Ebro ibaiaren arroila.
Pesquera de Ebro (680 m) - Cortiguera - Valdelateja - Pesquera de Ebro

—Igandea,
1999ko azaroak 28—


 

On Pío Coronado, On Rodrigo de Arista Albrit Kontearen biloben maisua, eta On Rodrigo bera, eguzkipean itsasertzeko amildegien ondoan mintzo dira:

— Arraio! On Rodrigo, esaten duzun bezala, hotzikara ematen du...

— Hala da, Albrit zaharrari ez zaio bakartasunik eta itxaropen faltarik baino geratzen. Beldurgarria da bakardadea, e, Coronado?

— Niri hitz egin behar didazu bakartasunaz, Jauna, hirugarren zakurra ehortzirik badudala...

El abuelo (Aitona) —
José Luis Garcí (1999)


 Ebro ibaiaren arroila:
 Pesquera-tik Valdelateja-rako bidean


Ebro ibaia REINOSA herriko inguruetan, FONTIBREn jaiotzen da. Laster Kantabriako lurrak utzi eta Burgosekoetan sartzen da 145 kilometroko ibilbidea eginez, bidean bailaraz, zintzurrez, arroila sakonez marraztutako paisaia sortuz.

Bertan diren arroila horiek guztiak korritzeaz gain, bada egin daitekeen beste aukera bat, Orbaneja del Castillo, Valdelateja, Pesquera de Ebro, Tudanca eta Cidad de Ebro bezalako herri ederretan murgiltzearena hain zuzen.

Dena dela, beharrezko da Orbanejari bisita egitea, ORBANEJA herrialdeko herri pintoreskoenetariko bat izateaz gain, gune historiko-artistiko izendaturik dagoelako.

Ur-jauzi txiki batetik gora igoz, erabili gabe dagoen errota bateraino igoko gara: hemen arestian mota askotako zerealak zein dilistak ehotzen ziren. Herrian, Ebro bailara gailentzen duten haitz batzuen gainean eraikirik dagoenean, sartuko gara. Bere etxe zaharrak zaharberrituak izan dira: zenbaitzuk fatxadan idazki batzuk ere idatzirik badituzte.

Haitzen gainean, Orbanejari izena ematen dion GAZTELUA izan zen aspaldian. Hala uste denez, herria jende mozarabiarrek birpopulaturik izan zen, herriko zenbait kaleren izenek hori esatera baikaramatzate (Almotacén edo Almojahade esate baterako).

PESQUERA DE EBRO herria dela eta, inguruko herri monumentalena dela esan behar dugu. Iragan aberatsa izan zuen, bertan XVI. eta XVII. mendeetan zehar eraiki ziren etxeek hala frogatzen baitute. Zenbait etxek fatxadan bertan ezkutu bat ere badute.

Tira! Bada garaia, botak jantzi eta Ebro arroilan sartzeko unea iritsi zaigu...

PESQUERA (880 m)
Erdi aroko zubi bat zeharkatu , San Antonio ermitaren ondotik pasa eta DOBROrantz doan errepidetik ibiliko gara. Errepidearen eskuinean, Ebro ibaiaren ondoko zidor baterantz zuzentzen gaituen seinale bat ikusiko dugu.

Bidezidorra samurki gorantz egiten du eta CORTIGUERA herri abandonatura doan pista batekin elkartzen da. CORTIGUERAra joango gara. Bere etxe zaharretako hondakinak ikusten ditugu, batzuk ezkutu ederrak dituztela; elizaren hondakinen ondoan zidor bat bilatu beharko dugu. Berehala, ibilbideko punturik garaienera iritsiko gara: arroilaren bista ezin hobea, Ebro ibaia 200 metro beherago dagoelarik.

Zedarri harri handi bati egin beharko diogu kasu, berak zuzenduko gaitu sigi-saga harrian irekitako zidorrerako biderantz: zidor honek metro askotako garaiera galtzen du.

Hemendik aurrera ez dugu VALDELATEJArako bidea galduko. Herri honen gainean SIERO (835 m) herri galdua dago, eta gainean, talaia ezin hobean ZENTOLA ETA ELENA SANTUEN OMENEZKO ERMITA.

Valdelateja herrian sartu eta tabernatik zein eliza ondotik pasatuko gara. RUDRÓN ibaiaren eskuin ibarrean irekitako zidorretik jarraituko dugu (Rudrón ibaia Ebrorekin bat egiten du geroago). Hain trinkoa da landaretza ezen ezin da ibai-ahoa ikusi.

Zentral elektriko baten ondoko zubi batetik Ebro ibaia zeharkatuko dugu. Baso trinkoa ezkametzez, sahatsez, astigarrez, haltzez... osaturik dago, kolore beterik dagoelarik larrazkenean.

Azkenean arroila zabaldu egiten da eta makalez zedarritutako hiribide antzeko batera iritsiko gara, PESQUERArako bidean.

Bazkaria "EL ARCO" JATETXEAn, landa-turismo zentro bateko gunea denean ospatuko dugu.



Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1