4.- Eskas - Izu (829 m) - Ekaitza (1.047 m) - Mendieder (1.106 m) - Mendaur (1.131 m) - Sunbilla

—Larunbata,
1992ko uztailak 11—

 

Garai hauetan, ihesa amesten jarraitzeko eta bizirauteko biderik bakarra da.

Henry LABORIT.


 Arantzako zirkoan eta Mendaurreko eskaileratan


Josemari Unanue Arantzako Zirkoan
Josemari Unanue
Arantzako Zirkoan

ARTIKUTZAko ESKAS guarda-etxera iristean, ezkerretara hartuko dugu etxea eta alanbre-hesiaren kontrara dagoen bideari ekinez. Emeki-emeki egingo dugu oihanean gora eta dagoen bidexka bakarrari jarraituz zenbait errekasto gurutzatuko dugu. Pagaditxoa zeharkatu ondoren, oihana atzean utzi eta metro batzuk pinadiaren ertzetik egingo ditugu. Gatzarrietatik datorren alanbradaren kontratik jaitsiera laburra eta BIDANGOko lepora —713 m— iritsiko gara (zementuzko txabola arraildua ezkerretara). Hemen alanbradaren bestaldera igaro behar dugu eta, berorren kontrara, eskumatara (eki) ekingo diogu oihaneko karreju zabalean gora Bidango Gaina jo arte 781 m. Harrespila eta mugarritzarra. Alanbrada eta ehiza-postuen ondoan jarraitu eta hamarren bat minututan edo ELUTZAko lepora —690 m— jaitsiko gara (burdinazko txabola handi irekia ezkerretara). Pistaz egingo dugu aurrera, muinoaren eskumaldetik jaitsiaz eta ENUBIETA TXIKIko lepora —645 m — helduko gara. Harrespila.

Lepo honetatik, erripa laburrean gora eta gandorreko alanbradaren kontrara, ARMENDARITZeko gailur zuriraino igo gaitezke —712 m— (behatoki bikaina, Lesaka, Arantza edota Artikutzako urtegia ikusteko). PAGOLLETAko lepora jaisteko alanbradari Jarraitzea nahikoa. Askozaz lasaiagoa da, ordea, pistaz jarraituz, Armendaritzeko muinoa eskumatik inguratu eta Pagolletako lepora heldu — 653 m—. Hemendik, alanbradaren kontrara egingo dugu aurrera, Pagolletako harrespilak eskumatara utziko ditugularik eta gero ezkerretara trikuharria eta Orreagako mugarria (2.). Metro batzuk aurrerago burdinazko txabola eta pista utziko ditugu ezkerretara eta alanbradaren eskumaldetik jarraitu behar dugu Pagolleta Gañeko muinoari zirkin egiten dion bidetik. AMEKORUNeko lepora — 655 m— iritsiko garelarik. Hemen, ALANBRADAREN BESTALDERA IGARO BEHAR DUGU eta beronen ezkerraldetik ekin PAGADIAREN ERTZEKO BIDEXKAN GORA EGINEZ. Minutu batzuk barru pagaditik irten eta belarrezko erripan gora egingo dugu gaina jo arte.

Gandor zuriari alanbradaren kontrara jarraituz, IZUko gaina — 829 m— joko dugu. Zedarri geodesikoa, buzoia eta harrespila. Behatoki bikaina.

Hemendik aurrera alanbradaren kontrara —bidetxoak— jarraitu behar dugu eta pare bat bizkar gurutzatu ondoren, behera egingo dugu nabarmen, lepoan —690 m— pagadira sartzeko. Pagadian zehar bidezidorrez egingo dugu, alanbrada eta gandorra eskerretara utzirik eta emeki-emeki jaitsiaz. Minatu gutxi barru alanbrada gurutzatuko dugu eta gero borda zaharren artetik igaro ondoren pistara irtengo gara azkenik OLLARGATAko lepoan — 635 m—. Hemen txabola ezkerretara utzi eta pistaz, aldapatzarrean gora egingo dugu. Hamarren bat minutuz edo igo ondoren pagaditik irten eta gandorreko garbiunea joko dugu. ARANTZARAKO (ARANAZ) PISTA UTZI eta eskumatara hartuko dugu ira arteko pistatxoan gora eginez, berriro ere pagadian sartzeko. Bost bat minututan edo pagaditik irten, zenbait metrotara pistatxoa utzi eta sendaz jarraitu behar dugu (eskuin) pagadiaren ertzetik. Gandorra — 830 m— joko dugu eta Ibintzako muino zuriaren oinetan kokatuko gara. Hemendik zuzen igo gaitezke erripatzarretan gora IBINTZAko gailurreraino —1.037 m— eta, alanbradari jarraituz Ibintzako lepora jaitsi aldapa gogorrean behera.

Ekaitza gainetiko ikusmira
Ekaitza gainetiko ikusmira.
Atzean (ezk.) Mendieder eta (esk.)
Mendaur gainak
—© Patxi Arriaga—

Zertxobait errazago dateke, senda marratuari jarraituz eta zeharretara igoaz, gailurraren eskumaldera irtetea. Senda hau desagertu egingo da malda belartsuan eta goiko aldean adi ibiltzea komeni da ez galtzeko eta gandorreko GERASUNGO ATAKA parera jotzeko —980 m—, harrespila. Hemen alanbrada gurutzatu, larra arteko bidexka egokiari jarraitu eta Ibintzako lepora jaitsiko gara. Alanbradaren kontrara eta ezkerretara harrespil eta mugarria. Hemendik pago artean igaro eta sendan gora hartuko dugu alanbradaren eskumaldetik gandorreko iraganbidera iritsi arte —980 m—. Iraganbide honetan alanbradari beste aldea hartu behar diogu eta lau antzean jarraitu pagadian zehar berehala beste gandorrera irteteko. Gandor harritsuan zehar bidexkari jarraituz eta emeki jaitsiaz, lepoa joko dugu — 930 m—. Bide eta haitz muturrari zirkin eginaz ezkerraldetik (burdinazko txabola bide azpian) aurki itzuliko gara gandorrera. Bide zati onaren ondoren, gandor zurian gora erripatzarrak igo behar ditugu eta EKAITZAko gailurrera iritsiko gara —1.047 m—. Zedarri geodesiko handia eta buzoi txikia. Behatoki bikaina.

Gandorrez jarraitu zenbait haitz mutur gurutzatuz eta aurreraxeago (1.010 m) Y-Z-A MUGARRIA DAUKAGU ETA GANDORRA BITAN BANATZEN DA. EZKERRETARA JAITSI behar da aldapadatxoa eta gero lautada lepo zabaleraino — 953 m—. Gainez gain jarraitu gaitezke edota muino belartsuei zirkin egin eskumatara daukagun bidexkari ekinez eta lepora iritsiz —958 m—. Hemendik eta gandorrez, MENDIEDER-eko gailur zuriraino igo gaitezke eta gero aldapatzarrean behera Mustizeko leporaino iritsi. Errazago da, aukeran, gailur honi zirkin egin eskuin aldetik eta bidez bide zuzenean MUSTIZeko leporaino jaitsi — 965 m—. B-I mugarria.

Mendaurreko gailurra eta baseliza
Mendaurreko gailurra
eta baseliza

Parean MENDAUR-eko haitzetara daraman bide zabala daukagu. Gailurrean 1.131 m-tan kokatua dagoen TRINIDADEko ermitara iristeko harmaila ugari igo behar da. Inguruko gailurrik altuena eta paregabea behatokia.

Nahi duenak gailur honetara igo eta berriro MUSTIZeko lepora itzul daiteke. Lepo honen ezkerraldera eta pagadi ertzean iturritxoa dago eta bertatik hasten da Sunbillarako bidea (zenbait marra zuri). Zeharretara hartu behar dugu bidean behera pagadi ertzetik eta bertan sartzerakoan, gandorrari ekin erreka-zuloaren eskumaldetik. Iturritik hamarren bat minututara edo oihaneko garbiune batetara irtengo gara (ezkerretara errekondoan borda zaharra) eta ADI!! eskumatara egin behar dugu bira eta ehun metro edo jaitsi txabola bi jo arte. Bien artetik igaroz, bidexkak pagadira garamatza eta pare bat errekatxo gurutzatuko dugu.

Bide ederrari ekinez eta gorabeheratxo zenbaitekin pagadia zeharkatuz joango gara. Garbiune bat igaro ondoren, txabola arrailduak utziko ditugu eskerretara eta errekasto berri bat gurutzatuko dugu. Hemendik behera bide marratuari jarraituko gatzaizkio beti ere eskumatara doan bideari ez jarraitzeko adi ibiliaz eta garo eta haritz gazte artetik pistara irtengo gara. Pista hau gurutzatu egin behar dugu eta zuzen jarraitu, eskumaldera erripatxoan behera jaitsiaz. Pista barri bat joko dugu eta eskumatara ekingo diogu pinadian sartuaz. Pista barri bat jotzean, eskumatara hartuko dugu berriro ehun metro edo eginez bidegurutzeraino. Hemen eskerretara jaisten den pistari oratu behar diogu eta ira eta harritza gunea gurutzatu ondoren bidegurutze barri bat aurkituko dugu. Hemen eskumatara hartuko dugu lepoxkatxoan (375 m) zehar eta muinotxoa eskerretik inguratu ondoren lautadan dagoen baserri ederrera iritsiko gara ¾ 370 m-. Baserri honen eskumaldetik SUNBILLArako pista daukagu eta beroni ekingo diogu. Bidegurutzera iristean, eskumatara hartuko dugu eta bihurgunea jotzean (Sunbillako pista paregabea), berriro ere eskumatara. Beheraxeago ezkerretara bihurgune itsua eta hamarren bat minututan edo Sunbillako etxe eta eleiza aurrera iritsiko gara. ZUBI zahar bezain gotorra lagungarri izango zaigu Bidasoa ibaia zeharkatu eta Irun-IRUÑEA errepidera iristeko.

© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"


 Kartografia


Etaparen kordaleko mapa. Egin klik sartzeko...
Etaparen kordaleko mapa (42 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"
  • Vera de Bidasoa, 65. mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • Sumbilla, 90. mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • Mendaur (PR/NA 104) eta Arantzako Zirkoa (PR/NA 11). Bailara lasaiak. Bertiz Partzuergo Turistikoa.

 Etaparen profila


Etaparen profila. Egin klik sartzeko...
Etaparen profila (11 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"

 Bibliografia


  • La Gran Travesía de las Cinco Capitales: Eskas (Artikutza) - Sunbilla. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar).
  • Euskal Herriko 100 Gailur eta Mila Txoko. 93. ibilbidea. L. P. Peña Santiago. Elkar (1990).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 1. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1991).
  • Mendaur (PR/NA 104) eta Arantzako Zirkoa (PR/NA 11). Bailara lasaiak. Bertiz Partzuergo Turistikoa.

 Eta informazio gehiago amaraunean:




Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1