2.- Zestoa - Aizarna - Amezketa-Lardi lepoa (460 m) - Igeldo (Donostia)

—Larunbata,
1992ko maiatzak 23—


 Pagoeta parke naturala zeharkatzen


Zestoatik Azpeitirantz abiatu eta errepidearen ezkerraldetik (Arozena eta Artetxe hotelen parean) AKUArako bide hestuari ekin. San Juan ermita eta haur parkea eskumatara utziz, aldapa labur bezain gogorra igoko dugu eta metro batzuk lauan ibili ondoren Santo Kristoko ermita joko dugu. Ezkerreko pistan gora egin behar dugu eta beherantz hasi dadin baino lehen, utzi eta ezkerraldetik gora berriro, galtzada zabalean zehar. Malda harritsuan gora egiten du galtzadak, AKUAko baserriak behean utziz. Baseliza ondotik igaroz, zuzen hartu beLar dugu ERTXIn haitzaren eskumatara dagoen leporantz. Hona iritsi eta ezkerreko bideari jarraitu eta pinaditxoa gurutzatu ondoren ermita joko dugu (gurutzea). Pistaz, AIZARNAko ibarrerantz jaitsiko gara eta berehala herriaren erdian. Aizarnako plaza zabalera sartu eta ezkerretarantz jaisten den lehen zementuzko pista hartuko dugu. Sakonunetxoa gurutzatu ondoren, aldapa gogorrari heldu behar zaio, pistan gora baserri artean. Altako kableak biltzen diren lepo zabalerantz jo behar dugu. Lepo horretan SAN PELAIOKO ERMITA eta hiru pista daukagu 50 bat metro ingurutan erdiko pista jarraituko dugu eta hemen goitik behera zuzen galtzada zabalari jarraiki. Berehala bidegurutzea eta ezkerretara hartu galtzada-pistan behera. Pinadian zehar jaitsi ahala, Galtzadak baserri zaharrera garamatza. Ezkerraldetik jaitsiaz, ibarraren barrenean dauden baserrietara iritsiko gara (KONTUZ ZAKURREKIN!).

Erreka igaro eta Aizarnazabaletik datorren pistara irtengo gara 50 bat metro pistan gora egin, ERROTATXIKI baserria eskumatara utziz eta ezkerretara Urdanetarako galtzada aurkituko dugu. Zeharka-meharka zelaietan gora malda gogorra gainditu eta txabolara joko dugu. Hemendik aurrera, segi gora eta pistak ezkerretara hartzen du gandorrera heltzeko. Gandorrean gora eginez, altako kableen azpitik eta zelaietan zehar, Urdanetara iritsiko gara.

URDANETAn zementuzko pistan gora egin, kanposantua eskumatara dugularik. Berehala baserria eta eskumako pista hartu behar dugu, bizkartxoa inguratuz, lepora iristeko. Hemen bidegurutzea berriro eta eskumako pistari oratu Pagoetarantz, azken baserria heltzeko. Ezkerraldetik Pagoetarako bide ederra daukagu eta bost minututan gaintxora garamatza, Hemen Pagoetarako bidea utzi eta bidexka hartuko dugu ezkerretara hasia gurutzatuz. Beheratxoago zuhaiztia eta bertan iturria. Aurreratxeago AMEZKETA-LARDI baserria. Baserriaren ezkerraldetik, Pagoetatik Laurgainerako bidea dator. Gandorrean behera senda ederra dago eta gero eskumatara hartzen du maldan behera egiteko, erreka latsa gurutzatuz.

Oihan itsuan behera egingo dugu emeki-emeki eta zelaien azpialdetik lepora iritsiko gara hainbat pista eta bide aurkituko dugularik. LAURGAINeko bizkarrera daraman errepidearen ezkerraldetik doan bide markatuan behera egin behar dugu. Berehala bidegurutzea eta berriro ere ezkerretik jarraitu. Oihanean behera, bide ederrean baserrietara irtengo gara eta eskumatara harrixehezko pista jarraituz, LAURGAINeko Parkera. Hemendik aurrera Km bat inguru errepidez egin behar dugu Orio gainerantz eta granja baino metro batzuk lehenago eskumatara hartu errepide estuan behera. Bihurgune itsura iristean, errepidea utzi eta baserrirako pistari oratu. Baserri honen ezkerraldetik, zelaietan zehar errekarainoko bidea daukagu eta ezkerraldetik jarraituz, zubia eta baserria aurkituko ditugu. Zubia igaroz, pista hartuko dugu eta behera eginez etxe-multzoa aurkituko dugu. Hemen, UBEGUNetik Oriora doan errepide hestuarekin bat egingo dugu eta berorri jarraituz N-634 errepidera irtengo gara.

DONOSTIArantz hartu behar da eta erreka gurutzatu ondoren eskumaldetik erreka ertzeko pasealeku zabala hartu. Etxebizitza blokera heldurik errepidea gurutzatu behar da eta Txanka eta ORIOko hondartzetara doan errepideari jarraituz. Errepide honetan gora eginez, autopista azpian pasatuko gara eta ezkerretara jarraitu, bihurgunetzarra lasterbidea hartuz saihestu ahal dugularik. Gaintxoan hondartzetara doan errepide nagusia utzi eta eskumako pista asfaltoan gora egingo dugu. Berehala bidegurutzea eta berriro ere eskumatara baserriraino igoaz. Honen ezkerretik bide harriztatuak gora egiten du eta jarraitu egingo dugu bertatik ezkerraldera sortzen diren adarrei jaramonik egin gabe. Bideak TALAIGAINAko malda zeharka hartzen du eta 15 bat minututan iturri ederra daukagu. Goratxoago errepidera irtengo gara eta baserri artean gora eginez itsasoa bistaratuko dugu aurki. Zementuzko pistan gora MENDIZORROTZeko gandorra gaindituko dugu eta gailurra eskumatara utziz, errepide estuan behera IGELDOrantz. EGUN ON PASA ETA SAGARDOAZ KONTUZ!!!!

© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"


 Kartografia


Etaparen kordaleko mapa. Egin klik sartzeko...
Etaparen kordaleko mapa (48 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"

 Etaparen profila


Etaparen profila. Egin klik sartzeko...
Etaparen profila (8 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1