16.- Areta - Kamaraka (804 m) - Ganekogorta (998 m) - San Adrian (Bilbo)

—Larunbata,
1993ko irailak 25—


 Zibilizazioaren eta hiri handiaren bila: Bilbora iritsiz


Aretan ekingo diogu ibilaldiari, LAUDIOra daraman errepidean. Orozkorako bidegurutzetik 50en bat metro jarraitu Laudiorantz eta 372. Km-a baino 200 m lehenago, kale hestu bat aurkituko dugu eskumatara, BIZKAIARI BIRAko marra zuri-gorriak dituena. GANEKOGORTAraino jarraituko dugu ibilbide hau. Zementuzko pistan gora maldatzarrak igaro ondoren etxeak bukatzen diren tokiraino iritsiko gara eta lurrezko pistari jarraituko diogu eskerretara. Aldats laburra baina gogorra gaindituz, baserri bakarreraino iritsiko gara. Baserriaren eskumaldetik hesia igaro eta bide zabalean gora egingo dugu ezkerretara dugun alanbradari jarraituz. Aurki pinadian sartuko gara eta alanbradaren kontrara bide-pistan gora egingo dugu 280 m-tako altueran bidegurutzea aurkituko dugu eta eskumako pista hartu behar dugu, metro batzuk jaitsi eta gero emeki-emeki berriro igotzeko. Zeharbide batzuk aurkituko ditugu baina pistari jarraitu behar diogu (oso ondo markatua). ALBISUko muinoa inguratu eta lepora irteteko —435 m. Pista eta bidegurutze ugari. Lepo honetatik pistaz igo behar dugu pinadiaren kontrara(ipar-mendebal) eta aurki GOIKOGANEko muino ederrera eramango gaituen garbiunera irtengo gara. Goikoganeko gailurra ukitu dezakegu edota ezkerraldetik inguratu, KAMARAKAko leporaino — 680 m— zuzen-zuzen eramango gaituen pistari jarraituz. Lepotik, gora egin behar dugu gandor gorriko bidexkari jarraituz eta haitz koskor zenbait gainditu ondoren KARAMAKAko gailurra joko dugu — 804 m. Burdinazko gurutzea eta buzoia. Behatoki bikaina.

Ganekogortarantz hartuko dugu gandorrez eta pinadiaren kontrara aldapatzarra jaitsi ondoren, ARETZIGER-eko lepora helduko gara — 671 m. Gandorrez jarraituz eta kiñarra artean, Santa Luziatik datorren pistara irtengo gara; beroni jarraituz, emeki-emeki igaroko dugu gandorreria pinadiaren ertzetik. Beste pinadi koskor bat gurutzatu ondoren, KURUTZIAGAko lepora —690 m— irtengo gara eta horrela, GANEKOGORTAko muinotzar gorriaren oinetan izango gara. Hemen bi aukera:

  • Metro batzuk igo sendra bikaina eskumatara aurkitu arte (marra zuriak). Gorabeheratxoak dituen sendra honi jarraituz, iturri ederraren ondotik igaroko gara eta hego-maldan zehar, Ganekogorta eta BIDERDIko gailurrak inguratuz aurrera egingo dugu MUNAGANEko lepora irteteko — 590 m.

  • Askoz gogorragoa, baina, aldi berean, erakargarriagoa egiten da belar-malda gogorrak igo eta haitzaren ezkerraldetik, gandorreria nagusiaren azpialdean dagoen lautadatxoa jotzea —940 m. Gandorren azpialdetik eskumatara (eki) eginez, lepoxkara iritsiko gara 990 m —bi zedarri— eta GANEKOGORTA gaina hartzeko bizkartxoa gainditu besterik ez dugu 998 m.

  • Gandorrez (eki-ipar-eki) jarraitu behar dugu, eskumatara (hego) amildegia eta ezkerretara (IPAR) belar-maldatxoak ditugularik. Ondo markaturiko sendran behera eginez, BIDERDIko tontortxoa — 877 m— gurutzatuko dugu eta aldatsa nabarmenago egiten da. Argi-indar linearen azpitik igaro eta pinadiaren kontrara jaitsiko gara, MUNAGANEko lepora —590 m— iritsi baino lehentxeago beste linea baten azpitik igaroko garelarik.

Lepo honetan ibilbide biak elkartu egiten dira eta gandorraren ezkerraldetik jarraituko dugu, pistaz, berehala beste lepoxkatxo batetara irteteko. Pistaz jarraitu pinadian gora eginaz eta minutu gutxi barru, PAGASARRIko zelai, jolas-leku eta aterpera iritsiko gara. Lepo hau —640 m— GAÑETA —691 m— eta Pagasarriko —673 m— gailurren artean dago. Pagasarriko aterpetik, pistaz jaitsi behar dugu bost bat minutuz edo eta bihurgune itsura heltzean, utzi eta hasia gurutzatu (ezkerretara) bidezidorrean behera egiteko. Hamar bat minutu beranduago edo beste harri-koxkorrezko pista bat joko dugu bihurgune itsuan eta bertatik behera jaitsi behar dugu ezkerretarantz. Iturri eder baten aldamenetik igaro, Pagasarrirako bidea ixten duen erromara gurutzatu eta Bilborantz egingo dugu bide asfaltatuan behera. Pare bat bihurgune itsu eta gero, errepide zabalagoa joko dugu ete berorretan behera egingo dugu eskumatara Larraskituko indar-etxeraino. Errepidez beti eta autopistako zubia igaro ondoren, Bilboko SAN ADRIAN auzora iritsiko gara. ON EGIN, BALDIN ETA ON EGITEKORIK BADA.

© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"


 Kartografia


Etaparen kordaleko mapa. Egin klik sartzeko...
Etaparen kordaleko mapa (44 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"

 Etaparen profila


Etaparen profila. Egin klik sartzeko...
Etaparen profila (8 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1