7.- Lizarrusti mendatea - Lekunberri

—Larunbata,
1995eko irailak 2—


 

"Sastarriren hego hegalean, zuhaitz, belar luze eta kare-harri artean aurkitzen da Sastarriko haitzulorako edo Sastarrikokobearako harrigarrizko sarrera. Zulorako sarreraren garaiera 895 m-koa da. Barruan daukan aintziratik datorkio ospea haitzulo honi, eta honetxegatik ulertzen da inguruko artzainek ur eskasiarik sekula ez izana, ezta lehorterik handienean ere.

Joxemiel Barandiaran
—© Barandiaran Fundazioa—
http://www.barandiaranfundazioa.org

Aintziraren beste aldean, haitzuloak galeriak izango zuelako ustetan, edo bederen, horixe ikertu nahian, 1953-55. urteen artean etorkizunean eratuko zen "Aranzadi Zientzi Elkarteko Espeleologia Saile"-ko bi lagun —Luis Pedro Peña Santiago horietako bat zelarik— txalupa pneumatiko batean, aintzira gurutzatu zuten lehen lagunak izan ziren.

Baina lagun biok ez ziren ez harritu kontrako ertzean galeriarik ez aurkitzeagatik. Urte batzuk geroago jakingo zutenagatik baizik. Haitzuloa zeharkatu zuen lehen gizasemea, gure herriko kultura berreskuratzeagatik hainbeste zor diogun Joxe Miel Barandiaran apaiza gazte eta ausarta baino ez zen izan. Hamarkada batzuk lehenago, eskutan kandela-argi bat zeramalarik —halaxe egin zuela esan baitzion arkeologo ataundarrak Peña Santiagori—, apaiza maitagarri honek igerian zeharkatu zuen Sastarrikokobeako aintzira. Tradizioak zioenez, ikazkin batzuk abandonatutako erremintak aurkitzen ziren kobaren beste aldean. Kontrako ertzera iristean, ezer ez zegoela ikusterik eta argitzerik izan zuen, eta halaxe da, Aralar Mendiak, mendi magikoak gordetzen dituen beste kondaira anitzetako bat hain zuzen."

Laudioko GOIKOGANE M. T.-ko web orritik eta Luis Pedro PEÑA SANTIAGOren —Euskal Herriko 100 Gailur eta Mila Txoko, Elkar (1990)— liburutik hartutako datuak.


 Aralar Mendian barrena


Uren banalerroaren ibilbidearen 7. etapa. Dagoeneko, Gibijo, Gorbeia, Anboto eta Aizkorriko mendiguneetatik igaro gara. Orain ARALAR Mendian sartuko gara, AZPIROTZeko eta LIZARRUSTIko mendateak uztartzen dituen mendialde garrantzitsutik

Putterriko gainean
Putterriko gainean
—© Asier Azarola—

Bertan historia aurreko aztarnategi asko ikus daiteke, eta bere tontor garrantzitsuenetako batean MIEL DEUNAren omenezko baseliza ezaguna kokatzen da, Euskal Herriko tradizioari oso loturik dagoen baseliza. Aralar historia, kondaira, tradizioa eta ohitura elkartzen dituen topagunea dugu, denak Ama Naturarekin loturik daudenak hain zuzen.

LIZARRUSTIko MENDATEA (620 m).
H-ra 200 metro jaitsiz, ELKORRIko sakonean dagoen QUIFOSA fabrikarantz abiatuko gara, gaur egun guztiz abandonatua eta orain dela 50 urte arte tindagaiak fabrikatzen zituena menditik kableen bidez jaitsitako enbor eta egurra erabiliz. Etxaldearen eskuinaldeko azkeneko etxebizitzaren ondotik, —hain zuzen etxea, bost solairuz osaturik dago— eta bere eskuinaldetik, errepidean hasi eta izkutuan dagoen bidezidor estutik eginiko igoerari ekingo diogu. Landaretza —sasi— trinkoz babesturik, zidorrean 50 bat metrotan zehar ibiliko gara, argiune batera iritsiz. Pista handi batera iritsi gara. Ezkerrean metalezko langa bat dago, eta langatik aurrera malda handiko basa-pista honetxetatik gora ibiliko gara. Mendira sartzen den bidean gora joanen gara. Lizarrustiko sakona behean utziz, garaiera ttipi-ttapa irabaziko dugu pago eta haritz ederren artean. Igaratza eta PUTTERRI mendiaren arteko bidegurutzera iristerakoan, IGARATZAra doan ezkerreko bidetik jarraituko dugu, eskuinekoa Putterri tontorrera denbora gutxian iristen den bitartean. Basoa desagertu da, eta APAREINgo zelaietan barrena gaude.

Zonalde karstiko batean sartuko gara, eta basoan berriro ere. Igaratzako eraikin multzoa ERRENAGA (1.288 m) mendiaren azpian aurkituko dugu.

Trikuharri trikuharria, izen bereko lepoan
Trikuharri trikuharria, izen
bereko lepoan

Malloetara I norabidean doan bidea hartu. Guardaetxetik datorren bidea dugu hau. Eurineurgailu baten ondoan pasa ondoren, TRIKUHARRI izeneko lepora iritsiko gara. Bertan izen bereko trikuharri ezaguna. Ezkerretik gaizki deitutako Irumugarrieta (1.430 m) mendirako bidezidorra abiatzen da, Aralarreko gailurrik garaiena, INTZEKO TORREA edo GAINTZEKO TORREA deitzen baitzaio.

E-an, UNAGAKO PUTZUA eta bere ordekatik pasa ondoren, BELOKI mendia eta LERRITZeko parajearen artean dagoen LIZARBAKAR leporaino iritsiko gara. Belardi samurren artean jaitsiko gara; OLATXIKIko txabolak bistan agertzen zaizkigu. Basorantz garamatzaten pista arrasto batzuk segituko ditugu. Garaiera galduz joango gara, eta lehen bidegurutzean, ezkerretik jaitsieran jarraituko dugu. Hurrengo bidegurutzean E-an ere ezkerretik dugu bidea.

Pista bihurgune batetan utzi. Gertu da San Migeleko santutegira doan errepidea. Ezkerretik bidezidor bat hartuko dugu, non belardia gaztainondo eta haritzekin batera elkartzen den.

BARAIBARreko inguruetan, Santutegia eta Lekunberri uztartzen dituen errepidearekin topo egin ondoren, San Migelerantz metro batzuk ibili eta, errepidearen ondoan dagoen langa bat pasa eta, haritz eta gaztainondo artean garaiera galtzen duen bidean jarraituko dugu.

Baraibar, Malloen pean. Egin klik handiago ikusteko
Baraibar, Malloen pean
—© Asier Azarola—
Egin klik handiago ikusteko...
(31 Kbyte)

LARRAUN ibaiko iturburu ederra (Aitzarretako iturburua) gure begibistan dago. Ibaia Km bat ibili ondoren, lur azpian isurbide batetan ezkutatuko da Iribas aldean lur gainera berriro irtetearren, ur asko dakarrenean zelaietan behera jarraitzen ohi duen arren. Iribasera doan bide zabalarekin topo eginen dugu. Lekunberrira doan errepidearen hasieran, eskuin aldetik irteten den ibaira doan pista bat hartuko dugu. Ibaira iritsi gabe, ondoren beste pista bat ezkerrera harturik, Alli eta Iribas arteko bidegurutzera garamatza. Bidegurutzean, Lekunberrirantz aldera goaz.

Lekunberri-Iribas-Baraibar herrien arteko bidegurutzea. Ezkerrean, bide zahar batean zehar joango gara, landaretza askoren pean zabaltzen dena. Azkeneko bidegurutze eta zubira iristerakoan eskuineko pista harturik, Lekunberrirantz, baratz eta etxaldeen artean abiatuko gara.

LEKUNBERRI (570 m). Larraun bailarako hiriburua eta gaurko etaparen amaiera.


 Kartografia


  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas: Pto. Lizarrusti - Lekunberri. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar). Eskala: 1:50.000.
  • Aralar. Imanol Goikoetxea (1990). Eskala: 1:25.000.

 Bibliografia


  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 1. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1991).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 2. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1988).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 4. La Gran Travesía de la Divisoria. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1988).
  • Aralar. Guía Práctica. Imanol Goikoetxea. Txertoa (1992).
  • Aralar - Euskalerriko Mendia. L. P. Peña Santiago. Elkar (1984).
  • Euskal Herriko 100 Gailur eta Mila Txoko. 45. eta 95. ibilbideak. L. P. Peña Santiago. Elkar (1990).
  • Montañas de Gipuzkoa. Imanol Goikoetxea. Txertoa (1991).
  • Euskal Herriko Dolmenak. Angel Armendariz. Kriseilu (1988).
  • Gipuzkoako Karta Arkeologikoa. Munibe Suplemento Nº 7 (Megalitos). Arantzadi Zientzi Elkartea. (1990).


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1