Langraitz - Oto Goien -
Atxabal/Oroko Haitza (896 m)

—Igandea,
1994ko otsailak 13—


 Arabako Zabaldia. Badaia Mendiko inguruetan


Gaur egin behar dugun ibilaldia bi zatitan bereiz daiteke. Lehenean, ibilaldiak Oto Goien (Hueto Arriba) herriraino eramango gaitu, GR-25 ibilbide luzeko bidezidorra erabiliaz. Bigarrenean Urkimaitu lepotik zehar, aitzitik, GR-25a utziz, iparralderantz abiatuko gara, Badaia Mendia gurutzatzeko. Ondoren, igoera samur bat besterik ez zaigu geratuko Oroko Haitzeraino irits gaitezen, non Zuia bailarako santutegirik ospetsuena ikus dezakegun, Oroko Santa Mariaren Santutegia.

Alderdi hau oso aberatsa da historia, monumentu eta era askotako aztarnategietan, eta euren artean ezin dugu aipatzeke utzi ZUBURRUTIA/TRASPONTEko (Trespuentes) erromatar zubi ederra, bisitatxo bat merezi duelako.

Ibilaldia LANGRAITZen hasiko dugu. Ur-hodi handi baten ondotik jarraituko dugu lehendabiziko urratsetan. Biloda herrirako bide bat ere ikus dezakegu.

Aurrerago zenbait bidezidorrek, estuak direnak batzuetan eta sasiz inguraturik daudenak oro har, Santa Katalina Monasteriora eramango gaituzte, Badaia Mendiko sakon batean kokatuta dagoen monasterioa. Hemen argi ibiliko gara, GR markak gal baitaitezke. Bidezidorrak ezkerretik jarraitzen du, monasterioaren harresietara itsatsita.

Hazkuntza soro eta zelaien ondotik igaroko gara, Mendoza herrirako bidea uzten dugun lekuaren inguruetan. MENDOZA herri interesgarria dugu, bertan Arabako dorretxe zaharrenetakoa oraindik zutik dirauelako; lau dorre zilindrikok dorrearen babesak indartzen dituzte. Gaur egun, Mendozako Dorretxea Heraldika museo bilakatu dute.

Haritzez inguraturiko bidezidor baten bidez, OTO GOIEN herrira joanen gara, OTO BARREN (Hueto Abajo) herriko inguruetan dagoena. GOROS errekako ubide lehorra gurutzatuko dugu. Hemendik gertu eta errekaren iturburuan Goros kobazulo interesgarria dago, 500 metrotan irekitako lau zulo handiz osatutakoa. Mendiko E-an dago eta ehorzketa-aztarnategiaren funtzioak betetako tokia dugu Brontze, Burdin eta Erdi Aroan zehar. Aztarnategia 1957. urtean aurkitu zuten Gasteizko Manuel Iradier Txangolari Elkarteko kide batzuek.

Oto Goienen, XIII. mendeko eliza erromarra ikus daiteke, Natibitateko Andre Mariaren omenezkoa.

Herri honetatik, GR-25 bidezidorrak Legarda herrirantz jarraitzen du, arabar zabaldian egiten duen bidaian zehar. Guk ordea, hemen utzi eta I-ra jarraituko dugu URKIMAITU (833 m) mendi-lepoaren bila. Hemendik Badaia Mendia gurutzatuko dugu. M norabidean GARALTEko Gurutzea dago (897 m) eta E-an OLAZAR-eko Gaina (883 m). Bidexka batekin topatu arte, Domaikia herrixkara eramango gintuzkeena jarraituko dugu. Hau gurutzatu eta aurrean dagoen Katergi muinoa bidexka bat erabiliz eskuinetik inguratuko dugu.

Hemendik aurrera, Oroko Haitza ikus daiteke. Ezkerraldera jotzen duen hegi erdian igotzen den zidor bat hartuko dugu. Azkenean, bide zabal batek Oroko Haitzeko tontor nagusira eramango gaitu: ATXABAL edo OROKO HAITZA (896 m). Tontorrean Brontze Aro bukaerako eta Burdin eta Erdi Aroetan erabilitako gotorleku baten azkeneko aztarnak ikus ditzakegu (K.a. VIII. mendetik K.a. I. mendea arte), egoera nahiko onean daudenak hain zuzen. Aztarnategia, 1918. urtean Joxemiel Barandiaranek berak aurkitu zuen, eta ia tontor guztia okupatzen du.

Errepikagailua, erpin geodesikoa eta buzoia mendi kaskoan. Pixka bat beheraxeago, OROko Andre Mariaren SANTUTEGIA, XII. mendetik ezaguna eta ondorengo mendeetan zenbait aldaketa jasan dituena. Ohar interesgarri moduan, Oro izena gaztelera zaharrean 'mendi garaia'ren esanahia duela azpimarratu behar dugu, izenak berak Santutegiaren kokapena argi eta garbi azalduz.

Santutegitik, 3 Km-tako errepide batek Bitoriano herriraino eramaten gaitu. Murgia eta Sarria herrien ikuspegia.


 Kartografia


  • Vitoria, 112. mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • La Puebla de Arganzón, 138. mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.

 Bibliografia


  • Montañas del País Vasco. Tomo 7. La Ruta del Peregrino. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1989).
  • Carta Arqueológica de Álava. Diputación Foral de Álava (1987).


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1