Kodesko Santutegia - La Costalera - Santa Kurutze Kanpezu

—Igandea,
1994ko apirilak 17—


 Kodesko mendikatea. Ega ibaiaren bazterrak


Joar mendiko buzoia
Joar mendiko buzoia.
—© Inaxio Elizegi,
Euskal Mendiak—
http://www.argia.com/ehmendiak/

Ebro ibaiaren ordokiaren gainean, Kodesko mendikatea dugu jaun eta jabe. Iparreko aldea, Santa Kurutze Kanpezu herriaren aldea, baso itxi baten bidez estalirik badago ere, Hegoaldea Euskal Herrian bakanak diren monolito handi batzuez horniturik dago, paisajeari izugarrizko edertasuna emanez. Bertan aurkitzen diren bi monolito handienek "Kodesko Bi Ahizpak" izena dute eta bada beraiei buruzko kondaira zahar bat (biak harri bihurturik geratu zirela esaten duena, ekaitz baten erdian Santutegirantz zihoazenean).

Hau guztia ikus dezagun, Hegoaldetik igoko gara, ibilaldiari hain ezaguna den Kodesko Santutegitik hasiera emanez.

Kodesko Ama Birjinaren eliza, Santa Kurutze Kanpezutik Esprontzedaraino, Acedotik Aguilar de Codes-eraino inguruetako sinesmen eta debozio handien sortzen duena da. Bertan, XII. mendean eginiko Andre Mariaren irudi bat gordetzen da.

Guk dakiguna baino askoz zaharragoa izan daiteke Kodesko Ama Birjinaren Santutegia, antigoalean, Kodesko pasabide hau ehundaka eta ehundaka abelburuk gurutzatzen baitzuten Santa Kurutze Kanpezuko San Martineko feriarako bidean.

KODESKO AMA BIRJINAREN SANTUTEGIA (780 m).
Santutegiaren atzean, frontoi bat dago, eta baita mahai eta iturri batzuk ere. Hemendik iparralderantz, aldamenetan sasiz inguratutako hartxintxarrezko bidezidor bat abiatzen da. Belarrezko ordoki batera iritsi ostean, harri soltez beteriko bidezidorra hasiko da aldapa gora eta gora.

Iparraldean, zidorrak eskuinaldetik saihesten dituen bi saihesbidexka dakuskigu. KONTUZ: marka gorri batzuk ikusiko ditugu aurrerantzean, "La Fuente de los Nenes" deritzan iturrira garamatzatenak zuzen zuzen. MARKAK EZ SEGI. Aurrera jarraitu beharko dugu, LA LLANA atakara iritsi arte (1.210 m), belarrezko ordeka, JOAR (1.418 m) mendia ezkerrera eta LA PLANA (1.337 m) tontorra eskuinean dituela.

 

Como la flecha arriba. Como la copa de los árboles. (Itz.) Gezia gorantz bezala. Zuhaitzen adaburua bezala.

Haritz zaharrak mendizale elkartea.
Yoar, 1.414 m, 27 de mayo de 1990 (sic)

—Joar mendiko postontziko plakan idatzitako testua—

Nazarreko portuaren bila
Nazarreko portuaren bila

Azkeneko hau inguratu behar dugu, (IE.) Punta Redondako kordalera irits gaitezen.

NAZAR-eko MENDATEra iritsiko gara (1.170 m). Bertan, mendatea zeharkatzen duen bide bat topatuko dugu, eskuinean Nazarreko bailarara garamatzana eta ezkerralderantz Santa Kurutze Kanpezura. Ez dugu horietarik bat ere jarraituko. Aurrera eta gora segituz, sasiz ezkutatutako bidexka bat bilatuko dugu, aurrean ditugun haitzetara zuzen zuzenean doana (marka marroiez seinalatuta). Bidexka hau gailurreriaren atzealdetik doa, eta oso eroso zeharkatzen du. Gogorrena den aldean, markak gorri kolorekoak bihurtzen dira.

LA COSTALERA (1.234 m) mendirako igoera ez da batere zaila. Zidorra, pareta bertaraino iristen da, eta guztiz ederrak diren ikuspegiak erakusten dizkigu. Graffiti batzuk azkeneko trepadatxoaren aurretik. Tontorrean buzoia. Aizkorri I-ra, Urbasa eta Lokiz IE-ra. Gorbeia IM-ra.

Igoeraren haitzan, Pio Aita Santuetako batek omen esandako esaera bat, graffiti gisa, idatzita dago.



 

¡Qué bello es subir a la montaña para respirar el aire puro y contemplar las grandezas del creador!

 

(Itz.)
Zein ederra den mendira igotzea, aire garbia arnasteko eta Jainkoak egindako edertasunak ikusteko!

Celia Ega ibaiaren bazterretan
Celia Ega ibaiaren bazterretan

Santa Kurutze Kanpezurako aintzinako jaitsiera Nazarreko mendatetik egiten da. Horretarako gailurreria jarraituz atzera egin beharko genuke. Baina guk ez dugu hortik egingo. Gailurretik metro gutxi batzuk jaitsi eta igoeran ikusi dugun plaka bati kasu egingo diogu. Eskuineko bidezidorra jarraituko dugu eta ezpel-sasien arteko jaitsiera oso aldapatsu batetik igaroko gara. "FUENTE ALTA" iturria bidean, eta bidenabarrak aurrera garamatza basoaren bihotzean. Azkenean, Ega ibaiaren bazter lasaietara iritsiko gara. Aurrerago SANTA KURUTZE KANPEZUko lehendabiziko etxeak dakuskigu.

Arrabal kaletik gora abiatuko gara. Bertan Goardia Zibilen etxea eta Ibernalo Ikastola. Gertu dago autobusa. Zonaldean zenbait taberna ere aurki daiteke.


 Eranskina


Kasualitateagatik izan zen, kasualitateagatik izan ezen 1997ko urte amaieran, Ibernalo ermitatik gora Nazar mendaterako okerreko bidetik baino —zuzenenetik ez bederen— ez baikenuen hasi. Ermitaren atzetik irteten den pistatik gora abiatu ginen, eta bidean Santa Kurutze-Kanpezu herriko gizon bat ikusi. La Costalerako bidetaz galdetu eta ibilaldia ondo egin genuen —Nazar mendatetik amaiera bitartean hemen goian deskribaturik dagoen eran—.

Etapa amaituta, herriko frontoian sartu eta mendian aurkitutako gizona topatu genuen. Geroago beste berriz taberna batean, eta berak aurkeztu zidan JESÚS MARQUÍNEZ LOS NENES iturriari buruzko galdera batzuk egiterakoan. Eta baita erantzun ere. Iturri honi buruzko kontuak esan zizkidaten, esaterako bertako burdinak orain dela 12 bat urte jarri zituztela herriko lagun hauek. Burdinak bai, berriak diren arren, iturria zaharra dela, aspaldidanik erabiltzen baitzuten bertako artzainek. Iturria estaltzen duten oholek, hegaztiek ur urria nardazka ez zezaten oholak dira. Eta izena dela-eta, bada kondaira bat bertaratu zen emakume antzu batek haurra izan zuelaren kontua, beraz, horrexegatik omen dator Los Nenes (Haurtxoen) iturri honen izena.

Kodes-ko Bi Ahizpak
Kodes-ko Bi Ahizpak.
—© Inaxio Elizegi,
Euskal Mendiak—
http://www.argia.com/ehmendiak/

Kodes oso garrantzitsua izan da artzantzan, eta ura urria izan da mendialdean. Horrexegatik zaintzen zuten artzainek Los Nenes iturriko ura, eta horrexegatik ere bertako artzainek Joarreko ipar isuraldeko pagoetako enbor eta adarretan "caúco" izeneko pitzadura batzuk egiten zituzten, bertan metatutako ur apurra edatearren. Eta horren ondorioz asko dira artzantzak sortutako istorioak, kondairak eta bestelako ipuinak.

Ondorengo hau benetako istorioa omen da. Kodesetik bidean gora, La Llana leporako bidean, badira harritzaren ondoan kokaturiko bi harri-puska, PEÑAS DE LOS DOS CENCERROS (euskaraz, Bi Zintzarrien Haitzak) izena dutenak. Eta izen honek , bertan aspaldian jokatu zen apustu batean du jatorria. Bi zintzarri apustugai izanik, La Llana lepoan zeudela, artzain batek bere lagunei gora igotzeko gai zela apustua jokatu zuen. Istorioak dioenez, artzainak Kodeseko Andre Mariari eskatu behar izan zion laguntza, gora abiatzearen zailtasuna dela medio. Kanpezun esaten dutenez, hala erregutzen omen zion artzainak Kodeseko Andre Mariari: "Virgen de Kodes, ¡asísteme! que no voy a subir más veces, Virgen de Kodes, ¡asísteme! que no voy a subir más veces." (Kodeseko Andre Maria, lagun nazazu! berriz ez naizela itzuliko). Artzainak gora igo omen zuen, eta hainbeste jardun, ezen bere lagunek hilik zegoela uste izan zuten; hala ere ez dut uste berriz itzuliko zenik.

Kondaira, historia, mitoa ... dena nahasten da mendi hauetan. Jesús-ek Kanpezu herri "chirrisquero" dela esan zidan, hemen egiten baitziren ez hain aspaldian "manguillos de planchas, trompos, botanas" delakoak ... Urtero udan, Lana ibarrean hamabost bat ikaztegi pizturik dirautela, baita arropa zuria errautsez nola zuritzen zuten ere ... Ohitura zaharrak galtzen ari dira pixkanaka lur hauetan ... horrexegatik lagun batzuk bideoan irudi zaharrak gordetzen ari dira, berriz ikusiko ez direlakoan. Jesús Marquínez-ek 40 bat bideo-zinta irarririk dauzka. Herriaren iragana, historia ez daitezela gal ... Kanpezura iristerakoan, berari buruz galdetu. Gustura arituko zaizu-eta.

Jesús Marquínez-i eskerrak emanez.

Jonmikel INTSAUSTI.


 Kartografia


  • Eulate, 139. mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • Viana, 171. mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.

 Bibliografia


  • Euskal Herriko 100 Gailur eta Mila Txoko. 109. ibilbidea. L. P. Peña Santiago. Elkar (1990).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 3. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1988).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 7. La Ruta del Peregrino. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1989).

 GPS Datuak




Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1