkanaka eta Urkiagako sakonera abiatzen da. Lasterbideak ere erabiltzerik badago.

URKIAGA mendatea (912 m). Etaparen amaiera. Ez dago inolako aterberik, eta aduana itxita dago.


 Kartografia


  • Sumbilla, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • Valcarlos, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas: Venta de Ulzama - Pto. Urkiaga. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar). Eskala: 1:50.000.

 Bibliografia


  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar).
  • Euskal Herriko 100 Gailur eta Mila Txoko. 63., 66. eta 84. ibilbideak. L. P. Peña Santiago. Elkar (1990).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 4. La Gran Travesía de la Divisoria. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1988).

 Eta informazio gehiago amaraunean:




Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1