Itsasu (Laxia) - Mundarrain
(749 m) - Ainhoa

—Igandea,
1995eko otsailak 12—


Itsasuko Ageria
Itsasuko Ageria

ITSASUKO AGERIA

Egun 1963ko apirilaren 15an aberri egunean / Lapurdiko Itsasun landatu dugun arbolaren pean bildurik / kuna zer jakin arazten dugun / GUK EUSKALDUNEK / ZER GIREN / Lurraren arrazaren mintzairaren ohiduren / aldetik herri bat eta bakar bat gira / iragan denborako eta egungo nahiaz / nazione bat gira / Naturaz eta historioaz demokrazia bat gira / herri nazione demokrazia gisa / ZER DIOGUN / Batasunaren obratzeko eskubidea / gure buruaren jabetasunaren osoa nahi ditugu /herri bakotxari zor baitzako mende huntan / bere buruaren gobernatzeko dretxoa /JAKIN ARAZTEN DUGU / Gure nazionea guhaurek gobernat nahi dugula / bertze herrieri gure Euskal Herria nazionetzat / onhar araztea oldartuko girela / Horrela bat eginen da Euskal Herria eta / gure aberriari bizia eta segida emanen diogu


 Lapurdi. Atekagaitzetik (Pas de Roland) Ainhoara


Lapurdiko zonalde menditsua gainazal txiki batean kokatzen da, Urdazuri ibaiak alde batetik eta Errobiko bailarak beste aldetik zehatz-mehatz mugatzen dutelarik.

Errobiren arroilaren gainkaldetik, Atekagaitzen (Pas de Roland bezala eagutua), Mundarrain mendiak, gotorleku natural bat bailitzan, zut erakusten du bere aurpegia ARTZAMENDI mendiaren izugarrizko malda harkaitzuen aurrean.

Atekagaitz edo La pas de Roland
Atekagaitz edo
La pas de Roland

Aintzinako aztarna megalitikoak ere ez dira eskasak Errobi ibaiaren ezkerraldeko lur eremuetan, Arluxatta, Meatze, Meatzeko Bizkarra, Zelaia, Mendittipia eta Hezurretako harrespilak edo eta Gorospilgo harribakarra, orain dela zenbait mila urte bertan bizi ziren jatorrizko biztanleen froga eta testigantza isila baitira. Mundarrain tontorra Itsasu herriaren gainean kokatzen da, bi harkaitz lerroz hornituriko kono zorrotz baten forma berezia duelarik. Iparralde aldetik ikusia, ondo desberdinduriko bi isuralde aldapatsuak erakusten dizkigu eta 700 metro inguruko akatsik gabeko kono baten antza ederra hartzen du.

Itsasun geratzen bagara, bere XVII. mendeko eliza eta hilerria ikus dezakegu. Hemen ere Iparraldeko abertzaletasunean eragin handia izan duen mugimenduetariko baten berri dugu, Enbatarena alegia. Honek 1968. urteko Aberri Egunean eman zituen bere lehendabiziko urratsak, Gernikako Arbolaren adaxka bat landatu eta "Itsasuko Ageria"ren zati bat jasotzen duen estela bat ipiniz, euskaldun abertzaleen eskubideak gogoratuz.

Harkaitzen zulatutako ATEKAGAITZen jatorria, Laxia eta Itsasuren arteko biderik motzena eta azkarrena denaren arrazoian datza. Dena dela, kondaira zaharrak Karlomagnoren ordezkariaren "Duranbal" ezpatak ebakitako zuloa dela diosku, Errolan bere gudataldeekin Zaragozarantz abiatzen zenean.

Laxiako lehendabiziko gunera iritsita (estazionalekua), gure eskuin aldera Artzamendira garamatzan bide asfaltatua 100 bat metro hartu behar dugu.

LAXIA (40 m). Azkeneko etxeak eta baserriak atzean utzi bezain azkar, Artzamendirako bidea abandonatu eta gereziondoen azpian azkar igotzen den eskuinean dugun bide berri hori hartu behar dugu. Zig zag moduan gora doa, abandonatutako baserri baten ondora eramaten gaituena Bertatik, Legarreko arroila txikiko ikuspegi zabala eta ederra ikusi ahal da.

Bidegurutze batekin egiten dugu topo. Hemen, arroila aldera doan ezkerreko bidea laga, bai eta Legarreko mendateraino doan bidea ere, eskuinean dugun bidea hartzearren, ATARRIko gurutzeraino ttipi-ttapa garamatzana bidean gora.

370 m-ko garaieran dagoen gurutze honek Itsasu eta Lapurdi inguruko muino guztien ikuspegi ezin hobea eskaintzen digu. Gailurreria guztian zehar dagoen bidezidorra segi Legarreko mendateko eskuin alderaino iritsi arte.

Mendatean bertan gaudelarik, Gerastu aldera doan bide estua gurutzatu behar dugu, eta H norabidean hain pagadi ederra den Mundarraineko basorantz igoaz goaz. Seinaleak ondo jarraitu behar ditugu hemen bi lerro harkaitzu horiek saihestearren, eskuin aldera dagoen bidexka aurkitu eta jarraitu behar dugu eta.

Ainhoako kanposantuko estelak
Ainhoako kanposantuko estelak

MUNDARRAIN edo ARRANOMENDI tontorra (749 m). Kostaldea eta Sarako bailarako ikuspegi ezin ederragoak. Erromatarrek eraikitako gotorleku baten azken hondakinak. HHM. norabidean behera goaz URREZTIko kokaguneraino GR-10 ibilbide luzearekin topo egitearren. Hemendik ATXULEGIko mendiaren hegaletatik, HIRU GURUTZEetako lepotik igaro azkenean AINHOAko aterbe (Gîte d'Étape) bertaraino iritsi garelarik. Amaitu da gure ibilaldia.

Ainhoan, Erdi Aroan egindako eliza bisita dezakegu, okre kolorezko harri landuaz egina. Bere inguruan, kanposantua, hain famatua egin duten XVII. eta XVIII. mendetako estelaz hornitua.


 Kartografia


  • Pays Basque Ouest (Labourd). Eskala: 1:50.000.

 Bibliografia


  • Euskal Herria. Mendiak eta Historiaurrea. Jacques Blot. Elkar (1993).


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1