Aldude (370 m) -
Lindus (1.220 m) - Orreaga

—Igandea,
1996ko azaroak 10—


Xalbadorren omenez egindako pastoralaren kartela/afixa (1991ko abuztua)
Xalbadorren omenez
egindako pastoralaren
kartela/afixa
(1991ko abuztua)
—©Euskal Herriko
Kartelak
Txalaparta Arg.—

20 URTE XALBADOR GABE

Urepelen jaioa, bertsolari liriko eta poetikoa izan zen. Bere bizitzaz, familiaz, baserriaz, fedeaz, mendiaz eta naturaz abestu zuen. Apala eta leku guztietan maitatua, bere omenaldi-egunean hil zen. Bihoakio lerro hauen bitartez gure omenaldia.

1967ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan, epaileek Uztapide baztertu eta Xalbadorri jarraitzeko aukera emateagatik, ikusleak erabakiaren kontra agertuz Xalbador ozenki ziztukatu zuten. Hona hemen, horren ondorioz Xalbadorrek botatako bertsoa:

"Anai-arrebak, ez, otoi, pentsa
neure gustora nagonik,
poz gehiago izango nuen
albotik beha egonik;
zuek ezpazerate kontentu
errua ez daukat, ez, nik
txistuak jo dituzute bainan
maite zaituztet orainik."


Fernando AIRE (XALBADOR)
Urepele (1920 - 1976ko urriak 7).


 Lindus lepotik Orreagaraino


Aldudeko bailara ezkutua Baztaneko mendiez, KINTOkoez zein Ibañeta mendatekoez inguraturik dago. Aldude eta Haira ibaien arroa jarraituz, Banka, Aldude eta Urepele herri txiki eta bitxiak bailararen barruan biltzen dira.

Gure asmoa, Aldudetik irten ondoren Otsamuño mendia eta, Ibañeta mendatea eta Lindus lepoa lotzen dituzten kordalak jarraitzea izango da.

Lepoz lepo, usategiz usategi joango gara, pagadi handietako udazkeneko orbela zeharkatuz. Panorama zabalak Autzatik Adartzarainoko paisajea, Albatik Altabizkar eta Ortzantzurietako antenarainokoa erakusten ditu.

ALDUDE (370 m).
Aldude ibai gaineko zubitik irten eta N. 648 errepidea UREPELE aldera jarraituko dugu. Lore gorriz eta hostoz apaindutako fatxada duen etxe baten ondoan, eskaileratxo batzuetatik igoko gara. Hauek HE-an abiatzen den harrian egindako bidezidor batera eramango gaituzte.

Txabola bat eta polea-sistema bitxiko usategi bat dauden lepo batera iritsiko gara. Eskuineko muinoa inguratzen duen zidorra hartuko dugu. Bidegurutze batera iritsitakoan, eskuinera joko dugu.

Bidea zabala da eta errepide estu batekin elkartzen da. Beste txabola bat ikusten dugu. Errepidea zeharkatu ondoren, IE-an sasi eta garo artean alanbre-hesia jarraitzen duen zidor batetik igoko gara. Errepidera itzuliko gara. E-rantz jarraituko dugu marka hori batzuk jarraituz, aska bat eta zelai batzuk dauden inguru batera iristeko.

Ezkerretik, hegia zeharkatzen duen bide nabari bat hartuko dugu eta aldapa igoz OTSAMUÑO eta ERTOLA mendien arteko MIZPIRA lepora (832 m) iritsiko gara.

Josemari Unanue ibilbideko Linduserako kordaleko basoan
Josemari Unanue ibilbideko Linduserako
kordaleko basoan

Gailurreriaren ezkerraldetik beste bide bat hartuz, HE-rantz samurki igoko gara. Muino txiki bat igo ondoren, MEHARROZTEGI (738 m) lepora iritsiko gara; Bankatik datorren baso-bidea eta ganadurako porlanezko zenbait esparru ere lepoan aurkitzen dira.

H norabidean, zuhaitzez inguraturiko bide bat hartuko dugu, zeina ezkerrerantz alboratuz gailurreriara pixkanaka igotzen den. Jaisterakoan, baso-bidea topatuko dugu. Bidea zeharkatu eta muino bat igaroz, TEILARI lepora (932 m) iritsiko gara.

Gauzarik errazena, kordaleko gailurreriatik jarraitzea da, basoa eremu garbia baita. HE-ra jarraituz, HAUZAI lepora (965 m) ailegatuko gara. Bidegurutze bat bertan. Goian, ehiztari txabola bat dakusagu.

Ezkerrean bide bat hartuz, 20 minutu igoera samurrean ibili ondoren BURDINKURUTZ (1.092 m) lepora iritsiko gara. Txabola bat eta beherago ehiztari aterbe bat bertan daude. Mugan gaude eta 152. mugarria ikus daiteke. Basoaren parean jarraituz, mazela aldapatsu batzuetatik HE norabidean igoko gara.

LINDUS (1.220 m) tontorra igoko dugu: hobi bitxi batez inguraturik dago. 1995eko buzoia eta 153. mugarria. HE-rantz, alanbre-hesia jarraituko dugu.

Zenbait pista agertuko zaizkigu. Guk burdinesi metaliko batetik igarotzeko, alanbre-hesia jarraituz jaisten dena hartuko dugu. Pista hau besterik ez zaigu falta IBAÑETA mendateraino (1.057 m) iristeko.

Baseliza bat eta Errolanen oroimenezko monumentua. Baselizaren inguruan marka hori batzuk ikusiko ditugu, ondoren marka zuri-gorriarekin topatuz. Berau jarraituz ORREAGAko Kolegiata eta Aterberaino berehala jaitsiko gara.


[...]
"Anai-arrebak, entzun ere aho hotsa:
izaite bat ez daike hezur hutsez osa;
herri da gorputza, hizkuntza bihotza;
bertzerik berextean bitarik bakotxa,
izaite horrendako segurra hil hotza."
[...]


Fernando AIRE (XALBADOR)


 Kartografia


  • Valcarlos, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • Ori-Belate. C. D. Navarra. Eskala: 1:40.000.

 Bibliografia


  • Montañas del País Vasco. Tomo 2. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1988).


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1