Hornijo Mendia (Kantabria).
Astrana - Hornijo gaina (1.228 m) - Riva (150 m)

—Igandea,
1998ko martxoak 15—


[...] Laberinto huntan
non da bukaera
non dago bidea
non dago irteera
batzuek benetan
xelebreak gara
nola heldu ninteke
zorion batera
[...]


Ragga (Zaldibobo, 1992; Hizkiak: Jon Maia)


¿ Bizitza? Bizitza etenik gabeko bilaketa da.
(Luis Miguel González)


 Hornijoko karsta


HORNIJO erliebe leunetako Mendia dirudi. Halakoxea da SOBA bailararekiko duen zelai berde eta goragune apalez hornituriko isuraldea.

RUESGA bailarako isuraldeak ordea, Mortillano eta Rocías haitzeko kararrizko mendiguneak barneratzen ditu.

Nahiz eta itsasertzetik oso urruti ez egon (Santoña eta Laredoko badiak ikus daitezke), Tejesetik Rivarako ibilbidea zaila da, korrituko dugun ingurunea erabat malkartsua baita: lenar zabalak, sakonak, iturburuak non kararria eta basoa uztartzen diren.

Hornijo mendigunean harkaitza nabarmentzen den arren, goialdean pago, eta behealdean arte ugari dago... eta ezkutaezinak diren pinuak ere ikus daitezke.

Inguruotan ba omen dira basurdeak, sai dezente ikusten da eta orkatzen batek edo bestek bizirauten du.

Zalantzarik barik, inguru hau nabarmentzen bada bere erakargarritasun espeleologikoagatik baino ez da. Lurpeko sistema garrantzitsu batzuez horniturik dagoela, Mendi osoa leze eta galeria ugariz zulaturik dago. SAN PEDRO DE SOBA herrian bada espreski espeleologoentzako egina de aterbea, eta antza Espainia osoko ezaugarri hauetako aterbe bakarra da.

ASTRANA (600 m).
Herrixkaren sarreratik, elizaren aurrean ezkerretik irteten eta landaretzarik gabeko ingurunea zeharkatzen duen pista batetik igoko gara.

TORCA DEL MORTERO izeneko sakonaren ondotik igaroko gara, mendiguneko lurpeko sistema handienetako sarrera hain zuzen. Pistatik jarraituz LAS CERRAJAS (900 m) ingurutik, bordaz eta zelaiez zipriztinduriko tokitik igaroko gara; ENTREMAZOS-era, bi haitzen artetik ikus daitekeen pasabidera hurbiltzen ari gara. Alde batetik MAZO CHICO (1.114 m) haitza ezkerrean eta MAZO GRANDE (1.165 m) izenekoa eskuinean utziko ditugu.

Atzean, Soba bailararen gainean, dautza Tiñones, Picón Blanco, Peña Lusa haitzaren gainak, baita Porracolinaren aldapak ere. Urrutirago, Pico del Fraile eta Castro Valnera mendiak ikus daitezke, 1.700 m-tik gora altxatzen direlarik.

Bi Mazoen artetik igarotzean, eskuinaldean dauden LA ESPINA-ko (1.020 m) bordak ikusiko ditugu. Hauek utzi eta epe laburrean, inguratuko dugun sakon itxi batekin topatuko gara. LLANALACUEVA izeneko zulo honek, CELLAGUA izeneko iturburutik husten du ura: 10 Km-ko luzera duela Kantabriako lurpeko sistema sakonenetako bat da.

TEJES (1.050 m) lepora iritsiko gara. Hemendik, bidearen eskuinean dagoen HORNIJO (1.228 m) gainera igoko gara. Belarrez estalitako mazeletatik igo ondoren, azkenik, tontorrera iristeko gainditu behar diren kararrizko irtenuneak zeharkatuko ditugu. M-an, PEÑA ROCÍAS haitzaren kordal bereko PORRA DE MORTILLANO gaina ikus daiteke.

Mortillano gaina ez igotzea aholkatzen dugu; paisaje karstiko ikusgarria da: lurrazala erabat basatia eta bidezidorrik gabekoa izateaz gain, ingurumaria lezez eta pitzadura sakonez beterik dago. Tontorrera iristear gaudela, Rocías herritik datorren ibilbidearekin topatuko gara. Tontorrera joateak eta lepora itzultzeak ibilaldiaren denbora hiru ordutan luzatuko luke.

Lepo honetatik (1.050 m) itsasertza (Santoña, Laredo) ikus daiteke. Zenbait borda dituen HOYO SALZOSO-ra jaitsiko gara; mendiz inguraturiko sakona da. M-tik jarraituko dugu, eta harrien artean abandonatuko ez dugun bidetik jarraituko dugu. Bidea pagadi handi batetik jaitsi ondoren —M-etik berriz ere— HOYO MASALLO-ko sakon handia inguratuko dugu, I-etik irteera duen lepora iritsi arte.

Paraje karstiko ikusgarri batean, zuloz, sakonaz, lenarrez... beteriko inguruan sartuko gara; CARCAJIL zubia gaindituta, Peña Rocías haitz malkartsupeko LA CERROJA-ko (500 m) zakurren zaunkak entzungo ditugu.

Agian lokazturik dauden labirinto baten gisako bidezidorretatik RIVA herrixkara jaitsiko gara. Azkenik iritsi gara (150 m), errepidean amaituz etapa.



Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1