9.- Orreaga - Mendiaundi (1.232 m) - Sorogain (830 m) - Iretakogaña (1.217 m) - Erro mendatea

—Larunbata,
1992ko abenduak 19—


 Mendiaunditik eta Menditxipitik Erro mendaterantz


ORREAGAn ekingo diogu ibilaldiari, errepidetik gora igoz biragune itxi bateraino. Hor, ezkerrera hartu bide batetik eta metro batzuk aurrerago behera jaitsi. Bidegurutze batera iristean eskumara jo, borda eta ezkerrean dagoen pabilioi handi bat atzean lagata. Pagaditik aurrera pistatik jarraitu, lehenengo jaitsi pixka bat eta gero dena laua da. Zuhaitzik ez dagoen toki batera iristerakoan bidegurutzea dago: ezkerretik abiatuko gara pinadi batetik behera jaitsiz. Bost minututan alanbredun itxitura batera iritsiko gara, salto egin eta pista zabal batera helduko gara SURINGOA ibaiaren ondora. Pista horretatik jarraitu, eskumara hartu, bailaran zehar gora. 10 minututan basoaren argiune batera helduko gara eta eskumatik datorren erreka zeharkatuko dugu. KONTUZ!!: metro batzuk aurrerago, bide nagusia bazter batera utzi eta ezkerrean dagoen ibaia zeharkatu behar da beste bide bat hartzeko. Metro batzuk igo ondoren bidegurutzea dago eta gorago elkartuko diren bi bideetariko bat hartuko dugu. Alanbrezko itxitura gurutzatu eta pistatik igo pagaditik gora. Eskumara biragune itxia aurkituko dugu, pixka bat jaitsi eta malda gorritik zeharka igo. Mendi tontorrera hurbiltzean pista utzi eta Mendixuriren Sortaldeko Gainera zuzen-zuzen igoko dugu. Hemen, AURITZ (Burguete) eta AURIZBERRI (El Espinal) bereizten dituen itxitura gurutzatuko dugu (11. muga) eta eskumatik igoko hurbil dauzkagun Mendixuriko harkaitzetara joz. Gaina eskuratzeko itxitura eskumara utziko dugu eta pendiz motz batetik igo. MENDIXURI —1.201 m. Buzoia. Aparteko miradorea.

Gainetik, larrez larre jaitsi Mendixuriko Sartaldeko muinoraino. Hor berriz alanbrezko itxitura aurkituko dugu (B-E markaz hornitutako 7. muga). Itxituraren ondoan jarraituko dugu MENDITXIPIko gainera iritsiz (6. muga) eta hurrengo muinora bajatuko gara (4. muga). Berriro alanbradaren ondora jo eta han,ar minututan MENDIAUNDI gainean izango gara (1. muga). Metro batzuk ezkerretara egin, buzoia aurkituko dugu eta Mugarri edo gaina bera (1.232 m.). Paraje ikusgarria. Alanbradari jarraituko diogu metro batzuk hegoaldera jaitsiz eta gero eskumara jo penditz gogor batetik beste muinora iritsi arte. Hortik pagadian dagoen bidexkatik jarraitu eta gero alanbradari jarrai TXASPERO mendi-gain gorrira heldu arte (1.185 m). Ezkerrean kaxeta bat eta antena bat daude.

Mendigain horretatik aurrera bi alanbrada daude eta Sorogainera jaisteko ezkerrean geratzen zaigunari jarraituko diogu. Metro batzuk behera jaitsi pagadi baten sartuko gara eta alanbrada edo itxitura zeharkatuko dugu eskumara. Horren alboan jarraituz, ARBILLETAko muinoa gurutzatuko dugu, mendi-bizkar txiki batetik gora igo eta jaitsi SOROGAINeko etxeak ikusi arte. Gero, zuzen-zuzenean jaitsi gaitezke ira artetik.

Beste alanbrada bat zeharkatuz etxeetara iritsiko gara eta errepidez jaitsi ezkerraldera. Mahai batzuen ondotik pasa, erreka gainean dagoen zubia gurutzatu eta pagadian mahai gehiago topatuko ditugu. Errekastoaren alboko errepide hestutik minutu batzuk igaro ondoren beste zubi bat gurutzatu eta ehun bat metrora beste zubi bat dago. KONTUZ!!: metro batzuk harantzago errepidea edo bidea utzi behar da eskumaldean dagoen pista estu batetik igotzeko. Laster biragunea dago eta ezkerretik jarraituko dugu penditz gogorra pagaditik gora eginez. Hamar minututan biragune itxi baten pista zabal bat aurkituko dugu, hori hartu eta jarraitu ezkerrera. Hamabost bat minututan bidegurutze batera iritsiko gara eta ezkerretik jarraitu metro batzuk jaitsiz ondoren LIZARTZU gainera iristeko (pagadian dagoen argiunea). Hor pistak gurutzatu egiten dira eta BI AUKERA DAUZKAGU:

  • Pista edo bidea utzi eta pagaditik gora zuzen jarraitu. Alanbrada zahar bat aurkitu behar da eta horren alboan jarraitu pendiz handi batzuetatik mugarri geodesikoa bilatu arte eta TIRATUNgo buzoia edo IRETAKOGAINA (1.217 m). Igoera gogorra da pago orrien artean. Gainetik harriz-harriz jarraitu — alanbrada zaharra beti alboan edukita— Tiratun gainera arte eta iri eta pago batzuk dauzkan malda gogorretik jaitsi.

  • 2. aukera: Ezkerreko pistatik jarraitu pagaditik igoz. Gero launetik jarraitu eta gaina inguratu ondoren pagaditik aterako gara, 100 metrotara mendi-muino handia dago. Hor beste ibilbidearekin egingo dugu topo.

Auñamendi. Orhi mendia (esk.) eta gainerako Pirinioak
Auñamendi.
Orhi mendia (esk.) eta gainerako Pirinioak
—© L. A.—

Hortik pista azpitik jarraituko dugu pagadi artean dagoen bidexka batetik eta gaina inguratu ondoren —1.106 m— ezkerretik iturri batera ailegatuko gara, Baguadietas muinoa baino lehen. Muinotik jaitsi egingo gara alanbradaren-eta BAGUADIETAS muino handiaren eskumaldean geratzen den pista zabalari jarraituz. Jaitsiera luze baten ondoren bi zelairen artean geratzen den muina gurutzatuko dugu. Aurrera eginez, beste zelai handi batzuk aurkituko ditugu eta penditz motz batetik jaitsiko gara. KONTUZ!!: pista nagusia utzi egin behar da (Lintzoiainera eramaten duena) eta eskumara dagoen beste bide bat hartu, marra gorri eta zuriak dauzkana (marra hori batzuk ere badauzka) Erroko mendatera eramaten duena. Bide horretatik aurrera beste bide bat aurkituko dugu laster —ezkerretik Erro herrira joaten da — bide hori gurutzatu eta zuzen jarraitu markatutako bidetik. Muino txiki bat zeharkatuko dugu, mendi gaina — 866 m— eskumatik inguratu eta beste mendixka batera iritsiko gara. Hurrengo muinora ez gara helduko: ezkerretik inguratuko dugu eta beste mendixka batera iritsiko gara, bideak gurutzatzen diren toki batera. Pinaditik gora jarraituko dugu ezkerreko bidetik hartuta eta beste muino bat ezkerretik inguratu ondoren —909 m— mendi tontorrera iritsiko gara. Hango bidetik jaitsita elektrikarien ondotik Erro Mendatera ailegatuko gara minutu gutxi barru —801 m—. Orreagatik Iruñera doan errepidea aurkituko dugu.

© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"


 Kartografia


Etaparen kordaleko mapa. Egin klik sartzeko...
Etaparen kordaleko mapa (41 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"

 Etaparen profila


Etaparen profila. Egin klik sartzeko...
Etaparen profila (8 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1