Ollokia lepoa (1.326 m) - Abodi (1.520 m) - Berrendi (1.354 m) - Aezkoa-Hiriberri

—Igandea,
1998ko maiatzak 17—


 

Arriskuan zegoelako ustetan eta Lady Viola ohartarazi nahian, honen laguntza-andereak bere gelako ate hertsian bortizki jotzen du egunsentiaren ondoren:
—Nagusi, iratzartzen ari da etxea, egun berria da!

Lady Viola [Will Shakespeare-rekin gaua igaro duelarik] atea ireki, irribarre alai eta zabal batez nagiak atera eta arrapostu ematen du:
—Mundu berria da!!!

—Shakespeare in love (Shakespeare maitemindurik) - 1999—


 Aboditik Aezkoa Bailararaino


ZARAITZU bailara, natur-edertasun harrigarriak dituena, herrixken xarma ORHI mendiaren eta IRATIko basoaren paisaje liluragarriarekin uztartzen ditu.

Irati eta OTSAGIren, Zaraitzuko hiriburuaren artean, 15 bat Km luzerako eta 1.500 m-ko garaierako mendi-hesia dago. ABODIko Mendia luzea eta garaia da, belardiz estalirik, Zaraitzu eta AEZKOA bailaren iparraldean kokaturik dago. Lehen urrun eta bortitza bazen; egun hurbilago dago, Orhiko eta Taplako errepidek sigi-saga erditik eta sortaldetik zeharkatzen baitute.

Negua gogorra da Abodin eta Aezkoan. Familiek sutondoan elkartzen dira udaberriaren zain. Iraila inguruan, artaldeen transhumantzia hasten da, ardiak Erribera aldera, Bardeetara jaisten dira-eta.

Otsagabiako zubia. Klik egin handiago ikusteko
Otsagabiako zubia
—© Carlos Mediavilla—
Klik egin handiago ikusteko...
(35 Kbyte)

Gaur, guk, Ollokiatik, Pirinioetako aurreingurutik irtenda, Aezkoa bailarako bururantz abiatuko gara, BERRENDI mendigunea zeharkatzen duen aldapa samurretako ibilbidetik ibiliz.

OLLOKIA LEPOA (1.326 m).
ADUANA, eta ITZALTZU eta Otsagi LARRAÑE uztartuz, Pirinioak zeharkatzen dituen errepidea.

URTXURIAren arrorantz jaisten den pista saihestuko dugu: pista hau gauden ingurua eta Orbaizta, Iratiko Etxoletatik eta Irabiako uharkatik igaroz elkartzen ditu.

Guk, ordea, samurki gorantz doan ezkerreko pista hartuko dugu. Bitan banatzen denean, eskuinekoa, iraupenezko eskirako erabiltzen dena, hartuko dugu. Beste bidegurutze batean, berriz, aldapa handiagoko eskuinekoa hartuko dugu, oraingoan gainetarantz ibiliz.

Kordalera iristerakoan, eskuineko bidea hartuko dugu; Abodi Mendian barrena sartzen ari gara eta Orhi mendiaren erreferentzi garbia dugu.

Sartalderantz doan bidea zabala da, belarrez estalitako muino biribiletatik igaroz. Eskuinean Iratiko basoa dugu, ezkerrean, aitzitik Zaraitzu bailara. ABODI (1.520 m) gaina bistan dugu eta malda samurrean igoko dugu. Erpin geodesikoa. Gainetatik igaroz, Irabiako uharka eta LIZARDOIAko natur-erretserba, Iratiko bihotzean dagoena so egiten ditugu.

Hemendik aurrera ABODI MENDEBALDAR (1.496 m) gainera, aizkora itxurako postontzia duenera joan behar dugu.

Otsagiko karrikak. Klik egin handiago ikusteko
Otsagiko karrikak
—© Carlos Mediavilla—
Klik egin handiago ikusteko...
(43 Kbyte)

TAPLAko pasabidea behean dago. 1.450 m-ko garaiera. Urruntasunean Berrendiko gainak ikusten ditugu. GOÑIBURU ere aurrean dago, pasabidearen bestaldean. Pasabidera jaitsi eta zeharkatuko dugu.

Belarrezko beste zati batetik jarraituz PASO ANCHO izeneko pasabiderantz abiatuko gara.

ADI IBILI HEMEN. Bidetik jarraitzen badugu, berau Berrendiko hegien peko sakon baterantz abiatuko da; hemendik hartuz gero, pista luze eta maldatsu batetik jarraitu beharko genuke Aezkoa bailarako isuraldera iritsi nahi badugu. EZ GARA HEMENDIK ABIATUKO.

Paso Ancho-tik ordea, BERRENDI (1.354 m) gaineraino garamatzan kordaletik jarraituko dugu. Zuhaitzez estalitako Mendia da iparraldean, hegoaldean harkaitzez estalitako paretek bailarantz behera erortzen direlarik. Tontorretik abiatuta, zuhaitzen arteko bidezidor lausotuak bilatuko ditugu, eta berauek jarraituko ditugu GARAIERARIK GALDU GABE, harrien arteko pasabide estu bat topatu arte; oso argia ez den zidor batek basoaren gureneraino jaitsiko gaitu. Basotik irten eta belarrez eta otez estalitako hegietatik, M-rantz jarraituko dugu. AEZKOA-HIRIBERRI herria bistan dago. 930 m-ko garaieran eraikia, garaiz eta teilatu makurretako etxez, herrian metaturiko etxez osatua, mendiz inguratua, pareten azpian ezkutatua, zaila da berau kokatzea.

Mazeletatik behera jaistea baino ez zaigu falta herriko etxeetarantz iristearren. Autobusa behealdean aiduru, Aribetik datorren errepidearen ondoan dago.


 Kartografia


  • Ochagavía, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas: Pto. Burdinkurutzeta - Pto. Larrau. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar). Eskala: 1:50.000.

 Bibliografia


  • La Gran Travesía de la Divisoria de Aguas. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 4. La Gran Travesía de la Divisoria. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1988).

 Eta informazio gehiago amaraunean:




Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1