Bidarrai (153 m) - Sumusenborda (150 m) - Irubelakaskoa (967 m) - Itzulegi (706 m) - Amaiur

—Igandea,
1998ko apirilak 19—


 

SUMUSENBORDAKO AMA (Ostegun Santua).

"Hobe zenukete gaur Irubelakaskoara ez igotzea; haizeen menpean izaten den mendia da. Behin goian izanda gero, ez duzue inolako babesik izanen ..."

"... Aspaldian, orain dela asko, Bentatik jende asko, mendizaleak etortzen ziren. Batzuk Irubelakaskoara joaten ziren, beste batzuk ordea, Bidarraiko mendietarat. Orain guttiago etortzen dira, eta beren janaria eta edaria daramate. Beste garaiak dira ...!

"...43 urte daramatzat Bentan. Euskaraz, espainolez eta frantsesez egiten dut. Administrazioa zergak biltzeko bakarrik oroitzen da gutaz, baina ez bertze gauzetarako. Ez dugu ez argi-indarrik ezta telefonorik ere; arropa garbitzeko errekara joaten naiz, bai udan baita neguan ere. Jubilatzeko adinean nago, 70 urte ditut-eta, hemendik aitzinerat guttiago lan egin nahi dut..."

"...Baina hau ez al da Nafarroa Beherea? —galdetu nion—. Ez, Baztanen zaude. Muga hementxe bertan dago..."

Luismi GLEZ


 Urritzate eta Aritzakun: bailara galduen artean ibiliz


Irubelakaskoak eta bere kordalak (Akomendi, Gorramakil eta Gorramendi) Urritzate eta Aritzakun errekek osatzen dituzten bailarak banatzen dituzte. Arraroa bada ere, bi bailarok politikoki Nafarroa Garaikoak diren arren, Pirinioetako I isuraldean kokaturik daude.

Kordalaren E-an Urritzate bailara dago; hemendik igaro da Bidarraiko galtzada, Erratzu (Baztan harana) eta Bidarrai herriak elkartuz gizaldietan zehar bi Nafarroen (Nafarroa bakarra ez ote?) elkargune izan zena. Egun oraindik, bidearen ondoan dauden zenbait baserrik ez dute argi-indarrik; izan ere bailara husten ari da: bere biztanlek Iparraldera aspaldian jaitsi ziren-eta.

Irubelakaskoa/Alkaxuri mendiko iparreko isuraldea. Klik egin handiago ikusteko
Irubelakaskoa/Alkaxuri
mendiko iparreko isuraldea.
—© Inaxio Elizegi
Euskal Mendiak—
http://www.argia.com/ehmendiak/
Klik egin handiago ikusteko...
(29 Kbyte)

M-an, ordea, Aritzakun bailara ezkutatua dugu; kontuan har dezagun orain dela gutxi arte, auzo hau egun sarbidea errazten duen porlanezko pistarik gabe bizi zen. Hala eta guztiz ere, bailararen kokapen urrunak azkeneko urteetan atzerakada demografiko larria eragin du eta gaur egun gutxi dira bizirik dirauten baserriak. Ia osorik pistaz osaturik dagoen arren, lerro hauen bitartez bailara zeharkatzen duen ibilbidea oso erraza eta gomendagarria dela adierazi nahi dizugu. Izan ere, Aritzakun kondairak dioenez erromatarrek ustiaturiko urre-putzu batengatik egin zen ezaguna. Izan ere, lurralde honetan mitoa eta errealitatea nahasten dira, historia eta kondaira uztartzen dira, eta urre-putzuak hemendik igaro diren ero batzuen oroitzapenetan baino ez dira gordetzen...

BIDARRAI (153 m).
Ibilbidea Bidarraiko hirigunean, Auñamendi Gîte d'Étape edo aterbearen ondoan hasiko dugu. Gain batean kokaturik, Herriko Plaza (frontoia, egun berritua) Herriko Etxeaz, Eliza erromarrez eta orain bisitatzeko betarik ez dugun bizpahiru tabernaz inguraturik dago. Auñamendi aterbetik Etxezaharria aterberantz doan bidea hartuko dugu: Etxezaharrian bertan gaurko ibilbide bera egiteko 1992ko uztailaren 6ko gaua Ostadar M. T.-ko 17 lagunok igaro genuen. GR-10eko eta HRP (Pirinioetako Goi-Bideko) marka zuri-gorriek, lehendabizi pistaz eta geroago zidorrez IFERNUKOZUBIraino jaitsiko gaituzte. Kondairak dioenez, euskararik ulertzen ez zuelako, etsaiak zubi honetatik Baztan ibaiaren ur zakarretara jauziz bere buruaz beste egin zuen.

Asfaltaturiko bide estutik gora garaiera hartuz jarraituko dugu; aurrerago, eskuinerantz jaitsi eta Baztan erreka zeharkatu, Arutxia baserritik eta Harpeko Saindutik igaro eta Meatse leporantz doazen marka zuri-gorriak abandonatuko ditugu.

Batzuetan malda gogorrak dituen arren, asfaltaturiko bide beretik igoz TURTXILENIA baserriaren ondotik igaroko gara. Jarraituz, azkenean, BASASAGAR baserriraino iritsiko gara. Irubelakaskoa gaina ezin ederrago ikusten dugu. Baserritik jaisten den pistatik baino ez zaigu falta Aritzakun eta Urritzate errekak uztartzen diren gunera iristeko.

Erreka (eta muga politikoa) zeharkatu eta SUMUSENBORDAra (150 m) iritsiko gara. Fonda. Pistaren ondotik ezkerrerantz irteten den lur-gorriko bidezidor nabari bat hartuko dugu. Udan garoz erdi ezkuturik egoten den zidor hau, sigi-saga igoz bide-erdian kokaturik dagoen lepo batera iritsiko da.

Irubelakaskoa mendiko gandor ikusgarria. Klik egin handiago ikusteko
Irubelakaskoa mendiko gandor ikusgarria
—© Inaxio Elizegi
Euskal Mendiak—
http://www.argia.com/ehmendiak/
Klik egin handiago ikusteko...
(50 Kbyte)

EZKIETA lepoa (610 m). Ezkerrean izen bereko haitzak ditugu. Geroago pagadiko malda gogorretatik igo eta gailurreriako azkeneko metroak gaindituko ditugu.

IRUBELAKASKOA (967 m), Alkaxuri, Atxuri edo Atatxuri izenez ere ezaguna, kaskoa, haizearen menpe dago. Beste batzuen artean, I-an Itsusi haitzak eta Artzamendi gain biribil eta koroatua ikusten ditugu. IIM-an, Mondarrain edo Arranomendi tontorreko haitzak. Iparla HE-ra eta Baigura IE-ra.

Belarrez estalitako kordaletik, jaitsiera leunean, HM-an gorostiak eta elorriak jaun eta jabe diren GORBET izeneko gunera iritsiko gara. Bertan sei hileta-monumentu megalitikoak ikus daitezke. Kordaletik jarraitu eta AKOMENDI (949 m) gainaren ezkerretik igaroko gara. Honen H-an, Gorostikolepoa dago eta hara goaz.

GOROSTIKOLEPOA (909 m). Hemendik jarraitzearren, hautatu beharreko bi aukera ditugu:

  • a) Lepoaren eskuinetik abiatuz, Gorramakil mendiaren mazelak zipriztintzen dituzten harri pusken behetik ZIDOR estu bat topatuko dugu. Zidorra hostogalkorreko basoan sartuko da eta batzuetan galtzara moduko bide nabaritik jaitsiz Itzulegi lepora, Baztan bailarako balkoira jaitsiko gara.

  • b) GORRAMAKILen mazela luzeetatik jarraituko dugu tontorrera iritsi arte. TB antena handia gainean. Hemen du amaiera Otsondotik datorren orain dela urte eskas berrasfaltaturiko errepideak. Gainaren inguruetan, bideak S handi bat marrazten duen tokian, ezkerreranzko bidezidorra hartuko dugu. Gainetik HM-an dagoen OTANARTE (1.097 m) gainera goaz. GORRAMENDI (1.074 m) honen atzean dago. Zidor beretik jarraituz, M-an Itzulegi leporaino jaitsiko gara.

ITZULEGI lepoa (706 m). Errepidea zeharkatuko dugu. Bide ondoko estatu batuetako baseko bunkerrek bidea zedarriztatzen dute. Amaiur hurbilsko dago. Elorri baten ondoan Bozaterako bide zaharretik abiatuko gara.

Amaiurko etxe zahar bateko ataria
Amaiurko etxe zahar
bateko ataria

Bidegurutze batean, kordaletik eskuinerantz jaitsiko gara (ezkerrera ez hartu, bidea Bozatera doa-eta): belarrezko bidea borda batera iritsi arte. Orduan ezkerrera joko dugu, bai kordala baita bide nagusia ere abandonatuz.

Harrizko esparru baten ondoko bidegurutze batean, ezkerrerantz jo eta bidea zabalduko da. Ezkerrean Bozaterako bidea utziko dugu. MAÑENEAKOBORDA eskuinean utzi ondoren (langa horia), bidegurutze batean eskuinean joko dugu. Amaiur bistan dago. Bidegurutze guztietan zuzen jarraituz, herriko etxe garaietara iritsiko gara.

Amaiur (290 m). Peña Santiagok zioen bezala, historia bera da gure aurrean jartzen ari dena. Herria zeharkatzen duen kalea SANTIAGO BIDEko adarretako zati bat da. Muinoren gainean, Amaiurreko Gazteluaren omenezko MONOLITO handia dago, 1522. urtean Nafarroako Erreinua Gaztelako korora eranstearen kontrako azkeneko oldartzea gogoratzen duena. Eta elizaren ondoan, kalearen amaieran herrigunea itxi eta aldi berean Baztan bailarara irekitzen duen puntu-erdiko arkua. ARKU honek 1996an berreraikia izan behar zuen, kamioi batek maniobra fin batean behera bota zuen-eta. Herria arkua berreraikitzearen alde azaldu zen, baita beharrezkoa zen sos puska bildu ere. Izan ere, badira iragana ezabatu eta ahaztu nahi ez duten herriak. Ez ditzagun guk ere, gureak ahaztu...

Jonmikel INTSAUSTI


 Kartografia


Etaparen kordaleko mapa. Egin klik sartzeko...
Etaparen kordaleko mapa (45 Kbyte).
V Hiriburuen Ibilbide Handia: Amaiur - Itzulegi (720 m) - Meaka (710 m) - Astate (1.022 m) - Iparla (1.044 m) - Bidarrai
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1