Mendibe Salbatore - Harsüdürra (1.472 m) - Bagargiak lepoa

—Igandea,
1996ko maiatzak 12—


 Mendibe Salbatore Baseliza.
 Ibiltarien aintzinako aterbea


Mendibeltzeko mendigunepean, BURDINKURUTZETAko lepotik hurbil, Mendibeko Salbatore baseliza dago. ELITXAGARAI izenaz ere ezaguna, ibilaldiaren hasiera dugu. Transhumantzia bidea milaka urtetan zehar erabilia, misterioz inguraturik dago. Baseliza hau ere, II. Mundu-Gerra garaian naziengandik ihesi ziren abertzale belgiar askoren aterbea izan zen, euskaldunek lagundurik Pirinioetako H-rako bidean. Eskertza moduan, euskaraz eta frantsesez idatzitako ekintza horren oroit- plaka bat baselizaren paretan ikus daiteke.

Paraje honetan ere Gorpuzti-egunean (Bestaberri Ipar Euskal Herrian), erromeria ezaguna ospatzen da. Arratsaldean, Arrosarioaren ondoren, Gurutze-bidearen eta elizaren inguruan egiten den prozesioa ikus daiteke. Egonaldi bakoitzak zenbait eguzki erako disko zahar harrian tailaturik ditu.

Gure ibilbideak, Burdinkurutzeta eta Bagargiak lepoaren artean dauden Mendibeltzako gandor guztiak zeharkatuko ditu, 1.400 m inguru garaierako lau tontorretara igoz.

Mendigunearen H isuraldea, samurki jaisten da Iratiko arrorantz aldera. Zuberoako eta Garaziko sindikatuek ustiaturiko toki eder hau turismorako erabilia da egun. Aloka daitezkeen zenbait etxe, jatetxe-taberna bat eta GR-10eko Gîte d'Étape aterbe bat dira "Iratiko Turismo-gunea" osatzen duten eraikuntzak, gure amaiera puntua. I. isuraldea ordea, harritzar malkartsu batez osaturik dago, Ilunatzeko ibar hesturantz zorabiagarriki erortzen diren sakan basatiez zulatua.

Aldapa gora, trepadatxo batean
Aldapa gora, trepadatxo batean

MENDIBEKO SALBATORE BASELIZA (896 m).
Estilo erromarreko tenplutik abiaturik (XII. mendea), HE-ko norabidean pagadi baterantz abiatuko gara. Bidetxurra bide zabala bihurtuko da, eta ondoren etxola zuri batera iristen den beste batekin elkartuko da. Hona dator Mendibe herritik datorren zidorra. Bideak bihurgune hertsi bat egin eta Mendibeltzeko ipar magalerantz jaitsiera samurrean abiatuko da.

Km t'erdi ibili ondoren eta basoko argiune batzuk profitatuz, ertzaren hasierarantz garamatzaten aldapa belartsu gogorrei ekin beharko diegu. Behin bertan izaki, oraindik ere gogor eman beharko diogu igotzeari lehendabiziko harrizko muinoa iragateko.

Muinoren goialdean kokaturik, aldats gogorrean belarrezko ertz nabaritik aurrera jarraituko dugu ataka txiki batera iritsi arte. Lepotik, Burdinkurutzetatik jaisten den errepidea ikus daiteke, baita Orhi mendiaren ikuspegi ederra ere.

Aurreko gainera iritsi arte, belarrezko maldetatik ezkerretik jarraitu; ondoren MENDIBELTZera (1.411 m) iritsiko gara. "Cairn" bat tontorrean. I. aurpegian, 1.000 m beherago, Ilunatze eta Inharxuriko bailarak daude.

HE-an eta lepo bat iragan ondoren, TXARDEKAra (1.440 m) iritsiko gara. Zutoin handi bat tontorrean. Burgidoi lepora agudo jaitsiko gara. Bertatik, ARTHANOLATZE (1.530 m) mendi-puska handia ikus daiteke. Burdinkurutzetatik hasita eta ertz osoa jarraituz mendikateako tontorrik garrantzitsuena da. Zuhaitzik gabeko gaina, biribil-biribila Irati aldean, baina malkartsua eta basatia Mendibe aldeko isuraldean. Erpin geodesikoa eta ikur txiki bat tontorrean.

Arthanolatze gaina sartaldetik. Klik egin handiago ikusteko
Arthanolatze gaina sartaldetik.
—© Inaxio Elizegi
Euskal Mendiak—
http://www.argia.com/ehmendiak/
Klik egin handiago ikusteko...
(34 Kbyte)

HARSÜDÜRRA (gaizki deituriko Eskalerak edo Escaliers) tontorrera igotzea baino ez zaigu geratzen. E-an jarraituz, bere gainera iritsiko gara. Behe Nafarroa eta Zuberoa arteko mugan gaude.

Igotzean zeharkatutako lepora atzera egingo dugu. Hemen Logibarretik (Holtzarteko Zintzurrak) datozen GR-10eko marka zuri-gorriak ageri dira, H-an Iratzabaleta (1.246 m) leporantz doazenak. Leku estrategikoa da, non Iratzabaleta errekaren urak Irati ibaira doazen artean, E-ko sorlekuetakoak Bizkaiko Golkorantz abiatzen diren.

Lepo honetatik bi pista irteten dira. Eskuinekoa hartu, ikurrek adierazitakoari kasu eginez. Apur bat geroago bidegurutze batekin topatuko gara, eta basoan goien sartzen den bidea hartuko dugu.

Pista bat zeharkatu eta basoan barrena jarraituko dugu BAGARGIAK lepoan dauden IRATIKO ETXOLetan amaituz. Jatetxe-taberna eta GR-10eko Gîte d'Étape aterbea. Larrañera aldapa gogor eta luzean jaisten den bidea bertatik irteten da.


 Kartografia


  • Mendizar, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.

 Bibliografia


  • Euskal Herria. Mendiak eta Historiaurrea. Jacques Blot. Elkar (1993).


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1