5.- Ilarregi - Atetz-Eritze - Berriogoiti - Berriobeiti - Iruñea

—Larunbata,
1990eko ekainak 9—


 Ilarregitik, bailara jarraituz Iruñeraino


ILARREGIn emango diogu hasiera ibilaldiari bidegurutzeraino jaitsiaz eta Ultzama eta Basaburua lotzen dituen errepidea gurutzatuz. Beste errepide estu bati jarraiki, aurki joko ditugu SUARBEko (Juarbe) baserriak eta hemen pistari oratu elizaren eskumaldetik. Aurki bidegurutzea eta eskumatara jarraituko dugu txabola (eskuma) ondotik igarotzeko eta zelaietan zehar jarraitu. Pagadira iristean erdiko pistari jarraitu behar zaio eta aurki garbiunera irtengo gara, Eloetxeko zelaietako hesi ondora, hain zuzen ere. Ez dugu zelai ertzetik jarraitu behar, zera baino, apur bat ezkerretara egin Beuntzarako ubidea jo arte. Pare bat minututan zementuzko bi arketaren ondotik pasatuko gara eta pagadian jarraituko, pare bat arketa duen arekatxoa gurutzatuz. Ubideari behar diogu kasu egin zuzen igotzen da eta, lehenengo pagadian eta gero pinadian gora. Pinu arteko garbiunean gora eginez (zementuzko zilindroa hemen ere). Pago eta haritz artean igoaz zelai ertzera iritsiko gara et honen aldamenetik eskumaldera igoko gara Beuntzako goi-larrak jo arte. Zementuzko arketak emango digu norabidea (HEGO) lepoa igaroz BEUNTZAko herrira jaisteko 730 m.

Herri honetatik errepidez jaitsiko gara (1,5 Km gutxi gorabehera) eta Beuntza-Larreako bidegurutzea baino beheratxoago ezkerraldetik pistara sartuko gara, txabola baino metro batzuk lehenago. Pista honek erreka gurutzatu eta solo artean, BERATSAIN herriraino darrai. Hemendik, berriro ere, errepidera jaitsi behar dugu eta berorri jarraitu ezkerretara ATETZ-ERITZE edo ERITZEGOITIra (Erize de Atez/Ateko Eri euskaraz, Patxi Arriagaren jatorrizko testuaren arabera) heldu arte. Hemen errepidea utzi eta eskumatara hartuz etxe artean igaro behar dugu eta errekatxoa gurutzatzen duen pista hartu kanposanturaino. Honen ezkerraldetik pistari jarraituz, hamabost bat minututan 660 m-tako lepoa joko dugu.

Gandorra igaro eta bide zabalean behera egingo dugu eskumatara alanbre-hesia eta zelaiak ditugularik. Hamar bat minututara edo iturria eta hesia gurutzatuz, bide zaharrean behera egingo dugu zelai ondotik. Behin ibarrean, harrixehezko pista jarraituko dugu eta errepidera irtengo gara eta honetan gora eginez EGUARATS herriraino iritsiko gara. Bihurgune itsura iristean, errepidea utzi eta ezkerretara dagoen pistari oratu txalet pare bat jo arte. Hauek ezkerretara utziz, hamar bat minutuz edo pistan gora egingo dugu eta gero bide zabalean jarraituko dugu USIko lepo garbiraino. Gure aurrean USIko solo, zelai eta baserri zaharrak agertuko dira eta bertara jaitsiko gara, horrela XULAPAINgo (Juslapeña) ibar eta udalean sartuz. USItik errepide hestuan behera egingo dugu eta BELTZUNTZEra iristean, ezkerretara hartuko dugu eliza aurreraino igoaz. Elizaren ezkerraldetik harrixehezko pista dugu eta bertatik gora egingo dugu. Kanposantutxoa baino lehenago, bihurgune itsuan pista utzi eta solo artean bide zabalari jarraitu behar diogu eskumatara. Pare bat minututan edo, muino koskor bat igaro eta errepidea berriro eta honi jarraituz NABATZ herriraino igoko gara. Herrira sartzerakoan, eskumatara jaisten den pista hartu behar dugu. Metro batzuk aurrerago pista banatu egiten da eta, berriro ere, eskumatara hartuko dugu, emeki emeki UNTZUko baserri hurbilerantz jaitsiaz.

UNTZUn, errepidea hartu eta BERRIOGOITIraino (Berriosuso) joan gaitezke. Errepide zatia saihestu nahi badugu, ordea, mapan seinalaturiko solo arteko pista erabili dezakegu. Berriogoiti herrixkaren sarreran, elizaraino doan pistan gora egin behar dugu. Eliza eta etxeak ezkerretara utziz, pista honi jarraituko diogu solo artean eta harrizko gurutzearen aldamenetik pasatu ondoren, BERRIOBEITIra (Berrioplano) iritsiko gara. IRUÑEA bertan dugu.

Oharra: Ibilbide hau, inguru hori kontutan harturik egina izan da. Gailur eta mendi-lerro gehienak itsu samarrak dira, sasi ugari eta bide gabeak. Horregatik bada, ibilaldia ibarretan zehar osatuko dugu eta hain dira ederrak paraje hauek eze, errepidez ibili beharraren kalteak arinago egingo zaizkigula espero dugu.

© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"


 Kartografia


Etaparen kordaleko mapa. Egin klik sartzeko...
Etaparen kordaleko mapa (44 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"

 Etaparen profila


Etaparen profila. Egin klik sartzeko...
Etaparen profila (7 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1