Erronkariarren Errege Abelbidea. Leireko Monasterioa - Ollate (El Borreguil) gaina (1.420 m) - Coronas mendatea

—Igandea,
1995eko azaroak 5—


 Erronkariarren Errege Abelbidea


Gaur egin nahi dugun ibilaldia, ERRONKARIARREN ERREGE ABELBIDEAREN (GR-13) zatirik garrantzitsuenetarikoa dugu.

Negu eta udaberri osoa Bardeetan igarotzearren, baziren 100.000 ardi erronkariar-ansotarrak arrazaz (arraza aragoiarraren aldaerak) eta bertako klima latzari ezin hobeto egokituak —San Migel bezperan bortuetatik behera jaisten omen zirenak. Gutxi direnak, 1.600 urtean jaisten ziren 300.000 abelburu horiekin konparatzen baditugu. Negua pasa ondoren, ekaineko erdialdean, jada elurrik gabe zeuden Erronkaribarreko mendietara itzultzen ziren, orain ere aintzinako abelbide berberetik etorriz. Leireko, Olibako eta Urdaspaleko Monasterioak, Xabierreko Gaztelua eta Erdi Aroan jatorria duen Zangoza hiria Abelbidearen lekukoak izan ziren.

Gaur egun, abelbideak batzuetan nekazaritza eta abeltzaintzako pistak dira, besteetan ureztapenerako darabilten bideak ...

"Cabañera" izeneko abelbide hau, Bardea Beltzetik, ondoren Alfarilloko mesetatik, Bardea Zuritik —non El Yugo-tik datorren abelbidearekin elkartu eta Zarrakazteluko udal barrutian sartzen den— igarotzen da, eta azkenean Torre de Peña-raino iristen da.

GAZTELUBERRIko udal barrutian sartzen da, eta Tejería-ko ordekatik igaroz NABASKOZEn sartzen da. Aurre-Pirinioetako landaretzaz inguratuta, etenik gabeko jaitsiera batean Coronas mendatera iristen da, non bertatik Mendebaldeko Pirinioetako ikuspegi ezin hobea ikus daitekeen.

Leiretik La Cerrada leporako bidean; atzean Arangoitirako harriak
Leiretik La Cerrada leporako bidean;
atzean Arangoitirako harriak

Zalantzarik gabe, Erronkariarren Errege Abelbidea Euskal Herriko abelbide garrantzitsuenetarikoa dugu. Egun, gutxiago erabilia den arren, oraindik milaka ardik erabiltzen dute.

Gu, oraingo honetan, bide zahar hauek nolabait errekuperatzen saiatuko gara.

LEIREKO SAN SALBADOR MONASTERIOA (775 m).
Monasterioko gainaldetik —estazionalekutik— irteten den pista hartuko dugu (IE). Bidegurutzean, ezkerrekoa ez dugu hartuko.

Bidea geroz eta estuago bilakatuz, IEan, Cerrada-ko leporantz abiatzen da. Artadi batetik irteterakoan, Esako urtegia ikusterik izango dugu. Harizti batean sartuko gara. Ondoren, pinu eta ezpelen artean, bideak gorantz ere jarraituko du, eta sigi-saga LA CERRADA edo LEIREko lepora (1.245 m) eramango gaitu.

Abelbidearen gainean, IEan jaisten den pista bat egin zuten. Pista honek LANDOren ORDOKIetaraino garamatza. Zelaia zeharkatu eta basa-pista batetik Ean jarraituko dugu.

Abelbideko mugarri zaharretako bat
Abelbideko mugarri
zaharretako bat

Abelbideko mugarri zahar batera iristerakoan, eskuinean kontrasu batera doan pista bat utziko dugu, eta hain ez garbi Ean doan ezpelez inguratutako bidea hartuko dugu.

Beti Ean, alanbre-hesiko langa horixka batetik pasako gara. Sasirik gabeko garbigune bat aurkitu, eta azpibasoan bide bat bilatuko dugu.

TEJERÍAko ordeka (780 m), gaurko ibilaldiaren gakoa dugu. Gazteluberritik igaro gabe eta Ollateko pasabidetik pasatzearren, Biotzari eta Salvatierra de Ezka arteko errepidea 11.5 puntuan zeharkatu beharko dugu. Ierantz igo. Gazteluberritik datorren errepidea zeharkatzerakoan, zuzen-zuzen (IEan) jarraituko dugu.

OLLATE ataka (1.080 m). Abelbideko pasabideetako adibide berezietako bat. Zelaietatik Ean zeharkatuko dugu, urruti ez dauden ezpeletarantz abiatuz. IEan, lizarrez, pinuez eta pagoez osatutako basoan pasabide bat ikusiko dugu. Coronas mendatera (960 m) malda latzean jaitsiko gara.

Nabaskoze eta Burgi elkartzen dituen errepidea. Asfaltotik pasa gabe, behatokiaren aurrean dagoen bidea hartuko dugu. HEan jaitsi, telefono zutoin ilara bat jarraituz.

ARANDARIko Ordekan, telefono zutoinak utzi eta HEan, Arandari errekako ezker bazterretik joango gara. Erreka zeharkatu eta norabidea IE-ra aldatuko dugu. Aurrean, Burgiko panoramika ederra dugu. Erronkariko errepidera, Burgiko inguruetan, 14.5 puntu kilometrikoan irtengo gara. Errepidetik I-an segituko dugu.

BURGI. Ibilaldiaren amaiera. Burgitik 3 kilometrotara, Ean, Urdaspal Monasterioa eraiki zuten; monasterio honek jada IX. mendeko erdialdean bere garai onenak ezagutu zituen. I-an, ERRONKARI herria dago, Erronkari bailarari izena ematen diona.


 Kartografia


  • Sigüés, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • Navascués, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1