14.- Ollokia lepoa (1.326 m) - Belaguako Aterbea

—Larunbata,
1996ko apirilak 13—


 

Orhiko txoria, Orhira tira! (Nafarreraz)
Orhiko txoria, Orhin laket! (Zubereraz)

—Gaztelerazko "La cabra tira al monte" esaeraren euskal esaera zahar parekoa—


 

Orhiko txoria, mendian galdu eta errekan azaldu!

—Joserra Arriandiaga mediku galdakaoar txit jatorrak Lleidako mendietan, umorez soberan, 1999ko aste santuko arratsalde eguzkitsu batean zorrozki asmatutako ;) gaztelerazko "...de perdidos al río..." esaeraren parekoa, zaharra ez dela inolaz ere. Joserra, non aurkituko duzu hurrengoan Orhiko txoria?—


 Belai eta Arrakogoiti lepoetan zehar


Banalerroaren azken aurreko etapa. Etapa honetan Pirinioetako mendikatearen altxamendua errez nabarituko dugu, zeharkatzen ditugun lepoak, atakak, kordalak ... dagoeneko 1.500 eta 2.000 m artean kokatzen baitira. Inguru hauetan izaten diren lainoek, elurte joriek eta mendiaren orografiak arretaz ibil gaitezen aginduko digute.

Zenbait ataka zeharkatuko ditugu, Belai, Betzula edo Arrakogoitikoak, esaterako. Gertu ditugu Kartxela (Lakartxela bezala ezaguna - 1.982 m) eta XARDEKAGAÑA (1.893 m) kasko zuriak, azkenekoa Zuberotarrek deitzen duten erara. Erronkariarrek ordea, BARAZEA izena ematen diote. Garaia, urdina, H-rantz MINTXATEko zintzurreko bailara zabaltzen du. I-an ordea, arroilan ezkutaturik, Santa-Grazi herrixka dugu, bere eliz erromar eijerrak inguruak ezkila hotsez alaitzen dituelarik.

Arrakogoiti lepoa orain dela gutxi arte, franko erabilitako pasabidea izan dugu, bertatik igarotzen baita Erronkaribarra eta Santa-Grazi elkartzen zituen antigoaleko abelbide zaharra.

Orhiko gainean atsedena hartzen
Orhiko gainean atsedena hartzen

"HIRU BEHIEN ZERGA" ere, Pirinioetako alderdi hauekin oso loturik dago. 1.374an, Erronkaribarreko biztanleek eta Biarnoko Baretous herrikoek borroka odoltsua piztu zuten —Izabako Pedro Karrikak Aretako (Arette) Pierre Sonsoles hil zuen— azkenekoen behiek Pascamon-go iturrian ura edateko omen zuten eskubideagatik. Bakea Ansotarrek bitartekatu zuten arte. Harrez geroztik, 1.375etik gaurdaino urtero ia etenik gabe, uztailaren 13an ERNAZ-eko mendatean 262. mugarriaren (SAN MARTINEN HARRIA) aurrean elkarturik, Biarnokoek Izaba, Garro, Uztarroze eta Urzainkikoei hiru behiko zerga ordaintzen diete (bi Izabakoentzat, bat gainontzekoentzat), Belaguako lurretan 28 egunez ura eta larrea erabiltzearen truke. San Martinen Harria dela eta, lepo honetan aspaldian desagertu zen 3 m inguru luzerako iruinarria omen zegoen, jatorrizko harria zitekeena hain zuzen.

OLLOKIA LEPOA (1.326 m).
7. Km-ko mugarriaren ondoren, behatoki batera iristen gara. Hemendik belarrez estalitako PIKATUA (1.599 m) mendiko mendebal mazelak inguratuko ditugu. Pikatua kaskoa eta Orhiko tunelaren artean, Andrillako sakanetik gora abiatuko gara. Aereoa eta harkaitsua den igarobidea. Arretaz mugitu beharko dugu.

ÜTÜRZEHETAKO LEPOA (zuberotarrek dioten bezala, eta ez Larrañeko mendatea, izen hori izen okerra baita!) (1.550 m). Ibilbideak, tontor aldera E-ko norabidean kordalean zehar garamatza, ehiztari postu batzuk jarraituz. Kordalak segituz, BETZULAko atakara iritsiko gara. 239. mugarria.

Bertan amaitzen da ehiztari postuen lerrokada. Hemendik Gaztarria edo GAZTARRIGAÑA (1.735 m) kaskoa Htik inguratzen duen bidezidorra hartuko dugu; Erronkaribarreko Burgiarte herriko bista ederrak ikus daitezke.

Zuberoako mendirik garaiena, OTSOGORRIGAÑA tontorra (1.922 m) Ieko isuraldetik inguratu ondoren, Xardekako zirkoa aurrean irekitzen zaigu. Malda bortitzean, UTURURDINETA lepora jaitsiko gara. 247. mugarria. Uztarroze eta Larrañe elkartzen zituen bideak hemendik igarotzen dira. Xardekagañaren magalak inguratzen dituen zidor batetik jaitsiko gara. Behean, Mintxateko ibarretik gora zabaltzen den basoaren zabalera ikus daiteke.

HE norabideko malda gogorrean gora, BELAI lepoaren (1.727 m) bila ibiliko gara, Kartxela mendiko mendebal tontorraren azpian erdi ezkutaturik dagoena. Atakan, 250. mugarria ikus daiteke. Ibilbideak burdinazko langa batetik igarotzen den bidetik jarraituko du. Harritzez beteriko inguru batetik ere pasatuko gara.

Otsogorrigaña inguratzerakoan
Otsogorrigaña inguratzerakoan
—© Asier Azarola—

KARTXELAko sortaldeko isuraldetik pasatzerakoan, aldapa oso gogorreko kanal batetik igoko gara. Belaguako bailara eta Santa-Grazi artean GIBELETAko pasabidea (1.700 m) datza, nafar-aragoiar mendikatea piriniarra ikus daitekeelarik.

ARRAKOGOITI leporaino (1.409 m) jaitsiko gara HE norabidean harritzetan zehar. 255. mugarria. Ipar isuraldean ditugu hain ezagunak diren Larrañeko Kakuetako arroilak; eskuinean aldiz, Izaba eta Santa-Grazi elkartzen zituen bidea so egin dezakegu.

Garaierarik galdu gabe, E-rantz jarraituko dugu, Yeguaceros koartelaren gainetik igaroz. Izabatik Aretara doan errepidearekin topatuko gara mendatearen bihurgunetako batean. Bidean gora segituko dugu 10 bat minutu. BELAGUAKO (Angel Olorón) ATERBEA hurbil dago eta bertan gure neke guztiak lasaitzeko parada ezin hobea izanen dugu.


 Kartografia


  • Ochagavía, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • Zuriza, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas: Pto. Larrau - Refugio de Belagua. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar). Eskala: 1:50.000.

 Bibliografia


  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 1. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1991).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 2. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1988).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 4. La Gran Travesía de la Divisoria. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1988).
  • Euskal Herriko 100 Gailur eta Mila Txoko. 67., 73. eta 113. ibilbideak. L. P. Peña Santiago. Elkar (1990).
  • Panorámicas - Montes de Euskal Herria. Miguel Angulo. Sua/Elkar.
  • Euskal Herria. Mendiak eta Historiaurrea. Jacques Blot. Elkar (1993).


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1