15.- Murua (605 m) - Gorbeia (1.481 m) - Oderiaga (1.243 m) - Zubiaur (Orozko)

—Larunbata,
1993ko uztailak 10—


 Muruatik Orozkoraino:
 Gorbeiaren gurutzerainoko igoera leun batetik


MURUAn ekingo diogu ibilaldiari Gorbeiako urtegietarantz doan errepideari jarraituz. Herriko azken etxeetara iristean, errepidea utzi bihurgune itsu batetan eta pistaz hariztira sartuko gara. Pista honetan gora eginez muinotxoa gaindituko dugu eta metro batzuk behera egin ondoren berriro gorantz. Aurki hariztitik irten eta gure aurrean GORBEIA alderantz hainbat muino gorri. Pistan gora egin behar dugu erromaria gurutzatuz eta SAIMENDIko muinoraino igoaz — 772 m—.

Gorantz eginez berriro, beste muino bat — 830 m— gaindituko dugu eta lauan jarraituko dugu hemen bidegurutzea aurkituko dugularik. Eskumako pistari ekingo diogu gandorrera irteteko (BALTZOLAGA —850 m— ) non urtegietatik datorren bidearekin bat egingo dugun (alanbre-hesia, 464. zedarria). Gandorrean gora eginez 465. zedarriaren aldamenetik igaroko gara eta goratxoago pista utziko dugu ezkerraldetik itzulingurua egiten du eta. Gandorrari darraien bideetan gora egin behar dugu eta GONGAko muinoa igaro — 1.045 m— berriro ere pistarekin bat egiteko.

Hori jarraituz apur bat behera egingo dugu eta berriro ere aldapatzarretan gora muinoraino —1.170 m. Aurreratxoago Zaratetik datorren pista bilduko zaigu ezkerraldetik. Pistaz zuzen jarraituz gorantz eta pagadia gurutzatu ondoren PAGAZURIko muinoa eskumaldetik inguratuko dugu eta irten —1.333 m—. HEMEN pistak mendia gurutzatzen du eta hamar bat minutuz edo emeki-emeki gora eginez, gurutzatuz doan bidea aurkituko dugu. Honi jarraituz eta kidarra artean, aldapatzarra mugarri eta lugen zaharretaraino. Hemendik eta larretan zehar GORBEIA gailurreraino —1.481 m.

Gailurretik iparraldera jaitsi behar dugu, Aldamineko haitzetarantz, ALDAMIÑOSTEko leporaino iristeko eta hemendik trokan behera LEKAITZeko iturri eta EGIRIÑAOko aterperaino. Egiriñaotik irten eta pagaditxoa gurutzatu ondoren, Sastegiko (mendebal) sakanerantz jaitsi behar dugu. GATZARRIETAko maldetako txabolak eskumatara utziz eta pistari jarraituz, SASTEGIko ordekara jaitsiko gara (bi txabola). Hemen pistek URRATXAko haitza ezkerretara utzi eta maldak zeharka hartzen ditu txabola parearen aldamenetik igaroz, altura hartuaz joango gara, IPERGORTAko lepoa jo arte —1.190 m. Austingarmineko sakonunea daukagu aurrean eta bertarantz jaitsiko gara pistaz edota laburtuz, larretan zehar. AUSTINGARMINeko txabolatik bi aukera daukagu:

  • Austingarmin-eko lepoa — 1.030 m— gurutzatzen duen pista nagusiari jarraitu eta IBARRAra jaitsi. Pista hau goi-larretan behera doa, zenbait errekatxo gurutzatu eta 700 m-tako altuerara edo pinadian sartu eta USABELeko indar-etxe eta baserrietaraino jaitsiaz. Hemendik errepidera irtengo gara eta kilometro bat edo jaitsiaz Ibarra — OROZKOko auzoa—, joko dugu. ZUBIAUR-era 5 Km.

  • ODERIAGA-UBIXETA-KOLOMETA-ko goi gandorreriari jarraitu eta ZUBIAUR-era jaitsi (Orozko). Horretarako Austingarmin-eko lepoa gurutzatzen duen pista utzi eta beste bat hartu maldan gora 1.068 m-tako kotara igoaz. Igoera laburra eta muinoa joko dugu eta berriro ere beste lepo batetara jaitsi (eskumatara txabola). Oderiagako bizkar luzea, pistaz edota kiñarra eta belarretan zehar zuzen hartuta gainditu dezakegu gandortxo harritsua jo arte —1.243 m.

  • Oderiagatik eta gandor gorriari jarraituz, hamar bat minututan edo muino batetara iritsiko gara. MP 162 zedarria. Gandorreko bidexkari jarraituz, MP 161 zedarriaren aldamenetik pasatuko gara eta mugarri gurutzedunaren ondotik. Hemendik eta aurrera bidexka galdua da eta zelaietan behera (ipar-mendebal) jaitsi behar dugu UBIXETAko leporaino. Txabolak ezkerretara. Ubixetako lepoan MP 159 zedarria daukagu eta gandorraren ezkerraldera, 50 m-tara iturria ere bai harri artean. Hemendik eta UBIXETAko gailur garbira gandorrez —1.106 m, MP 156 zedarria eta buzoia— egin dezakegu eta Beluzarango lepora bide gabe, aldats-behera latsean jaitsi. Erosoago da, hala ere, Ubixetako gailurra ezkerraldetik inguratzea eta emeki-emeki BELUZARANera jaistea — 1.015 m—. Lepo honetatik pistari jarraituko diogu (marra gorri-zuriak) Zubiaur-eraino gandorraren ezkerraldetik. Beluzarango tontorra —1.030 m, MP 153 zedarria— eskumatara utzi lepoxka —990 m. Gurutzatu eta Kolometako gailurra —1.001 m— pistaren eskumaldetik daukagu eta txabola hondarrak eskerretara. Gandorreko zidortxo ez oso garbiari jarraituz, gandorreria garbi eta atseginean behera egingo dugu, eguraldia lagun bista ikusgarriak aurrean ditugularik. Muinoa —850 m— gurutzatu ondoren, aldats luze baina suabea jaitsi behar dugu lepo —660 m— zabaleraino. Hemen hesia daukagu eta eskumatara hartu behar dugu (ipar) pistaz jaitsiaz eta beheratxoago pinadian sartuz. Pinadian behera eginez, pista asfaltatua joko dugu. Asfaltoari jarraituz eta SAN MIGUEL ermita (iturria)igaro ondoren, Beraza auzora helduko gara. BERAZAtik ZUBIAUR-era errepidez Km bat Hemen bukatzen da gaurkoa.

© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"


 Kartografia


Etaparen kordaleko mapa. Egin klik sartzeko...
Etaparen kordaleko mapa (46 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"

 Etaparen profila


Etaparen profila. Egin klik sartzeko...
Etaparen profila (13 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1