Ezkarai (810 m) - Valvanerako Monasterioa (1.000 m)

Asteburua
1995eko maiatzaren 13-14an


 Demanda Mendia, Oja haranetik Valvanerako
 monasteriora


23 Km luzerako ibilbide batetik, ERRIOXAn kokatzen den DEMANDA (ARANDIO izen zaharreko) Mendia gurutzatzen saiatuko gara. Ibilbide hau, bere zatirik handienean, aspaldian EZKARAI eta Errioxako erlijiogune garrantzitsua den VALVANERAko Monasterioa uztartzen zituen bide zaharra da.

Gaur egun paisajea, ganaduaren eragina handiaz aldatua izan da, denboraren poderioz bertako burdinolentzako egur ekoizpenak ere zonaldea aspaldian aldatu zuen bezalaxe.

Bide zaharrak OJA bailaran URDANTA ibaia, eta Najerilla haranean VALVANERA ibaiaren iturburuak inguratzen ditu, euren ikuspegi zabal eta ederrak dastatzeko aukera ematen digutela, ibaiok pixkanaka Ebrorantz abiatzen diren bitartean.

BENEGUERRA lepotik (1.730 m) edo NESTAZA atakara doan pista beretik, posible izango litzaiguke SAN LORENZO (2.270 m) mendira igotzea (mendi honen antigoaleko izena KUKULLA izan omen zen); San Lorenzo mendia Errioxako mendirik garaiena da, hain zuzen ere.

Valvanerako Monasterioa historia luze eta zabalekoa da, eta fraile beneditarren eskutan dagoen arroztegia dugu gaur egun. Bere kokapen bakartua eta bertan aurki daitekeen ingurunearen edertasuna direla medio, azken urteotan berau lasaitasun eta baretasun bila dabilen jendearen toki estimatua bihurtu da.

EZKARAI (810 m).
Oja ibaiaren gaineko zubia gurutzatuz igaroko gara. TURZAra doan errepidera iristerakoan, hau ere gurutzatuz, pago eta pinuen artean hegi erdian dagoen bidexka bat hartuko dugu. SAGASTIA lepoan pista zeharkatuz gorantz abiatuko gara, isuraldea aldatuz CERRO DE LA PUERCA izeneko hegia inguratzeko asmoz.

Urrutian Demanda Mendiko tontorrak ikusgarri ditugu. Eskuin aldera doan bidezidor bat hartu gabe, aska baten ondotik igaroko gara, MÁRULAko lepora iristeko. Ondoren, belardietatik jaitsiko gara. Eskuineko pista hartu eta 100en bat metrotara pista utziaz ezkerretik aterako gara.

Cerro de TXILIZARRIAS hegia inguratzen duen sasien artean irekitako bidezidorretik jarraituko dugu. Iturri batera iristerakoan, bidezidorra ezkerretik utzi eta BENEGUERRA lepora iritsiko gara. Bertatik DONEMILIAGA eta Oja bailaren bista ezin hobea. Poliki poliki, bidexka batek CAMPOS LARGOS sakanera gidatuko gaitu.

Bailaran barrena, DONEMILIAGA KUKULA-ko (San Millán de la Cogolla) Monasterioa ikus dezakegu, Donemiliagako Glosen jatorria. Donemiliagako Glosek 950. urtearen inguruan errioxar erromantzez idatzia izan zen lehendabiziko liburua osatzen dute, non bere orrietako baten alboan euskaraz ere idatziak diren lehendabiziko esaldiak ikus daitezkeen (Jzioqui dugu / guek ajutuezdugu). Ez da harritzekoa, zeren esate baterako, XIII. mendeko lehen erdian euskaraz mintzatzen zen Ojacastro haranean.

Sakanean bertan ibaia ibiz iragango dugu, pagadia zeharkatu eta hegi erdian jarraituz, ezker aldetik azaltzen den bide bat kontuan hartu gabe.

SALEGUILLAS lepoan, Fuente del Oro iturriaren ondotik pasako gara, non bere ezkerretik Valvanera Monasterioa doan bidezidorra irteten den.

Oso nabaria den bihurgune batean, pista gure ezkerretik utziko dugu monasteriora zuzen-zuzenean jaisten den bidea hartzeko. Bidea artadi batean barrena sartu eta ondoren ur-tanga batetik ere igarotzen da; beste bide batera garamatza. Bidegurutzean, eskuinera joko dugu langa batera iritsi arte.

Guarda-etxe baten ondoan ezkerreko bidea hartu, eskailerak dituen ate bat gurutzatu eta MONASTERIOra iritsiko gara. Bukatu da gaurko ibilaldia.


 Kartografia


  • Ezcaray, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.

 Bibliografia


  • GR-93. Sierras de La Rioja. Fundación Caja Rioja. (1993).
  • Demanda y Urbión. Mario Ollero Ojeda. Sua Edizioak (1995).

 GPS Datuak




Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1