1.- Eibar - Karakate (749 m) - Irukurutzeta (985 m) - Maikutzeko putzua (670 m) - Zestoa

—Larunbata,
1992ko apirilak 4—


 Irukurutzeta eta Erlo mendien artean.
 Gipuzkoako bihotzean


Baserriaren ezkerraldetik hartuz, pista gurutzatu eta aldapa gogorrari ekingo diogu. Aurki aldatsa leuntzen hasten da eta pistan gora ezkerraldera hartuko dugu. Pistari jarraituz, astiro-astiro, gaina jo dezakegu baina bide zidorrak hartuz ere igo gaitezke, zuzenago gainera. Azken aldapan, bide zaharraren aldamenean iturria daukagu eta hortik MUNETAKO HAITZen gainean dagoen Gurutzera irtengo gara. Goratxoago errepikagailua eta KARAKATEko gaina (buzoia eta zedarri geodesikoa).

Hemendik eta Irukurutzetaraino, gainez gain bide aparta daukagu eta atsegina egiten da benetan zeren, ondo markaturik dagoen hainbat harrespila edo tumulu eta trikuharri hondar ikusteko aukera izango dugu eta. IRURYAko zelaiak baino aurreratxoago bidea bitan banatzen da eta adar bietatik edozein aukera dezakegu, zera, gandorrean gora ATXOLINgo gailurra jo (848 m) edo gainari uko eginez eskumaldetik pasatu. Edozein modutan ere PAGOBEDEINKATUra irtengo gara eta bost bat minututara gutxi gora behera, bideak, gandorra gurutzatuz. Gurutze bakarreko bizkarra (899 m) inguratzen du ezkerraldetik eta horrela IRUKURUTZETAra (895 m) heldu. Eguraldia lagun, bista dantzatzeko leku aparta!!!

Azkaratera jaisteko, 50 metro inguru egin behar da atzera Karakaterantz eta trikuharrira iristean eskumatara hartu eta bideari (marra zuri-gorriak) jarrai tu. Jaitsi ahala, hainbat bidegurutze aurkituko dugu baina beti ezkerraldetik jaitsi behar da.

Altako lineak gurutzatzen duen lepoa iristean (ezkerraldean bi baserri) eskumako xehezko pistari jarraitu eta AZKARATE gainera irtengo gara. Elgoibar-Azkoitia errepidea gurutzatu eta MADARARIAGArainokoa (MADARIXA) errepidez egingo dugu. Handik, Lasturrera daraman errepide estuari jarraituko diogu. Pare bat lasterbide laburtzen digu errepidez egin beharra dugu nahita nahi ez.

MAIKUTZeko lepoa (675 m) gainditu ondoren errepideak lau antzean jarraitzen du MAIKUTZEKO PUTZUA ezkerretara dugularik. Aurreratxoago pare bat txabola eta behera antzean jarraituko dugu Gazteluko haitza eta ERLOrako bideak eskumatara utziz. Dena errepidez pinadia igaro eta lepo zabal eta garbia aurkituko dugu. KURUTZETAko bizkarra eskumaldetik hartuko dugu eta MUGARRIGAIÑAra jaitsiko gara (582 m).

Hemendik aurrera bi aukera:

  • Eskumatara dagoen lehen pista hartu eta AITOLA ZAHARRA baserria igaroz, GOLTZIBAR bailararen baserriraino jaitsi. Pista honi jarraituz, Goltzibar baserrira helduko gara eta ibarrean behera eginez, Ezkapaio iturrira. Hemendik aurrera pistak ezkerreko maldarantz hartzen du troka zulotik urrunduz eta berari jarraituz OLAZABAL-BEHEKOA baserrira irtengo gara.

  • Lastur aldera jaitsi eta bihurgune itxi batetara iristean SESIARTE haitzerantz doan eskumako pistari ekin. Metro batzuk igo ondoren lepo bat gaindituko dugu (txabola eta SAGARRETA ibar estuko zelaietarantz jaitsiko gara. Pistak Sagarreta baserrira daramatza eta zelaietan behera jarraitzen du. Azken zelaira iristean bukatu egiten da eta bide zabala daukagu harrizko hormaren ezkerraldetik Galtzada antzeko bide zaharrak haitz artean behera egiten du zenbait hasi eta pagaditxo gurutzatuz. Pinaditxora irten eta ezkerraldera jaitsiko gara pagadira sartzeko berriro eta txabola ondotik igaroz pistara irtengo gara eta gerotxoago OLAZABAL GOIKOra irtengo gara eta gerotxoago OLAZABAL BEHEKOra.

Aldapatzarretan behera erreka zulora helduko gara eta honi jarraituz Zestoara. Zubi zahar bezain gotorra UROLA ibaia igarotzeko eta herri barruan gara.

© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"


 Kartografia


Etaparen kordaleko mapa. Egin klik sartzeko...
Etaparen kordaleko mapa (41 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"

 Etaparen profila


Etaparen profila. Egin klik sartzeko...
Etaparen profila (9 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1