Kantabria - Mierako bailara.
Calseca - Porracolina (1.408 m)

—Igandea,
1996ko apirilak 21—


 Porracolina, Kantabria sortaldeko mendietako bat


Tontor ikusgarri hau Miera eta Asón ibaien arteko isuraldeen banalerroan kokatzen da, inguruko mendi-puntarik garaiena delarik. Uren banalerroa den mendikatea PICÓN DEL FRAILE mendian hasi ondoren Irantz abiatzen da, 1.400 m inguruko garaiera mantenduz Porracolina kaskoan amaituz.

Tontor honetara igotzeko egin beharreko gainbehera nabaria da beti, horretarako hautagai ditugun ondorengo lau aukera hauetatik egin daitekeelarik:

  • Miera bailaran kokaturik dagoen Calseca (550 m) herrixkatik gora.

  • Calsecarekin batera errepide berberaz loturik dagoen Valdició (682 m) herrixkatik gora.

  • ASÓN herritik (250 m), Rolaciako sakanetik igoaz tontorretik hurbil dauden Sotombo-ko etxola garaietaraino.

  • Porracolinaren zirkoan gora
    Porracolinaren zirkoan gora
  • LUNADAko atakatik (1.350 m), Asón eta Miera ibaien bailarak banatzen dituen ibilaldi interesgarria egiteko, mendi-kaskoak banan banan igotzen dituena: Pizarras (1.472 m), El Carrillo (1.456 m), Porracolina (1.408 m) ...

Guk azkenean, Calseca herrixkatik aurrera irteten dena aukeratu dugu, SAN ROQUE DE RIOMIERAtik gertu dagoen herria hain zuzen, mendiaren inguruan bira eder bat egiteko.

CALSECA (550 m).
"Lunada" izeneko kanpina eta ostatuaren inguruan, Miera ibaiaren gaineko zubia zeharkatu eta bidegurutze bateraino iristen den bide hestu batetik igoko gara. Bidegurutzean, eskuinalderantz VALDICIÓrantz jarraitzen du bideak. Guk ordea, ezkerretik hartuko dugu. Lehendabiziko etxoletaraino iristerakoan, bidea amaitu ondoren, ordokitxo batera iristen den pistatik jarraituko dugu. PASO MALO-ko sakanean barrena sartzen den goiko bidea hartuko dugu —IE norabidea mantenduz— goian igartzen den leporantz abiatuz.

Lizar batzuen ondoan dauden larre eta etxola batera iristen garenean, HE-rantz abiatuko gara beste sakan batetik igaroz; oraingoan aldapak gogorragoak bihurtzen dira.

Bidezidor nagusia badagoen arren, EL MORTERO (975 m) izeneko zirko ederreraino garamatzaten beste bidexka anitz ere baditugu; zirkoan zenbait etxolez osatutako taldea eta berde bizi koloreko larreak ikus daitezke.

E-rantz ibiliko gara belarrez estalitako mazeletan zehar, LA PORRAko eta PEPIONESeko gainen artean dagoen LEPOra (1.200 m) iristeko. Lepo honetatik bestaldera, Asón bailara aldeko mendiak ditugu. Porracolina ikusgai dugu gure aurrean, estratu bertikalak osatuz sakanerantz erortzen den bere hegi luzearekin. Tontorraren gainaldean ordea, kararriz osaturiko harresia dugu.

Euge Porracolina tontorrean
Euge Porracolina tontorrean

1.200 metrotan kokaturik dagoen lepotik aurrera, HM norabideko bidezidorra jarraituz, 1.300 metrotan kokaturik dagoen beste bigarren LEPOra iritsiko gara, non agian sasoi honetan, lepoan dauden troka edo lezeak elurrez estalirik egon daitezkeen.

Gainera igotzeko, PORRACOLINAren (1.408 m) HM ertzetik gora abiatzea besterik ez zaigu falta. Santurtziko mendi taldeak ipinitako aterbe itxurako buzoia eta eroritako erpin geodesikoa tontorrean. Santanderreko badiaren, Europako Mendien, Gorbeiaren, Anbotoren ... ikuspegi ederrak.

Zirkuitua osatu ahal izateko, ondoren, belardietatik bidezidorrik gabeko aldats gogorrean jaitsiko gara H-rantz. 1.100 m garaierako inguruetan M-ra zuzenduko gara erreka baten ubide agortua jarraitzeko, era honetan Calseca sakanean barrena sartuz.

Etxola batzuk dauden zonalde batera iritsiko gara; linea elektriko bat ikusten dugunean, elektra-dorreek osatzen duten norabidea jarraituz jaitsiko gara, igoerarako izan dugun irteera-ibarrera bueltatuz.

CALSECAra itzuli gara. Autobusa gure zain dugu bertan.


 Kartografia


  • Villacarriedo, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1