"Kolore gorri gardenez margoturik, lau lili-hosto, eta erdian gurutze bakan bat marrazturik duen lore bat ikusi dut. Hindukustxen so egin dut, hormagune baten azken esparruetan, eta baita izozmendiz zipriztinduriko fjorden bazterretan ere.
Bat-batean, hara non sortu den munduko bi lekuetako konexioa.

Gizakion artean, hizkuntzaren beharrik ere ez dago-eta."

Kurt DIEMBERGER.

"... Belar izpien artean, Duinoko itsasoaren uhinen artean, edo Karsoko gune zabaletan barrena bizi den zerbait da. Maitasuna akaso? Ulermen honi maitasuna deitzen ahal bazaio, ez dakit beste zerbait ere ez ote den.. Dena dela, mundu osoak aurki dezakeela pentsatzen dut.

Duinoko uhinak ..."

Kurt DIEMBERGER.


 

 Moncayo: zorte txarra ote?


Aspaldidanik, Moncayo mendia mendizaletasuna gozatzen duen jendearen ikusmiran zegoela uste genuen. Era berean, mendi erraza zen eta igotzeko bide desberdinak aukera zitezkeen. Horrexegatik, ez genuen zalantzarik izan eta 94ko irteeretako bat izan zedin erabaki genuen.

94ko Maiatzaren hastapenean edo, ibilbidea aurretik ezagutzeko asmoz taldetxo bat sortu genuen. Taldean, Luis Mari Martínez, Arantxa Garralda, Celia Martínez, Jose Mari Etxeberria eta bostok osatzen genuen.

Dena dela, ibilaldia egiteko gure zalantzen artean, isuralderik egokiena aukeratzearena zegoen: Zaragoza aldekoa, edo Soria aldekoa. Aldez aurretik, isuralde aragoiarra erakargarriagoa zirudien. Irteera Moncayoko Angioan dagoen Gazteen Kanpamendutik has zitekeen.

Hala ere, 1.620 metrotan dagoen Moncayoko Santutegiraino doan errepidea ez dago urrun. Baina maleruski, hemendik hasten bagenuen, ibilbide hutsala geratzen zen, behetik irtetea denbora galtzea besterik ez baitzen.

Bestalde, Gaztelako isuraldea genuen. Alde hau makalago bazen ere, nolabait erakargarria zen eta paisajeak bakardadezko giro gorria islatzen zuen.

Azkenean, aukera honekin geratu ginen. Irteera gunea La Cueva de Ágreda herrixka bakartia izango zen. Inguruetan ez da ez kanpin ez aterberik, eta horrexegatik gaua igarotzearren literak zituen autobus bat eraman genuen. Hala ere, lo egiteko tokia norberak aukera zezakeen, autobusean zein kanpin-dendetan egiterik bazegoen eta.

Liburu batzuk irakurriz oso ibilbide interesgarri baten berri izan nuen. Ibilbidea zera zen, Moncayora herri honetatik igo, ondoren gailurreriatik coll del Muerto leporaino jaitsi, eta bertatik Huecha ibaiak zulatutako sakanetik behera Añón del Moncayo-raino iritsi.

Dena dela, ibilaldi honek desabantailarik ere bazuen, luzeegia da-eta, batez ere gu bezalako talde jendetsu batentzat. Eguraldia aldatuz gero ere, arriskutsua izan zitekeen.

Hala eta guztiz ere, puntu honetan zirkuitu bat egitea erabaki genuen. Tontorretik, gailurreria jarraituz Peña Negrilla-raino iritsiko ginateke eta handik, berriro La Cueva de Ágreda-raino.

Taldetxoa abian jarri zen. Eguraldi lainotsua izaki, ez genekien elurrik ikusiko ote genuen —hala ere, elur geruza fin batek estaltzen zuen tontorra. Goian, hotz izugarria, lainoa eta haizea tontorraren jaun eta jabe ziren. Asko kostata, ibilbide osoa egitea izan genuen. 5 ordutan egin genuen, ibilaldi baterako oso iraupen aproposa.

Orduan, gure komentarioetan eguraldia agertu zen: hil berean bi aldiz jarraian horrelako eguraldi nazkanterik ezin zezakeela egin ... hain zonalde lehorra eta antzua izanik, ezinezkoa zela ... Aldi berean, bertakoek horixe baieztatu ziguten.

Irteera eguna iritsi zen eta, zoritxarrez, eguraldia aurrekoan baino okerragoa izan zen. Hain gogorra izan zen eguraldia, ezen ez genuen ezta ere zirkuitua egiterik izan. Hotza krudelagoa zen, eta haizeak gainera aurrekoan baino bortitzago jotzen zuen. Igotako bide beretik jaitsi ginen. Bertakoek ez zuten batere asmatu, eta guk geuk aldi berean izan daitekeen zorterik okerrena izan genuen.

A ze komentariok egin zituzten La Cueva de Ágreda-ko biztanle batzuek, jendeak autobusean lo egingo zuela ikusterakoan.

Biztanleek zalantza handiak zituzten. Batzuek baietz zioten, hainbat hanka eta beso ilunpean mugitzen ikusi zutela zioten. Beste batzuek ordea, ez zela posible eta ez zela posible adierazten zuten. Biharamunean, euren ezbai guztiak argiturik geratu ziren.


Luismi GLEZ.



Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1