Belate (847 m) - Saioa -
(1.418 m) - Artesiaga (990 m)

—Igandea,
1996ko abenduak 1—


 

Inork agintzen ez didalako
dut maite maite dudana.
Inork agintzen ez didalako
ditut basamortuak eta izarlokak maite.
Itsasontzi noragabeak, gauerdiko biolinak,
ilunabarreko margoa, xoriño hezurttoen higidura,
sagarrondoetan eskegiriko bihotz horiak,
tristura handiegia zaien neskatxak,
eta zure irria, zure irria
eta horregatik bakarrik maite dut.

"Inork agintzen ez didalako".
Joseba SARRIONAINDIA.


 Zutarrien Galtzada


Mendeetan zehar, BELATE gainak Nafarroako lurrak, Lapurdikoak, Nafarroa Beherekoak eta Gipuzkoako kostaldekoak elkartu ditu.

Garrantzi estrategiko handiko mendatea, historian zehar aldaketa anitz jasan izan ditu. Dena dela, eta arraroa bada ere, oraindik dirau Belate zeharkatu zuen galtzada zaharrak. Harriz harri egindako bide handia, lepoaren gainaldean hamazazpi zutarriz seinalaturik dago.

Belateko zutarrien galtzada
Belateko zutarrien galtzada

Badira, Belateko galtzada II. edo III. mendekoa dela dioten ikerleak, hots, erromatar garaikoa dela eta Galiak eta Iruñea elkartzen zituen bidea dela diotenak.

Galtzada BELATEKO SANTIAGOren baselizaren inguruan hasten da nabarmentzen. Bere garaian ospetsu izan zen tenplu honen hondakinak —baliteke XII. mendekoa izatea— zutarri zahar baten ondoan ikus daitezke; gaur egun, zutarri honek Lantz eta Baztan bailararen arteko mugarri gisa erabilia da.

Baselizaren hondakinetatik aurrera eta Belate lepoko punturik garaienean zutarri eder hauek ikus daitezke. Batzuk lurrean ondo sarturik. Beste batzuk puskatuta edo bestela, erorita. Beste batzuk ordea, betirako galduak izanen dira segur aski. Denboraren iragatea da ...

BELATE GAINA (847 m).
Mandazainen etxe zaharraren aurrean langa bat dago. Langa zeharkatu eta IE. norabidean bi pinudi txikien arteko belardietatik igoko gara. Pinudiaren goiko mugaraino iritsitakoan, norabide berean belardietatik jarraituko dugu. Txabola baten hondakinak inguruan. Albotik jarraituko dugu, pinudia behean utziz.

ERMITALEPOAn (926 m), galtzada erromatar zaharrarekin topatuko gara, muga funtzioa duten zutarri handi horiez zedarriztatua.

Zutarriak, eskuinerantz, Belateko Monasterio zaharrerantz doaz baina guk gorantz doan bidea hartuko dugu, pagadian sartuz. Bidearen eskuinean, txabola baten hondakinak ikus daitezke.

Bidegurutzean ere, goranzko bidea hartuko dugu. Bide hau errekatxo batean amaitzen da. Bidezidor batek aldapa gogorrean, sakanaren goialderantz jarraituko du.

Artegi bat duen txabola bat ikusiko dugu. GARTZAGA gain harritsua ezkerrerantz gorago dago. Belardietatik malda oso gogorrean igoko gara.

Inguruan beste txabola baten hondakinak eta lur azpitik irteten diren iturburu ugari ditugu. Aldapa E-rantz, Gartzaga eta Okolin mendien arteko leporantz, hegaletik igoko dugu.

GARTZAGAko LEPOA (1.230 m). Baztan bailarako bista zabala. Kordala jarraituko dugu. Nahi izanez gero, OKOLIN tontorrera igo edo hegaletik zidor bat hartuz jarrai daiteke; nolanahi ere, OKOLINeko LEPOraino iritsiko gara. Hemendik SAIOAren gailurra (1.418 m) ikusiko dugu.

Iruritako etxe bateko ataria
Iruritako etxe bateko ataria

Kordaleko gainaldetik jarraituz, non oso haize zakar eta bortitzak egiten dituen, tontorrera igoz edo tontorra inguratzen duen bidezidorra hartuz SAGARDEGIKO LEPOra (1.260 m) irits daiteke. Anue, Esteribar eta Baztanen arteko muga seinalatzen duen mugarri bat dago. KINTOko panoramika zabala.

Artesiagatik datorren pistaraino jaitsiko gara. Ibilbideak OLAZAR-eko sakana gailenduz, berriz pagaditik jarraituko du.

EURTEI albotik saihestuz, ARTESIAGA (990 m) mendateraino jaitsiko gara: Irurita eta Eugi udalerrien muga da. Hemendik autobusak Iruritaraino eramango gaitu, non urte bukaeran egin ohi den bezala denboraldiari amaiera ematen dion bazkaria ospatuko dugun. Urtea amaitzear dago, baina beste berri bat laster etorriko da. Ezta?


 Kartografia


  • Sunbilla, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas: Venta de Ulzama - Pto. Urkiaga. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar). Eskala: 1:50.000.

 Bibliografia


  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar).
  • Euskal Herriko 100 Gailur eta Mila Txoko. 66. ibilbidea. L. P. Peña Santiago. Elkar (1990).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 4. La Gran Travesía de la Divisoria. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1988).

 Eta informazio gehiago amaraunean:


  • Uren Banalerroaren Ibilbide Handia - Ostadar M. T.-ren deskribapena.
    Saioa eta Argintzo mendietarantz.
    1995eko azaroak 11: 
    Belate - Urkiaga mendatea.


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1