Portillo de la Sía (1.235 m) - Imunia (1.535 m) - Peña Lusa (1.568 m) - Portillo de Lunada (1.350 m)

—Igandea,
1998ko urriak 11—


"Lainoa, lainoa La Sía lepoan,
bailara idilikoko argitasun gardena,
Quintana eta La Gándara-ko
ametz ilun, konkretuak
behean murgildurik geratu dira logura bezala.
Bihotza zabaldu egiten da
harrizko bidea igotzen duen neurrian.
Bide hau, nire aitaren oin nekaezinek
behin eta berriz zapaldu zuten aita artzain koxkor bat
besterik ez zenean, bidea artzain-
eta mandazain- bide bat besterik ez zen garaian...
eta orain ez dut ez albo batera ezta bestera ere ikusten,
atzera, aurrera,
amaordearen ile xerlo zuzengaitzak baino ez,
zerua ukatu eta argia disolbatzen duen
ezabatzailearenak..."

GERARDO DIEGO
(La Sía lepoan dagoen hilarri batean idatzitako inskripzioa)


 La Sía eta Lunada lepoen artean


SOBA bailara KANTABRIAko HE-an kokatzen da, Bizkaia eta Burgos herrialdeekin muga eginez. Alderdi guztiz ederra izan arren, bailara isolatu hau aski ezezaguna da. GÁNDARA ibaiak zeharkatzen du, Asón ibaiaren adarra hain zuzen, baina Sobako lurraldea Miera ibairaino iristen da M-tik, eta baita Calera ibairaino E-tik, Euskal Herriarekin muga eginez.

Bai tontorrek, baita lepoek ere M-rantz doazen heinean altuera irabazten dute: Puerto de los Tornos, Picón Blanco, Portillo de La Sía, Imunia, Peña Lusa, Picón del Fraile eta Portillo de Lunada.

Inguruak duen edertasuna eta natur-interesarengatik, orain dela urte batzuk Soba bailarako mendebalde osoa PARKE NATURALA izendatzeko tramiteak hasi ziren. Hala ere, zoritxarrez, proiektua zirriborro hutsalean geratu zen...

PORTILLO DE LA SÍA (1. 235 m).
Mendatearen gainean dauden ATERBEA —aterbe librea gainera— eta KARTELA baino pixka bat lehentxeago, bide zabal bat hartuz irteeraren hasierari ekingo diogu: uren banalerrotik M-rantz jarraituko dugu, alde batera eta bestera ikuspegi zabala ematen duten landaretza trinkorik gabeko alderditik. Garaiera apurka-apurka irabazten jarraituko dugu eta antena batek garaitzen duen gaineko belardi eta zelaiak zeharkatuko ditugu. Bi ur-putzuz hornituriko lepotxo batera jaitsiko gara. Denbora luzexka baten ondoren LA PEDRAZA (1. 332 m) gainera iritsiko gara; gainean etxe baten itxurako gutunontzi txiki bat ikus daiteke.

M-rantz jarraituz lepo berri bat zeharkatu — argi ibili hemen, marra zuri-gorriak ez galtzearren, hauexek galtzeko errazak baitira nonbait behe-lainoak mendia estaltzen duen egunetan — eta kare-harrizko aldapa gogor batetik jaitsi ondoren — oso irristakorra euria egiten duen egunetan— hormapeko txoko bateraino iritsiko gara.

Aurrean dugun muinorantz jarraituko dugu eta minutu gutxi batzuk igaro ondoren, IMUNIA mendiko magalera iritsiko gara: IMUNIAk bere pareta erraldoia oldarkor erakusten digu. Magaletik oso argi ikusten den bidezidorrari eutsiz, mendiaren E-ko paretatik oinez zein trepada eginez aisa igoko gara. Bidean, zenbait zedarrik gainerako bidea erakutsiko digute. IMUNIA (1. 535 m) gaina, alpetar erako gutunontzi bat tontorrean. Hemen uren banalerroak I-ra egingo du, gainetik igaro eta TRAMASQUERA lepora (1. 400 m) jaisteko.

Orain kare-harrizko hegi batzuetatik igoko gara; ibilbidean marka gorri batzuk topatuko ditugu, LAPIAZ-ingurua zeharkatzeko primeran etorriko zaizkigunak hain zuzen.

Apurka-apurka, PEÑA LUSAra hurbilduko gara. Kono erako tontor —benetan— eder batek gaina eratzen du. Egia esan, "LOS PORROS DE LUSA" izena ematen zaien antzeko garaiera duten gain batzuk baino ez dira. Soba bailarako eta euskal mendietako panoramika zabala. Hurbil dauden gainen artean instalakuntza militarraz hornituriko PICÓN BLANCO (1. 529 m) eta IM-an dagoen PICÓN DEL FRAILE (1. 632 m) tontorrak gailentzen dira.

PORTILLO DE LUNADAren atzean, CASTRO VALNERA mendi-puska ageri da.

Peña Lusatik, IM-an dugun muinoraino jaitsiko gara: bere eskuinetik inguratuko dugu. Belar trinkotik zein harrietatik ibiliz, ezkerrerantz abiatuz jaitsiko gara, ustekabean haitz artean azaltzen den lepotxoraino hain zuzen. Honexek, belarrezko eta harri soltezko kanal edo pasabide estu batetik belardiz eta zelaiz osaturiko inguru batera jaitsiko —hala ere, poliki-poliki jaitsi— gaitu.

Ondoren belardietatik jarraituz bidezidor batek Portillo de Lunada-rako errepidera, 6. eta 7. Km-en artean dagoen gunera, eramango gaitu: mendatea kilometro t'erdira dago.

Lunadako eski estazioa hurbil dago.



Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1