Aosta Bailara. Pont - Vitorio
Enmanuel II aterbea - Gran Paradiso (4.061 m)

—Santiago zubia,
1996ko uztailaren 25-28an—


Maite ditut gallurrak
argiak ez beste ...
Ai, egaztia banintz
gañik-gain nenbilke!


MENDI-GAÑA
Xabier LIZARDI (1920).


 Gran Paradiso (4.061 m)


I-an MONT BLANC eta H-an DAUPHINÉ mendiak dituela, mendi trinko eta sendo hau, GREES ALPEetako tontorrik garaiena dugu. Inguruko mendien artean ezkutatzen delarik, soilik urrutian kokatzen diren mendietatik ikus daiteke.

Bere izenak neurrigabe eta ukigabeko unibertsoa gogorarazten digu, aintzira lasaiez, gailurreria malkartsuez eta morrena bakartiez osatua.

Celia eta Luismi hormagunean. Atzean Paradiso tontorra
Celia eta Luismi hormagunean.
Atzean Paradiso tontorra

Ez da beragana zailtasunik gabe iristen. Pont-eko estazionalekutik tontorrerainoko 2.000 metroko igoera oinez egin behar dugu-eta.

Igoeran harri soltea eta elurtegiak aurkitzeaz gain, 35º-ko aldapak ere igo beharko ditugu. Azkeneko metroek harrian eginiko 1. eta 2. mailako eskalada eskatuko digute.

ATERBERAKO IGOERA.
PONT-etik bailaran sartzen den bidezidor zabal bat hartuko dugu. Ezkerrean uhar bat utzi ondoren (E.), bailararen isuraldetik baso garbian sigi-saga igoko gara. Zenbait larre eta morrena igaro ondoren, VITORIO ENMANUEL II izeneko aterbera iritsiko gara, 2.775 metrotan kokaturiko upela erdi itxurakoa.

TONTORRERAKO IGOERA.
Aterbetik I-ko norabidea hartuko dugu eta harri-blokez beteriko ingurua igaro ondoren Gran Paradiso peko hormaguneko MORRENetara iritsiko gara. Hauetatik igo eta elurrez estalitako bailaratxo batetik pasa ondoren, hormagunearen amaierako mihira iritsiko gara.

Hormagunearen eskuinaldetik igoko gara eta harrizko ertz baten ezkerretik aldapatsuago den izotzez estalitako maldatik jarraituko dugu (izotza gailurreriatik trepada eginez saihestu daiteke). Harri ez oso egonkorrak daude inguruan.

Igotzerakoan, geroz eta estuagoa bihurtzen den ordeka batera iritsiko gara, BECCO DEL MONCORVÉ tontorraren aurrean hormagunearen ertzetik dabilena, hegoaldeko seraken bazterrean.

Iñaki lehen planoan. Denon argazkia, hormaguneko morrenetan gaudela
Iñaki lehen planoan. Denon
argazkia, hormaguneko morrenetan gaudela

Aldapa maldatsuagoetatik I-rantz igoko gara, errimaiera iritsiz; ustez arazorik gabe pasa ondoren, azkeneko zatian oso aereoa den harrizko ertz bat igo beharko dugu. Aurregainera iritsiko gara, PUNTA DE LA MADONNA (4.058 m) izenekoa. Zenbait mendizalek soilik tontor hau aukeratzen dute, bere garaiera eta Paradisorena oso antzekoak direlako.

15 minutuz eskalatu ondoren, tontorrera iritsiko gara, urrutiago dagoen gaineko ertzeko IM-an kokaturik.

Mont Blanc mendiaren ikuspegi ederra IM-an, VALAIS-eko muga gailurreria IE-an, Dauphiné eta BARRE DES ECRINS-a HM-an eta MONT VISO H-an.

Bakartutako Gailur Handien sailean, Barre des Ecrins izeneko mendigunea ere oso gomendagarria da. Gailurreria zorrotzez eta izozturiko paretez osaturiko multzo hau, hormaguneen nahiko gainetik geratzen da. Mendigune honetako ia gainazal osoa Parke Nazionala izendatua da. Bide arrunta Ecrins-eko (3.170 m) aterbera iristen da.


 Kartografia


  • Gran Paradiso. Aosta Bailara. Eskala: 1:50.000.


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1