3.- Urnieta - Adarra (817 m) - Mandoegi (1.059 m) - Usategieta mendatea

—Larunbata,
1990ko apirilak 21—


 Urnietatik Usategieta mendatera, Mandoegiko
 mendietatik ibiliz.


XOXOKAn emango diogu hasiera ibilaldiari, BESABIko laura igotzen den errepideari jarraituz. Taberna eta baserria. Errepidearen amaieran, baserri parean, zementuzko bi pista sortzen dira eta ezkerrekoa hartuko dugu, Aldapeta baserriraino aldats gogorrean gora eginez. Baserri honetara iristean, eskumatara egingo dugu eta zelaietara igotzen den bide edo pistari ekingo diogu. Zelaien ezkerraldetik bidea dugu eta goratxoago pinadira sartzen da. Pinadia eta geroago pagadia gurutzatuz errekatxora iritsiko gara eta hemen hainbat bide eta hainbat aukera:

  • Ezkerreko bideari ekin, LEIAko zelai eta aterpera igo arte eta Elurtzuloko leporaino jarraitu. Hemendik, gandorrean gora (aldapatzarrak). Harrespil eta elurtzuloaren aldamenetik igaroz, ADARRA edo AGERREko gailur harritsura iristen da. Bestaldetik jaitsiaz, ETENETAko lepora iritsiko gara eta han, nabarmen, jentil-harria zutik.

  • Adarra inguruko aztarnategi megalitikoa
    Adarra inguruko aztarnategi megalitikoa.
    —© Inaxio Elizegi, Euskal Mendiak—
    http://www.argia.com/ehmendiak/
  • Errekatxoa gurutzatu eta eskumaldetik igo, pagadian zehar (aldapa gogorra) ADARRArantz. Aurki pagaditik irten eta bideak gora egiten du gailurra eskumaldetik inguratuz eta harritzar gunea gurutzatuz, ETENETAko zelaietara irtengo da emeki emeki.

ETENETAko lepotik sortuz, senda bikainak ONDDO gaina inguratzen du ezkerraldetik eta pinadian zehar OTSOLEPOra iristen da (671 m). Bideari jarraituz eta ia lauan, ZABURU edo ARGARATEko haitzak inguratuko ditugu, ezkerraldetik baita ere eta ANTXISTAko lepora (694 m) iritsiko gara. Pinu artean harrespila.

Gandorraren bestaldera egingo dugu eta ANTXISTAko trikuharria metro batzuk ezkerretara utziz, AZKETAko hego-maldan zehar jarraituko diogu bideari. Aurrera egin eta bihurgune itsuan pistara joko dugu eta honetan gora eginez, pinadian zehar, AITZOLAko lepora iritsi baino lehentxeago. Parean muino koskorra eta pistari eskumaldetik jarraituz ETZALAko lepora irtengo gara (780 m).

Hemen ere hainbat pista. Bi aukera:

  • Gandorrean gora egin, pistaz, eta UNAMUNO edo LEUNETAko gaina (878 m) igaroz, ERREKARTEko leporantz jo ARANO eta GOIZUETA aldeak bistan ditugularik.

  • Pinadian zehar igo, Unamuno ezkerretara utziz, gandorrera irten eta ERREKARTErantz hartu. Batetik zein bestetik ERREKARTEra irtengo gara, GIPUZKOAKO BIRAko bidexkari jarraituz (marra zuri-gorriak).

Gandor zurian zehar ABADEKURUTZera igoko gara (973 m). Hemen, gandor nagusiak ekialdera egiten du eta berari jarraituz lepoxka gurutzatu eta MANDOEGIrainoko aldapak gaindituko ditugu (1.043 m). Hegoaldera jaitsiaz (aldapatzarra) UREPELeko lepoa joko dugu Gipuzkoako aldetik pinadia eta Nafarroa aldetik pagadia dugularik.

Hemen, URTOra doan bide markatua utzi eta gandorrekoari jarraituz. Bi aukera:

Adarra gaineko buzoia
Adarra gaineko buzoia.
—© Inaxio Elizegi,
Euskal Mendiak—
http://www.argia.com/ehmendiak/
  • Urepeleko gaina inguratu, ezkerretik, alanbradaren kontra doan bidexkan zehar. Bideak ezkerretara egiten duenean utzi eta aurrera jarraitu. Pagadian behera metro batzuk egin ondoren, basabidea joko dugu eta iturburuetarantz jaitsiko gara. Hauek gurutzatu eta pista zaharrera irtengo gara. Honetan gora metro batzuk egin behar dugu eta gero maldan behera. Aldapatzarra, alanbre-hesia gurutzatu eta LEITZALARREAko lepoan gara (668 m).

  • UREPELeko gailurrera igo (1.059 m). Behatoki bikaina. LEITZALARREAra jaisteko gandorrean behera egin behar da, ezkerretara pagadia dugularik, alanbradara iritsi arte. Hemendik aurrera bide hori nahiko zikina dago eta ez da batere erosoa. Beraz, onena ezkerraldera hartzea izango da eta alanbre-hesiari jarraituz pistara irten. LEITZALARREAra darama.

LEITZALARREAn errepide hestua gurutzatu eta aurrera zuzen hariztian zehar. Berehala bidegurutzea eta ezkerrekoan gora egingo dugu garbiunera helduko garelarik. Bidegurutzea eta berriro ere ezkerretara Oihanean sartu eta aldapatzarra igo behar da eta pista eskumaldetik jarraitu, Baztarlako maldak gaindituz. Iturburutxoa gurutzatuz, aldats galanta berriro ere eta hau gainditu ondoren BAZTARLAko gandorra joko dugu. Pistak, gandorrean behera egiten du errepikagailuko errepideraino eta honetan behera eginez USATEGIETA mendatera.

Eguraldi onarekin eta errepidea saihesteko aukera hau daukagu:

  • BAZTARLAko gandorra jotzean gora egin (ezkerretara) garbiunera irtenaz eta bide ederrak pistara garamatza.

    IREBER-eko mendikatea pare parean eta LEITZAko ibar zabala ikusteko aukera ezin hobea. Pista gurutzatu eta maldan zehar hartuko dugu zelaiak gurutzatuz. Geroxeago beste pista batera jaitsiko gura. Han ere gurutzatu eta jaitsiera gogorra, ezkerretara pagadia dugularik. Lepoxkara heltzean, muinoa inguratzen duen ezkerreko bidea hartuko dugu eta USATEGIETAra zuzen.

© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"


 Kartografia


Etaparen kordaleko mapa. Egin klik sartzeko...
Etaparen kordaleko mapa (42 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"
  • Montañas de Gipuzkoa. Imanol Goikoetxea. Txertoa (1991).
  • Tolosa, 89. mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • San Sebastián, 40. mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • San Sebastián, 64. mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • Adarra-Mandoegi. Imanol Goikoetxea (1995). Eskala: 1:25.000.
  • Gipuzkoako Karta Arkeologikoa. Munibe Suplemento Nº 7 (Megalitos). Arantzadi Zientzi Elkartea. (1990).
  • La Gran Travesía de las Cuatro Capitales: Urnieta - Pto. Usategieta. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar). Eskala: 1:60.000. (1990).

 Etaparen profila


Etaparen profila. Egin klik sartzeko...
Etaparen profila (9 Kbyte).
© Copyright F. J. Arriaga "PATXI"

 Bibliografia


  • Montañas de Gipuzkoa. Imanol Goikoetxea. Txertoa (1991).
  • La Gran Travesía de las Cuatro Capitales. © Francisco Arriaga "Patxi" (C. D. Eibar - 1990).

 Eta informazio gehiago amaraunean:




Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1