Lizuniaga mendatea -
Atxuria (756 m) - Zugarramurdi

Igandea
1996ko otsailak 11


 Zugarramurdi, sorginen herria


1610. urtean, Euskal Herria maiz beldurtzen zuten sorginen kontrako harrapaketetariko bat Lapurdi ondoko Nafarroa iparraldeko herrietan barrena zabaldu zen. Urte honetan, Inkisizio Santuak Zugarramurdiko 40 lagun epaitu zituen Logroñon, sorginak, aztiak edo akelarretan deabruarekin jokoan aritu omen zirelako karguen pean. Hauek jaso zituzten zigorrak denetarikoak izan ziren, zenbaitzuk ere sugarretan hil zirelarik.

Zugarramurditik Km erdira baino gertuago daudelarik, SORGINEN LEIZEAK inguruko multzo karstiko handiaren zati dira. Haitzuloak, Sara herrira zihoan aintzinako bidean kokatzen dira, eta bidearen tarte bat ere osatzen dute.

Ibilaldi honetan, Ibantelli eta Atxuria mendiak lotzen saiatuko gara. Atxuriaren harearrizko harresiaren bizkarra Irumugak lepoan H-rantz ebakitzen dela-eta, eskualde osotik erraz ikus daiteke.

Atxuria tontorra
Atxuria tontorra.
—© Inaxio Elizegi,
Euskal Mendiak—
http://www.argia.com/ehmendiak/

Antzina ingurua basa eta oihandarra izan bazen ere, egun eskualde honetako baserriak elkarrekin komunikatzen dituzten bidexkek tontorreratze urratsak errazten dizkigute. Hurbilpena bai Etxalarretik, bai Zugarramurditik, baita ibilbide hasiera dugun Lizuniaga mendatetik ere egin daiteke.

LIZUNIAGA LEPOA (230 m).
Bentatik abiatuta, errepidea zeharkatu eta HM-eko norabidean irteten den bide zabala hartuko dugu. Apur bat geroxeago, pinudi baterantz aldapa gogor samarrean gorantz doan bide buztintsu batetik igoko gara. Igo eta M-rantz basoaren ondoan doan beste batekin topo eginen dugu. Errekatxo bat zeharkatu bezain laster, ezkerrera jo eta HHM norabidean bi pistetaraino garamatzan belardi batetik igoko gara. Gorantz doan pista hartu eta bertatik igoko gara metro batzuetan zehar. Hala ere, laster abandonatuko dugu eskuinera jo eta bidezidor nabaririk gabe gora igotzeko. Pago multzo batera iritsiko gara. Berton zelaigune baten aurrean gaude, non Nafarroa eta Lapurdi herrialdeen arteko muga agertzen zaigun.

Lehendabiziko harri multzoa igoko dugu, Ibantelli (698 m) tontor harritsuraino azkeneko urratsak eginez. Larrun mendia, Donibane Lohitzuneko badia, Bidasoa bailarako ... ikuspegi ezin hobea. Jaitsiera H norabidean egingo dugu, beti ote artean horren nabariak ez diren bidezidorrak bilatuz.

Lizarrieta mendatea sakonean argi eta garbi ikus daiteke. Errekaren ondoan dauden haritz batzuengana iritsi behar dugu. Pasabiderik egokiena basotxoaren barruan aurki dezakegu, non erreka zeharkatu ondoren Lizarrieta mendatera garamatzan bide bat hartzen dugun. LIZARRIETA edo ZIZAIETA (441 m) mendatea, Etxalar eta Sara herrien arteko muga.

Errepidea zeharkatu eta HHE norabidean mugarri batzuk jarraituz doan pista zabal batetik joango gara. Ezkerrean "Etxalarreko Usategi Dorrea" uzten dugu. NABARLATZ lepoan (50. muga) pista utzi eta mendiaren bizkarrean HE norabidean abiatzen den bide zahar batetik jarraituko dugu.

Irumugak (Trois Bornes) lepoa, atzean Atxuria
Irumugak (Trois Bornes)
lepoa, atzean Atxuria

470 metrotan kokaturik, bidegurutze bat aurkitzen dugu. Ganaduarentzako saroe bat ere ikus daiteke. Hasiera batean bidexka izan eta ondoren pistan bilakatzen den bidetik jarraituko dugu, sakana inguratuz IRUMUGAK (Trois Bornes) izeneko lepora iritsiz.

Atxuriaren (edo Peña Plata) magalean gaude. Hemendik ere, Ibañeta lepotik igaroz Zugarramurdira doan bidea agertzen zaigu.

Eguraldiak lagunduz gero, konglomeratuz zipriztinduriko zelai aldapatsu gogorrak igoko ditugu, lehendabiziko paretetaraino iritsi arte. Ezkerrera jo eta harresia inguratuz gainaren azpian kokatuko gara. Eskuinerantz doan aldaparik gabeko bidezidor batek korridore erraz batera garamatza. Pasabidetik igaroz, Atxuria gainean gaude. ATXURIA (756 m). Erpin geodesikoa. Sara eta Zugarramurdi arroen ikuspegi ederra.

Jaitsieran, laranja-hori koloreko marka batzuk segituko ditugu, hegaletik inguratuz IBAÑETA (512 m) lepora iritsiz. Trikuharri bat eta zenbait aztarna arkeologiko bertan. Pinudian sartzen den bide zabala hartuko dugu. Erreka zeharkatzerakoan, zedarriek errekaren ubidea jarraitzea adieraziko digute. Bidegurutzean, eskuinera jo eta ZUGARRAMURDIko etxeak begiztatuko ditugu. Hilerriaren ondotik pasa den bidera iritsi, eta 5 minuturen buruan herrian izango gara. Aparkalekua, plazatik baino pixka bat beherago dago.


 Kartografia


  • Vera de Bidasoa, 65. mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • Aitxuria (PR/NA 15). Bailara lasaiak. Bertiz Partzuergo Turistikoa.

 Bibliografia


  • Aitxuria (PR/NA 15). Bailara lasaiak. Bertiz Partzuergo Turistikoa.
  • Euskal Herria. Mendiak eta Historiaurrea. Jacques Blot. Elkar (1993).


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1