Elizondo - Sentinel (674 m) -
Lizarrieta mendatea (460 m)

—Igandea,
1995eko martxoak 12—


 Baztango bailaratik Lizarrietako lepora


Itsasu eta Ainhoa herrien arteko aurreko ibilaldi hori osatzeko asmoz, Baztango bailaran barrena mugituko gara, M norabidean Elizondotik Lizarrieta leporaino doan bidea hobeto ezagutzearren. Lepo honek, Etxalar eta Sara herrien arteko muga bereizten du.

Ibilaldi honen ezaugarri berezietako bat, Etxalar eta Baztan garaia ureztatzen dituzten uren banalerroaren gainean dela datza. Ibantelli eta Larrun mendiaren tontor harkaitsua erreferentzi gisa izango ditugu ibilaldi guztian zehar.

ELIZONDO (Baztan bailara). 200 m.
IM norabidea hartzen duen asfaltatua den pista batetik, Elizondo eta bere bailarako lur sail guztiak ikusgai ditugu. Pasabide batera iritsi ondoren, pista utzi eta bide zaharretik aurrera jarraituko dugu, borda batera iritsi arte.

Gurdibide batekin topatzen gara, bide zaharretik jarraitzarren. Beste gurdibide batera iristen garenean, hau ere jarraitzeko.

AMEZTIko ordeka. IM norabidea hartuz, Unboto mendiko hegiak inguratuko ditugu. Zelai batera iristerakoan, bideak kordala albotik hartuko du, ibilaldi osoan errepikatzen den ezaugarria izango delarik.

Atxueta (803 m) mendiaren ondotik igaroko gara. Hemendik aurrera, garaiera pixkanaka-pixkanaka galdu egingo dugu; gure eskuinean Alkurruntz (932 m) mendia kokatzen da.

Kordalean jarraituz bideak, ESKISOROI (518 m) pasabideraino eramaten gaitu. Pasabide hau, aitzinean, mendietan zehar gaueko-lana edo kontrabando egiteko oso maiz igarotako lekua izan zen. Ikazkinen ikatz-txondorrek urte askotan zehar, pagoz beteriko baso zabal hauek ke-tximiniaz zipriztindu zituzten. Etxalarreko baserri urrunetatik Elizondoko azokarainoko ganadu transhumantzia ere aski ezaguna izan zen orain dela urte asko. Bertako gurdibide, bide eta bidezidor estu eta zabalek Infernuko-Erreka aldeko errotetara zihoazen garia eta artoa zeramaten baserritarren urratsak ezagutu zituzten. Beste garai gogor eta zailak ziren, guda guztien ondotik izaten direnen antzekoak.

Usategia, Lizarrieta mendatean
Usategia,
Lizarrieta mendatean

ALTZU atakatik irteten gara. Pagoen artean ibiliko gara. Pagoak, gaztainondoak, larreak ... IIM norabidean pinudi batetik zehar igaroko gara, ondoren pista bat ere zeharkatuz. URSUMIATZAko bordak ikusgai ditugu 530 metrotan. Pixka bat geroxeago, IRAZAKU lepoa ezagutuko dugu, norabide desberdinetako bide gurutzea. SENTINEL (674 m) mendiko hegi garbian gaude. Atxuria edo Peña Plata mendia, gure iparraldean kokatzen da.

BASATEko kotatik igaroko gara, pago eta haritzen artean. 50 zenbakiko mugarrian NABALSAKO (475 m) lepoan izango gara. Lapurdiko lurren bista ezin hobea. Etxalarretik Sararako bideak gurutzatzen du.

USATEGIko mugarri ezagun hori ere aurrikus daiteke. 470 metrotan kokaturik, 46 zenbakiko Hego eta Ipar Euskal Herri arteko mugarria dugu. Bertako ehizak, usoak paleta batzuk airera egotzi eta usoak jaitsiarazi pago garaien artean dauden sareetara erakarriz, aitzin-aitzinetik datorkigun ehiza modu zahar baten aurrean jartzen gaitu.

Gurdibidetik jarrai daiteke, edo eta bestela, kordal nagusitik aurrera segi, mugarriak jarraituz Etxalar eta Sara herriak elkartzen dituen LIZARRIETAko (460 m) lepora iristeko. Bidasoa aldeko bista ezin hobea (Mendaur, Aiako Harria, Larrun ...).

Zugarramurdiko herria ere gertu dugu, baina hau beste ibilaldi batzuetako istoriotxoa izango dugu.


 Kartografia


  • Vera de Bidasoa, 65. mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • Valcarlos, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • Lizarrieta (PR/NA 14). Bailara lasaiak. Bertiz Partzuergo Turistikoa.

 Bibliografia


  • Lizarrieta (PR/NA 14). Bailara lasaiak. Bertiz Partzuergo Turistikoa.


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo



GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1