8.- Lasa - Monhoa (1.021 m) - Adartza (1.250 m) - Auñamendi (1.278 m) - Ibañeta lepoa (1.057 m) - Orreaga (952 m)

—Larunbata,
1992ko azaroak 28—


 Garazitik Orreagaraino,
 historia bera arnastuz lau haizetarat


LASA plazatik abiatuta, eleizaren eskumaldetik hartu eta baserri-bide hestu batetik aurrera jo (marra zuri eta gorriak ikusiko dituzue). 500 bat metrotara bidegurutzea dago, han, ezkerrera. Hurrengo bidegurutzean eskumara eta hirugarren bidegurutzean ezkerrera. Baserri handira iristean, aldapa gogor bat dago, handik segi eta han dagoen mendi-bizkar samurra inguratu ondoren muinora heldu. Beste bidegurutze batera iristerakoan, metro batzuk egin eskumarantz eta hurrengo bidegurutzea aurkituko dugu (parean txabola bat duena). Ezkerretik igo behar da bide hestuari jarraituz —400 metro inguru— eskumaldera doan pista topatu arte. Pistatik igo, mendi-bizkar gorritik aurrera eta pare bat bidegurutzera heltzerakoan eskumara hartu eta jarraitu pista nagusitik aurrera. Bihurguneak egin ondoren, arraska bat topatuko dugu, zeharka joan behar dugu Monhoako sartaldeko gailurreraino iritsi arte.

Monhoaren bila, Lasa herritik hurbil
Monhoaren bila, Lasa herritik hurbil
—© L. A.—

Hortik, tontorrik tontor MONHOAko gailurreraino (1.021 m). Sekulako parajea ikusten da han goian. Hegoaldera jaitsi URDANTZIAko gaina hartu arte. Erosoagoa da pistatik jarraitzea, Monhoako malden zehar eta Urdantzia gainera irtean (869 m). AHARTZAko tontorreraino doan harrizko pistarekin topo egin arte. Txabola txiki bat eta harri gainean gurutzea eginda aurkituko ditugu. Hego-sartaldeko pistatik jarraitu eta mendi-bizkarraren eskumaldera jo. Hamar minututara, GR-10ren marra zuri eta gorriak alde batetara utzi, eta jarraitu pistatik (marra berde eta zuriak). Handik lasterrera tontorra zeharkatuko dugu eta Urdikoharriaren mendi-bizkarretik jaitsiko gara URDIAko gaina hartu arte (925 m). Pistatik gora 5 minutu inguruan eta mendi-tontorrera ailegatzerakoan —oharra: eskumaldera hesia dago— pista utzi eta mendi tontorretik igo (marra berde eta zuriak). Harkaitzetara iristerakoan ARROLAKOHARRIAren haitzak igotzeko aukera izango dugu (bide motza baina gogorra, 1.060 m). edo hori egiteko asmorik ez izanez gero hartu ezkerretik. Mendi-gaina zuzenean hartuko dugu (1.040 m). Gaina utzi eta eskuineko bide-zigorretik aurrera eta belarrez jositako aldapa gogorretik aurrera joan. Ez dago biderik, belarra bakarrik. Adartza gainera iritsiko gara (1.250 m). Han, harrizko hormatzar bi ikusiko ditugu. Leku paregabea.

Bi mendizale Monhoaren hegietan
Bi mendizale Monhoaren hegietan.
Adartzako gailurreria ederra atzean
—© Patxi Arriaga—

Hortik jarraitu tontorrez tontor eta atsedenaldi txiki bat hartu ondoren hurrengo gaina daukagu (1.180 m). MENDIMOTZA gailurra bazter batera uzteko eskumara hartu belar artean dagoen bidezigorretik (apenas ikusten den...). Hartu beherako bidea gailurrez gailur eskumaldetik beste kota bat inguratuz (1.228 m). Mugako hesia topatzen dugunean, jarraitu hesiari pendiz gogor batetik eta EHUNZAROIko gainera iritsiko gara (971 m). Geroxeago, muga topatuko dugu (MF 174). Hortik aurrera bi aukera daude:

  • Bata, bidea zeharkatu eta igo HESIAREN BIDEARI JARRAITUZ aldapa handi batetik ARGARAI tontorreraino (MF 171). Gailur gorritik aurrera joanda 2. tontorra igaro (1.226 m, MF 170) eta aldapa handi batetik behera jaitsi MEATZE gaina hartu arte.

  • Bestea askoz luzeago da, baina bigunagoa: pistatik jarraitu eskumara hartu eta 200 metrotara hiru txabola ikusiko ditugu, horien gainaldetik pasatu. Azkeneko TXABOLAREN ALBOAN ITURRI EDERRA DAGO. Pistatik segituta pagadira sartuko gara eta pixka bat jaitsi ondoren erreten bat zeharkatuko. Igoera leuna, bidegurutzera iristean Bankara doan errepidea eskumara lagako dugu eta ezkerreko bidetik segi. 15-20 minututara ikusiko dugun txalet bat eskumara utzi eta bide hestu batetik jarraitu, mendi-ertza gurutzatu eta Argaraiko maldatik aurrera egin MEATZE gaineraino (MF 169). Lehen esandako bidearekin egingo dugu topo.

Monhoaren gainean, atsedenaz eta paisaiaz gozatuz
Monhoaren gainean, atsedenaz
eta paisaiaz gozatuz
—© L. A.—

Pistatik jarraituz, ezkerrera lagako dugu MEATZE gailurra eta igoera leun ostean —MF 167— gainera iritsiko gara. Mendi-gailurretik, hesiaren ondotik joanda, — MF 166— mendi-gaina daukagu. Atsedena hartu eta beste mendi-gain bat, —165. muga. Lauan jarraitu tontorraren eta hesiaren eskumaldetik eta pixka bat igo ondoren —MF 164— gainean izango gara. Mendi-tontorraren haitzetatik jaitsiz, mendixka bat zeharkatu (163.) eta bajaera suabe baten ondoren beste gain batera helduko gara. Mendi-tontorraren haitzak bazterrean utziko ditugu eskumatik hartuta, beste mendi-gain bat zeharkatu eta —162. muga— ezkerrean utzita hesiaren pasaixa edo astoa ikusiko ditugu. Hemen, hesia gurutzatu, ezkerretik hartu eta maldan gora zeharka joan, alde harritsu azpitik zeharkatu AUÑAMENDI edo LAURIÑA gaina eskuratu baino lehen (1.278 m). Buzoia eta MF 161.

Hor berriz topo egingo dugu mugako hesiarekin, fronterarekin, aldapa oso gogorra dago eta hortik bajatuko behar dugu. Pagadia hartuko dugu eta hesiaren pasaixa edo astoa gurutzatuko dugu BERHAINgo gaina hartu arte. Aldapa gogor batzuetatik igota belarrez jositako launa handi bateraino iritsiko gara (MF 159). Jaitsiera motza gero eta berriro igo ATXISTOI gaineraino (1.230 m).

Mendimotxarako bidean
Mendimotxarako bidean
—© L. A.—

Jaitsi berriro eta laster bide hestu batekin egingo dugu topo. MIZPIRATXAR gainean gaude (ezkerrean hormatzarrak). Pistatik gora hartuta, tontorrez tontor bidegurutzeraino. Igo ezkerretik, blokez egindako txabola bat aurkitu arte. Harrizko pistatik jaitsi, Trona gaina gurutzatu eta lauan jarraitu Girizuren iparreko maldatik. Han dagoen errepide hestuari jarraitu eta IBAÑETA gainean gaude. Ermita txiki bat eta ERROLANen oroitarria.

IRUÑErako bidetik jarraituta, kilometro bat oinez eta ORREAGA ondoan emango diogu amaiera gure mendi-ibilaldiari.

© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"


 Kartografia


Etaparen kordaleko mapa. Egin klik sartzeko...
Etaparen kordaleko mapa (46 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"

 Etaparen profila


Etaparen profila. Egin klik sartzeko...
Etaparen profila (11 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1