13.- Andoin - Mirutegi (1.156 m) - Arrigorrista (1.151 m) - Santa Luzia mendatea (832 m)

—Larunbata,
1993ko maiatzak 8—


 Andoindik Santa Luzia mendateraino,
 Entzia Menditik —Urbasako arabar luzapenetik— igaroz


ANDOINgo plazan eskumatara hartu behar dugu eta etxe arteko pistari jarraitu herritik ehun metrotara dagoen baserriraino. Honen eskumaldetik errekatxoa gurutzatu eta pistari jarraitu burdinazko erromararaino. Hau igaro ondoren, igotzen hasi behar dugu eskumako pistari jarraituz (marra gorri zaharrak). Egundoko aldapak gainditu ondoren, Andoingo bideari, eskumaldetik, Ibargurenetik datorrena batzen zaio eta hemendik aurrera aldapa leunduz doa. Bide harritsuan gora GILITURRI iturria (850 m) aurkituko dugu eta harik eta ANDOINgo mendatea (1.050 m) jo arte galtzada zaharrari beharko diogu ekin. Lepoaren eskumatara iturriñoa, udan agortua.

Taldea Mirutegi gainean
Taldea Mirutegi gainean
—© Patxi Arriaga—

Lepotik pistari jarraituz edota honen eskumaldetik, Legaireko larre zabaletara sartuko gara. Artzain-paraje ikusgarria. KORTAUNDIko bizkarra inguratuz, bira eskumatara (mendebal) eta LEGAIREko larretan zehar jarraituko dugu errekastoaren kontrara, AKARRATEko menhir edo jentil-harria ikusteko aukera izango dugularik. Emeki-emeki mendebalerantz igoaz, ATAUko mendate zabalera (1.110 m) iritsiko gara eta hortik MIRUTEGIko gurutzeraino — 1.156 m—.

Durruma Donemiliaga (S. Román de San Millán / Saindu Ruma Patxi Arriagaren originalean) eta Bikuña herrixkak edota Arabako lautada begiratzeko leku bikaina. Hemendik aurrera eta gandor harritsua amildegiaren ertz-ertzetik jarraituz, BAIO gaina joko dugu berehala — 1.193 m.

Baiotik, gandorrez, hegoalderantz jarraitu behar dugu amildegia eskumatara eta pagadia eskerretara dugularik. Hormatxo bat saihestuz, ezkerraldetik eta pagadian behera BIKUÑAko mendatera doan pistara iritsiko gara — 1.110 m—. Eskumatara jarraitu beLar da pista hau (mendebal), metro batzuk jaitsi, ibarrerantz doan pista eskumatara utzi eta lepoxka gurutzatuz doan pista ia lauari jarraitu. Emeki-emeki behera eginez, OKARIZ mendateko larre eta eskortetara iritsiko gara. Hemendik pista hegoaldera jarraitu, ENTZIAko baso-pistara irtengo gara. Pista honetan eskumatara hartuz, (mendebal) hamarren bat minututan edo, Opakuako mendateraino iritsiko gara —1.020 m.

Errepidea gurutzatu eta zuzen beste pista batetan aurrera. Errepidetik hamar metrotara ezkerreko pistari jarraitu eta minutu batzuk beranduago utzi eta pagadian gora egin behar dugu (marra zuriak) ARRIGORRISTA gailurreraino —1.151 m.

Hemendik aurrera gandorrez gandor jarraitu behar dugu eta oso da komenigarri bidexka eta marra zuri zaharrak ez galtzea pagadian aurrera egin eta lepoxka igaro ahal izateko. Aurki gandorra nabarmendu egiten da eta sendra bikainak garbiunera garamatza. Ondoren jarraitu behar dugun lur-sailak gorabeherak ditu eta gure eskumatara alanbre-hesia. Aldapatxoa igo ondoren, ATXURI edo LARREDEReko gailu garbia hartuko dugu.

Hemendik aurrera gandor harritsua dugu bide, tontor eta lepo erreskadan ditualarik eta bista bikainak nahiz hegoaldera (ITURRIETAko goi-lautada) nahiz iparraldera (AGURAINgo lautada). Alanbre hasia gurutzatu eta beste bat eskumatara dugularik SAN JUAN —1.032 m— leporantz egingo dugu larretan behera jaitsiaz. Hemen EGILEOR-etik ERROETArako (Onraita) bide zaharra gurutzatuko dugu. Mugarri ederra dugu bertan. Metro batzuk aurrerago, gandorrean, burdinazko gurutzea, San Juango ermita izanaren oroigarri eta aurreraxeago trikuharri hondarrak. Sendra barratuan gora igo behar dugu, eskumatara alanbre-hesia dugularik eta pagadi unetxoa igaro ondoren tontor zuria joko dugu — 1.106 m—. Hemendik alanbre-hesi zaharrari jarraituz jaitsi behar dugu arbola artean eta lepoxkara iritsiko gara —1.073 m— ; gero gandor belartsuan gora eginez, SANTA ELENAko gailurra hartuko dugu —1.109 m.

Gandorrez jarraituko dugu (alanbre hesia) garbira irtenaz eta LUZKANDOko lepora jaitsiaz — 1.035 m—. Soro zenbait igaro eta berriro gandorrez egin behar dugu gora pagadira sartuaz eta bidezidorra jarraituz (marra zuriak eta alanbre hesia eskumatara) ZORRIKOBASO gaineraino — 1.083 m. Soroak eta errepikagailua. Honen ondoren alanbre-hesia gurutzatu eta gandorrez jaitsi betar dugu, alanbre hesia eskerretara dugularik. Mugarriak jarraituz, lepoxka igaro behar dugu (beste bide zahar bat), muinoa —1.044 m— igo eta gandorrez jaitsi. Pagadia gurutzatu behar dugu eta berriro garbian zehar, GEREÑUko mendatera jaitsi —873 m. Hemen alanbre-hesia gurutzatu eta bere eskuin aldetik jarraitu behar dugu muinotxoa gaindituz. SANTA LUZIA mendateko errepidera jaisteko gandorrez nahiz alanbre hesia eta mugarriak jarraituz jaitsi gaitezke.

© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"


 Kartografia


Etaparen kordaleko mapa. Egin klik sartzeko...
Etaparen kordaleko mapa (40 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"

  • Eulate, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.

 Etaparen profila


Etaparen profila. Egin klik sartzeko...
Etaparen profila (8 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"

 Eta informazio gehiago amaraunean:




Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1