7.- Bidarrai - Larla (700 m) - Eihartze - Letxukohegia - Jarra (812 m) - Azkarate (Donibane Garazi)

—Larunbata,
1992ko azaroak 7—


 Letxukohegiako erripa gogorretatik
 Jarra mendiaren bila


Lainoaren gainean
Lainoaren gainean
—© L. A.—

BIDARRAIn ekingo diogu gaurkoari, ERROBI ibaia gurutzatzeko Noblia zubia erabiliz, 50en bat metro ezkerretara eginez, bidegurutzea daukagu eta ezkerretara hartuko dugu behera antzean. Hurrengo bidegurutzean ezkerretara berriro erreka gurutzatuz. Erreka honetatik ehunen bat metrotara edo, bidegurutze barria eta oraingoan bira eskumatara metro batzuk igoaz. Gero lauan errekatxoaren kontrara eta hau gurutzatu ondoren, eskumatara Errekaldiako kanpin txikia utziko dugu eta errepide estu eta erripatsuan gora egingo dugu. Gero lau antzean (ezkerraldeko pistei jaramonik ez egin) eta lepoa — 340 m— joko dugu errepidearen ezkerralde-baserria duelarik. Errepide jarraituko gara 200 m. inguru eta igoeratxo baten ondoren BIDEGURUTZEA.

  • IBILBIDEAREN AUKERA: Errepide estuari ekin ezkerretara eta gorabehera batzuen ondoren, ONDAIAko lepoa gurutzatu eta ARROSAra jaitsi. Errepidez jarraituz, Eihartzeko gurutzera iristen da, horrela ibilbide nagusiarekin bat eginez.

  • LARLAra IGOTZEKO ITINERARIOA: Errepideari eskumatara ekin baserrirantz eta bidegurutzetik 30 metrotara eskerreko pistan gora hartu. Pista honi jarraituz, baserriaren gainaldetik pasatuko gara eta ezkerretara igo leporaino —466 m. Pistaz jarraituz, eskumatara egingo dugu bira eta malda garbian gora zeharretara igoko gara. Gandorra jotzean —626 m—, borda eskumatara utzi eta LARLAra igotzeko gandorrez gandor egingo dugu emeki-emeki. Behatoki bikaina.

Hego-ekialderantz jaitsi behar dugu muino suabeak igaroz eta hamarren bat minututan edo haitz gunea utziko dugu ezkerretara. Berehala lugen sakona gurutzatuko dugu gandorrean eta metro batzuk aurrerago lepo bat joko dugu (gandor harritsua baino lehen). Ezkerretara bidezidor markatua daukagu eta beroni ekingo diogu malda harritsuan behera zeharretara eginez. Aurki bidezidorra galdu eta ira artean jaitsi beharra dago haitzak eta harresirantz hartuz eta ezkerretara 100 bat metrotara edo borda zaharra utziaz. ADI!!!!! HARRESIAREN ESKUMALDETIK JARRAITU BEHAR DA — EKI— senda garbirik gabe. Pare bat minututara edo haritz bakarraren aldamenetik igaroko gara eta ganadu bideetan behera egingo dugu. Aldapatxoa jaitsi ondoren, arbolapean dagoen bordara helduko gara. Borda honen eskumaldetik, bide zaharra bi zelaitxoren artean pasatzen da eta pista txikira irtengo gara. Pistatxo hau zuzen hartuta edota ezkerraldetik inguratuz jaitsi gaitezke eta lepoxkara —355 m— iritsiko gara. Hemendik pistaz jaitsi behar da eskumatara errepide estu asfaltatua jo arte. Errepide honetan ezkerretara hartuko dugu eta bidegurutzera iristean, eskumaldetik jaitsiko gara. Txalet biren artean igaro eta errepidez jaitsiko gara. EIHARTZEko etxeetaraino. Etxe artean jaitsiaz plazara iritsiko gara eta honen eskumaldetik irtenaz, errepide gurutzeraino jaitsiko gara, Errobi gaineko zubi ondoraino.

Iparla mendia Larla aldetik ikusia
Iparla mendia Larla aldetik ikusia
—© L. A.—

Baigorrirantz (eskuin) egin behar dugu errepidez eta 150en bat metrotara edo ezkerretara hartuko dugu beste errepide bat. Honetan behera metro zenbait egin ondoren, ALDUDE ibaia gurutzatu eta beste errepide bat hartuko dugu eskumatara. Erripa igo ezkerretara Arpea tabernarako sarrera utziaz eta metro batzuk aurrerago bidegurutzea. Ezkerretara igo erripatxoa eta lepoxkara helduko gara. Hemendik eskumatara igo behar dugu ira arteko pistatxoan gora. Goraxeago lautadatxoa gurutzatu eta pistatxoan gora borda hondarretaraino helduko gara. Hemendik bidez segituko dugu zelaiaren eskumaldetik (alanbrada) eta 50 metrotara edo ezkerreko sendan gora hartu behar dugu arbolapean. Senda zaharra bardin-bardin doa ira artean gora eta haritz artean eta gaztainatxoa gurutzatu ondoren, aldapa leunduaz doa. Gune bat lauan egin ondoren, lepo zabala —460 m— jo eta pistaz egingo dugu aurrera (bi borda eta iturriñoa ezkerretara). Metro batzuk aurrerago zelaia ezkerretara dugularik pista utzi zuhaiztiaren ertzetik gora hartu behar dugu. Lehenengo zuhaixka eta garo artean eta gero belarretan gora, LETXUKOHEGIAko gailurrerantz igotzeko erripatzar galantak pasatu behar ditugu. Gailurreko haitzak jo baino hotsa lehenago, bide zaharrera irten eta ezkerretara harturik (laua) leporaino 695 m. iritsiko gara. Garo artean bideari jarraituz, borda zaharra eskumatara utzi eta gandor garbian gora JARRAko gaina hartuko dugu —812 m. Zenbait antena. DONIBANE GARAZI ikusteko aparteko behatokia.

Larlako leporako bidean. Atzean Baigura mendia
Larlako leporako bidean.
Atzean Baigura mendia
—© L. A.—

Hemendik eta errepide hestuan zehar-meharka lautadaraino jaitsiko gara. Zelaien kontrara jarraitu eta bihurgunea ezkerretara hartu ondoren, oihanean sartu eta errepidez jaitsiko gara (utzi bakean baserrietarako pistak). Oihanetik irten eta bost bat minutuz edo jaitsi egingo gara lepoan (395 m) dagoen bidegurutzeraino heldu arte 50en bat metro eskumatara jarraitu behar dugu eta hemen ezkerretara egin baserrietara heldu baino lehen, ezkerretara berriro eta metro batzuk igo ondoren baserria utziko dugu eskumatara ADI!!!. Hurrengo baserrira sartu baino lehen, bira eskumatara behar dugu 50 metro egin ondoren zelaian sartu eta barrenerantz jaitsiko gara. Alanbrada gurutzatuz (ez dago hesaterik) pistara irten eta beronetan behera egin eta arekatxoa baino lehen pista utzirik, bira ezkerretara 90 gradu 150en bat metro hariztian behera egin (senda zikina) ondoren, alanbrada jo eta beronen kontrara ezkerretara jarraitu behar dugu (laua). Beste alanbrada bat gurutzatuz, mahastira irten eta honen eskumaldetik jaitsiaz, pista asfaltatura iritsiko gara. Honi ekin eta aldapatzarrean behera jarraituz, ezkerretara ERREKART baserria utziko dugu eta aurrerago APETXENIA baserria. Errepidez zuzen jarraituz, errekatxoa gurutzatu, etxe artean igaro eta aurreraxeago beste errekatxo bat gurutzatuko dugu. Hurrengo bidegurutzean ezkerretara hartu eta AZKARATEko plazara helduko gara.

© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"


 Kartografia


Etaparen kordaleko mapa. Egin klik sartzeko...
Etaparen kordaleko mapa (44 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"

 Etaparen profila


Etaparen profila. Egin klik sartzeko...
Etaparen profila (10 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1