La Cueva de Ágreda (1.320 m) - Moncayo (2.313 m)

—Asteburua,
1994ko maiatzaren 14-15ean—


 Iberiar Sistema. Moncayoko mendikatea


MONCAYOko mendigunea Soria eta Zaragoza herrialdeen artean kokatzen da. Gaztela eta Aragoi herrien artean, Iparraldetik Ebro ibaiaren lautadetaraino iristen da. Bere Hegoaldea ordea, askoz pobreago eta antzuago da, bertan zuhaitz eta sasirik gabeko eremu zabalak aurkitzen direlako.

Gora igotzeko bide nagusiak hauexek dira:

  • Moncayoko angiotik, Santutegian (1.600 m) amaitzen den bidea hartuta.

  • Beratón herritik (19 biztanletakoa), Collado del Muerto-tik (1.724 m) gora.

  • Cueva de Ágredatik (1.320 m), HM aldean kokatzen den herrixkatik atereaz.

Azkeneko hau aukeratu dugu, beharbada paisajeari darion desolazio giro azpimarragarriagatik. Irteera kokagunea, eta era berean amaiera LA CUEVA DE ÁGREDA herria izango dugu; izena herriaren goiko aldean duen kobazulo batetik datorkio, Herkules indartsuaren kondaira zaharrekin erlazionatuta dagoena hain zuzen.

Herriaren bukaeran, nondik Beratónerako bideak jarraitzen duen, EIE-an irteten den bide bat hartuko dugu. MULAS ERREKAren arrastoa jarraitu behar dugu, kanpatzeko egokiak diren zelai batzuetara iritsi arte. Bertatik, hariztirantz jo behar dugu. Bidetxurrak basoa, aldapa leun baten bidez gurutzatzen du eta pixkanaka-pixkanaka sakanean barneratzen da. Bertan, aspaldian lurrarekin topo egin zuen hegaxkin baten hondakinak aurkituko ditugu.

Aldapa geroz eta gogorragoa bihurtuko da, eta sakana zabaldu egingo da. Bat-batean, errekatxoa lur azpira sartzen da, aurrera jarraitzeko bi aukera dauzkagularik:

  • Arrotik jarraitu CERRO SAN JUAN (2.250 m) leporaino, Moncayo mendiaren gailurretik bereizten duen hegi motz hori gainditzeko.

  • Ezkerraldera leunki jo (EIE.) eta ipuruz zipriztinduriko harritza gogor batetik igo. Tontorrera zuzen-zuzenean iritsiko gara (2.313 m).

Bertan bi mugarri eta irudi txiki batez hornituriko erpin geodesikoa. Urbión eta Cebollera mendilerroetatik Pirinioetako mendikatearainoko ikuspegi zoragarriak.

M norabidea jarraituz, COLLADO DE CASTILLA mendi-lepora (1.957 m) iritsiko gara, eta ondoren PEÑA NEGRILLA (2.118 m) gailurrera igoko gara. Erpin geodesiko bat. Ipuruz osaturiko lepoa jarraituz 2.065 m-ko kotara helduko gara, bertan harkaitzez eginiko zirkulu interesgarri bat ikusiko dugula. Behean, ÁGREDA eta ÓLVEGA herrietako guneak bistan.

Jaitsiera HM-an egingo dugu, biderik gabe, magalean ikusten diren larre batzuetarantz. Behean eta ezkerrean, zokogune zabal eta lehorra.

Peña Negrilla kordala inguratuz, ALDEHUELA DE ÁGREDAtik hegoalderantz datorren bide bat segituko dugu. Herria, maldatxo bat gainditu arte ez dugu ikusiko eta Cueva de Ágredara bere karrika estuetatik, goiko aldetik laster iritsiko gara.


 Kartografia


  • Olvega, 351. mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • Tabuenca, 352. mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1