La Soula aterbea (1.700 m) - Clarabide gailurrak (3.021 m)

—Asteburua,
1994ko uztailaren 23-24an—


 Louron Bailara. Picos de Clarabide gailurrak


Pirinio ertainetako mendikatearen ezaugarrietako bat kordaletan duen aniztasuna da. Tontor zorrotz eta maldatsuetatik, kasko zabal eta leunetara igarotzen da, azkeneko honen adibidetako bat Picos de Clarabide gailurrak direlarik. Hala eta guztiz ere, Gías mendi-lepotik beste aldera, Pico dels Gorgas Blancas (Pico de los Hermitaños) zorrotzak askoz zailagoa den gailurreria harritsu bat erakusten digu.

Clarabide tontorretarako bidea Estós bailaratik egin daiteke; Cubero zubia erabiliz, Esera ibaia zeharkatzen da. Aurretik, Gías izeneko aintzirara iritsi behar da, ondoren izen bereko mendi-lepora iristen garelarik.

Guk ordea, igoera Frantzia aldetik egingo dugu, LOURONgo bailaratik hain zuzen ere. Bailara hau, Val Louron izeneko eski estaziotik gertu dago, eta Saint Lary izenekotik pixka bat urrutixeago.

LOUDENVIELLEtik irtenda, TRAMOUZAIGUES (1.204 m) izeneko zentraleraino doan bide estua hartuko dugu, zein Pont du Prat izeneko tokian amaitzen den.

Zentral honetatik abiaturik, Clarabideko zintzurretara doan bide azpimarragarria jarraituko dugu. Bere eskuinetik, zabala, markatua eta dexente erabilia den bide bat hasten da HM-an, bihurgune eta lasterbide anitz dituena, piriniar pinuen itzalpean zuzen eta gorantz poliki-poliki abiatzen dena. Aurrerago, eta eskuinaldera, CLARABIDEKO ZINTZUR-etan sartuko da. Errekatxo batek, bere magalean goi mendiko ur harrotuak beherantz daramatza.

Zintzurraren amaierako zatian, azkeneko zentrala dakusagu han goian, itzelezko hodi zabal eta handiak bertatik buruz behera jausten direlarik. Bere ondoan, LA SOULA aterbea. Zentrala eraiki eta bertan aspaldian lan egin zuten langileentzako egina. Egun, bailaratik automatikoki kontrolatzen da. Bertan, teleferiko bat ere ikus daiteke.

LA SOULA ATERBEA (1.700 m).
Aterbearen atzetik HE-an dagoen zubitto bat igaroz, urdinez markaturiko bidezidor bat aurkituko dugu, ordeka belartsu batera iristen dena. 2 orduren ondoren, Pouchergesko metalezko txabolara iritsiko gara, gaur egun oso egoera txarrean dagoena. Bertan, POUCHERGESko aintzira edo presa (2.108 m).

Ezkerretik igaroko gara, eta ondoren harritza bat zeharkatuko dugu. Belardi batetik igoaz, gorantz abiatuko gara, LAGO HELADO izeneko aintziratik jausten den ur-jauzia ikusi arte. Clarabide zirkoan sartzen ari gara. Pareta erraldoiek igaro ezinak dirudite, aurrera jarraitzeko biderik ez balego bezala. Hala ere, cairn harri multzotxoek ezkerrerantz garamatzate, eta bidezidor estu batetik igaroz, trepadatxo bat egin ondoren, Laku Jelatura iritsiko gara.

Harri soltez beterik dagoen erripa maldatsua pasa ostean, GÍAS mendi-lepora iritsiko gara (2.934 m). Kontuz ibili goitik erortzen diren harri solteekin.

Ataka honetatik, PICO DELS GORGAS BLANCAS (edo Pico de los Hermitaños) mendiaren gailurreria osoa egin daiteke (3. graduko pasabide zailen bat dago). Eskuinetik jarraitzen badugu, sortaldeko CLARABIDE gailurrera iritsiko gara (3.021 m). Bidezidor erraz batek mendebaldeko tontorrera (3.021 m) xuxen xuxen garamatza.

Perdigero, Bachimala eta Posets mendien bista izugarria.


 Kartografia


  • Luchon, Pyrenées carte nº 5. Institut Géografique National (Frantzia). Eskala: 1:50.000.


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1