Trebiñoko Konderria.
Saseta (704 m) - Mendiola

—Igandea,
1996ko urtarrilak 21—


 Trebiño: Bide handien topagunea


TREBIÑO: Euskal Herriko leku bakartuenetariko bat. Izan ere, bertan topo egin eta Euskal Herriko txoko guztietara zihoazen hamar bide horiek ezabatzen ari dira. Izan ere, Trebiñok jadanik ia gotorlekurik ere ez duela ez daki. Trebiñoko gaztelua, harri koxkor baten gainean kokatzen zen. Ia ez da ezer ere geratzen. Dagoeneko, Fernando Katolikoaren gudalozteen kontra horrenbeste gatazka gogor etsi gabe, eutsi zuen gazteluaren harresi puskak besterik ez dira geratzen.

Bere tontorretik ikus daitekeen paisajea —Badaia eta Kantauriko Mendiak barne— zabala da. Hilerrian, ilargiari besarkaturik, negarrez ari den eguzki baten marrazkia omen dago. Ez dakigu zer esan nahi ote duen, ezta ere zein sentimendu gordetzen duen.

SASETA (704 m).
Lur antzu eta gogorrak zabaltzen dira gure aurrean. Galduriko bideak. Jada, ez da ezer geratzen "mandazainen bideaz". Saseta, Mendiguerriko mendien aurrean eta Ayuda ibaiaren arroan kokaturiko herrixka ezkutua.

Bakardadea? Behin batean, herrixka bateko apaiz batek bakardadeak kosk egiten duela esan zuen. Mendi hauetako paisajeak hitz hauek gogorarazten dizkigu.

Ayuda edo Ibaiuda ibaia zeharkatuz, herri gunetik irteten den pista bat hartuko dugu. Samurki garaiera irabazten duen arren, Km bat aurrerago abandonatuko dugu eta eskuinerantz alboratzen den bide zabala hartuko dugu, haritzez inguraturik MENDIGUERRI mendietarantz doana. Bideak, soro eta zelaien artean kokaturiko pista batera eramango gaitu. Ereintza handi batera iristerakoan, eskuinera jo eta alanbre-hesia zeharkatuko dugu.

Bizkarrez bizkar segi eta beste pista batekin topatuko gara. Alanbre-hesi bat aurkitu eta zeharkatuko dugu. IIM norabidea mantentzen saiatuko gara, bidea AJARTE herrixkarantz baitoa. Ipuru, arte eta haritzez osaturiko basoa ikus daiteke.

Zelaiez osaturiko toki guztiz bakartiak dira. Soilik, ipuruetan pausaturiko eper bakan batzuk apurtzen dute isiltasuna.

Eremuan ia nabaritzen ez den bidea jarraituko dugu. IIM-an segituz, Ajarteko atakara iritsiko gara (860 m). Behean eta ezkerrean, AGUILLO herria ikus daiteke. Maldatxo bat igotzerakoan, Ajarteko teilatuak bistan izango ditugu. Kontu zaharrek bertan "El Vasco" deitzen zuten artzain bat bizi zela diote. Baliteke jatorriagatik, edo agian euskaraz mintzatzeagatik izatea. Nork daki?

Kordal hauetako gainaldetik, Palogan mendiko mazeletatik M norabidean jarraituko dugu. Aldapa motz bat jaitsi bezain azkar, BORGONDOko baselizaren hondakinekin topatuko gara (760 m).

Matxin Berrobi ibiltari erromes nekaezinak, baseliza honetan igarotako uneen berri eman zigun. Leku garai batean kokaturik, Trebiño osoko paisajea gailentzen du. Dena dela, Borgondoko baseliza hondakin besterik ez da. Lapurtua, errea, hondatua izana, lapurreta eta uztasunaren lekuko bortitza eta krudela dugu.

Borgondoko Ama Birjinaren omenezko erromeria abuztuaren 15ean ospatzen zen, eta beragana zuzentzen ziren inguruko laborariek lehorteak gogor jotzen zuenean.

Hemendik aurrera, goitik segi edo bestela, OTXATE herri abandonatutik pasa gaitezke. Azkeneko urteetan, bertan jazo omen diren gertakizun paranormalak direla medio, herri ezaguna bihurtu da. Hemendik jarraituz gero, SAN VICENTEJOra iritsiko gara. Bere eliza, Arabako arte erromarreko adibide onenetarikoa dugu.

LOS OLLEROS sakana inguratzearren, IIM norabidea jarraituko dugu. Sasiz zipriztinduriko hegi batetik igo eta pista batekin topatuko gara. Alanbre-hesi batera iristerakoan, ezkerra joko dugu. Urrutian, Gasteizko mendiak ikusgai.

Pista hauetatik I-ko norabidean mugituko gara. Bidegurutze batera iristerakoan, basoan sartzen den ezkerreko bidea hartuko dugu.

Bidea malda gogor batetik igotzen hasten denean, abandonatu eta basoan sartuko gara, beste bide batera irteteko. Bidegurutzean eskuinera jo eta MONASTERIOGUREN eskuinean uzten duen asfaltaturiko pista batekin topatuko gara. Pista jarraituz, MENDIOLAra jaitsiko gara, Ilarizu mendiaren hegaletan kokaturik dagoen Gasteizko auzoa.


 Kartografia


  • La Puebla de Arganzón, 138. mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.

 Bibliografia


  • Euskal Herriko 100 Gailur eta Mila Txoko. 17. ibilbidea. L. P. Peña Santiago. Elkar (1990).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 7. La Ruta del Peregrino. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1989).


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1