14.- Santa Luzia mendatea - Idiagana (1.101 m) - Zaita (Azatzeta - 890 m) - Berrozi - Pagogan (1.029 m) - Mendiola (Gasteiz)

—Larunbata,
1993ko ekainak 12—


 Berrozi edo Mendia gudarosteen jabegoa denean


SANTA LUTZIAko mendatetik Mendebalerantz pista sortzen da eta metro batzuk gora egin ondoren lauan jarraitzen du ipar-maldan zehar (pagadia). Hamar bat minututan edo bidegurutzea aurkituko dugu eta ezkerretara jarraitu behar da gandorrerantz igotzeko (marra zuri zaharrak). Pista bidexka bihurtzen da eta beronetan zehar joko dugu aurrera zuhaitz eta zuhaizka artean gandorraren hego-maldara igaroz. Bide zaharra gurutzatu eta gandorrerako bidean gora egingo dugu pistara irten arte. Zenbait minutuz pistan gora egin behar da eta gero utzi, gandorrean zehar jarraitzeko (marra zuriak). Ehiza-lekuen aldamenetik igaroz, IDIAGANAko gailurrera igoko gara zuhaitz eta zuhaixka artean — 1.101 m. Buzoia eta pago azpietan hiru mugarri.

Hemendik bidexkak behera egiten du emeki-emeki (mendebal) eta alanbre-hesia iristen da. Alanbre-hesia eta pinuak gure ezkerretara ditugularik aurrera eginez, gailur barri bat joko dugu —1.100 m. Berrogeita hamarren bat metro gandorrez jarraitu behar dugu eta gero bidexka hartu eskumatara (ipar-mendebal) pagadian benera zenbait aldapatzan jaitsiko. Garbiunera irtetean alanbre-hesia eta pinadia aurkituko ditugu eta ezkerraldetik jaitsi behar dugu alanbre-hesia jarraituz, ZAITA (Azatzeta) herritik datorren pistara irten arte. Pistaz igo behar dugu leporaino eta hemen bira ezkerretara (ipar-mendebal) ITXOGANAko maldetan gora eginez (marra zuriak). Bideak Itxoganako gailurra eskumatara uzten du (5 minutura) eta gandorrez jaisten da. Alanbre-hesia gurutzatu ondoren, gurutzez hornitutako mugarriaren aldamenetik igaro eta gandor garbian behera, pistaz ZAITAko (Azatzeta) mendatera —890 m.

Errepidea gurutzatu eta kamiñero-etxe bakartian iturria daukagu. Etxea baino beheraxeago eskumatara, BERROZIrako pista asfaltatua eta beroni jarraituz, sarrerako ateraino iritsiko gara —"SEGURITATE-GUNEA. SARTZEA DEBEKATURIK". Eskumaldetik inguratu behar da hesia eta beronen kontrara jarraituz gailurrera igo pagadian zehar. Hesate berezia aurkitzean esparruko zelaietara sartuko gara (Berrozi) eta gandorraren kontrara 936 m-tako lepora jaitsiko gara. Txabola ezkerretara utziz, Berrozitik irtengo gara burdinazko erromararen ondoan dagoen hesatea erabiliaz. Hesiari jarraituz, zurezko erromararaino igo behar dugu eta hemen berriro Berrozira sartu era pagadian gora hartu pistaz. Bost minutu barru hesia gurutzatu eta behingoz Berrozitik kanpo izango gara. Gandor garbian behera egin behar dugu zenbait metro. TIERRAS BLANCASeko leporantz KAPILDUIko bidea utzi eta muinotxoa (1.008 m) eskumaldetik inguratuko dugu Berrozitik IZARTZAra doan bidea hartuz eta Tierras Blancaseko lepoa gurutzatuz. Bide hau, txaran behera, errekatxoraino jaisten da eta ibarrean aurrera eginez, IZARTZArako pista joko dugu. Hemendik, ibar zabalean behera zelai, solo era zuhaitz artean OKIAko (Oiquina) errepideraino iritsiko gara —iturriñoa. Kilometro eskas egin behar dugu errepidean gora eta bihurgune itsura heltzean (13. Km) bide zabala hartuko dugu ezkerretara (marra zuriak).

Bide marratuak pagadian gora egiten du (mendebal) eta PORTUTXOtik datorren pistara irteten da. Pagadian gora pistaz eta lepo modukora iristean bidexka ezkerretara hartu (marra zuriak) eta zeharretara igo (hego) gandorreko garbiunera irteteko. Gandorra gurutzatzen duen bidea utzi eta eskumatara igo (hego-mendebal) arbolarteko senda marratua erabiliz. Lautada zabal garbia gurutzatu eta aldats labur bezain gogorra igo behar da 417. mugarria jotzeko. Gasteizko muga. Hemendik berehala hartzen da 1.045 m-tako kota eta gailurra metro batzuk ezkerretara utziz, hesia gurutzatu eta PAGOGANerantz (mendebal) gandorrez. 990 m-tako lepoxkara iristeko gandorra edota hego-malda erabili dezakegu eta PAGOGANeko gaina —1.029 m— hartzeko aldapatxoa igo behar dugu. Eguraldia lagun, TREBIÑO konderria bistan.

PAGOGANetik behera pista antzeko bat kiñarra artean eta berorri jarraituz (mendebal), pagadira sartuko gara. Aldapa laburra baina gogorra jaitsi ondoren pistak lauan jarraitzen du PORTILLO DEL LOBO — OTSAPORTILLO?— eskumatara utziz. Hemen pistak ezkerretara egiten du (Hego-mendebal) eta lau antzean darrai gandorretik larregi aldendu barik. Minutu batzuk geroago pistak beste gandor baten behera egiten du (hego-mendebal) ezkerretara muino garbiak — Ajarteko etxeak agerian— eta eskumatara zuhaiztia dituelarik. ADI IZAN HEMEN!!!!! eskumatara bidetxo bat aurkitu behar dugu (marra zuriak) eta beroni jarraitu zuhaiztia gurutzatuz eta sakoneraino jaitsiaz. Hemen iturriñoa eta aska ditugu. Senda jarraitu behar dugu (mendebal) lauan eta garbiunea, hesia eta su-ebaki antzekoa gurutzatu ondoren, pista txikian aurrera egin. Pista honi jarraituz, pagadia gurutzatzen da (10 bat minutu) eta irtetean pista utzi eta eskumatara igo (ipar) gandorrerantz.

BETOÑOko gaina — 883 m— eskumatara utziz, zuhaiztiaren aldamenetik jarraitu behar zaio bideari eta gandorrez (hesia) zuzen joanaz, OSO DA BEHARREZKO 430 m. MUGARRIA AURKITZEA. Mugarri honen aldamenean gurutzatzen da hesia eta sendan behera jaitsi arbola artean (ipar). Ehiza-leku eta 431. eta 432. mugarrien aldamenetik igaroz, pistara irtengo gara alanbre-hesiari jarraituta. Zuzen hartuko dugu (ipar) pistan behera eta hamar bat minututan edo lepo zabala joko dugu. Bidegurutzea. Ezkerreko pista VITORIAKO MENDATErantz doa eta eskumakoa MENDIOLAra (ipar). Bigarren honetatik behera eginez eta bost bat kilometrotan edo, GASTEIZ ikusiaz goaz ia bere ateetaraino.

© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"


 Kartografia


Etaparen kordaleko mapa. Egin klik sartzeko...
Etaparen kordaleko mapa (45 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"

  • Eulate, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.

 Etaparen profila


Etaparen profila. Egin klik sartzeko...
Etaparen profila (8 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"

 Eta informazio gehiago amaraunean:




Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1