Lokiz Mendia.
Galdeano (550 m) - Lokiz Santiago (969 m) - Biloria (605 m)

—Igandea,
1997ko azaroak 29—


 Lokiz Mendia. Ameskoa aldetik Lana Bailarerako
 antzinako bidea


Lokiz Santiago galtzada handia da, erdi galdutako bidea, San-tiago Apostolua la charca de la Cruz de Hierro izeneko putzu-rantz daramaten harritzetatik iragaitearen misteriozko testigantza.

Lokiz Santiagok dagoeneko, zazpirehun urte ditu beteak. Ermita honek gerretatik ihes egiten zuten lagunen aterbe izan zela diote etnologoek. Belaunaldiz belaunaldiz iragandako kontu zaharrek diotenez, mendi bakarti hauetatik pasatu zen Santiago Apostolua Galizarako bide luzean eta horregatik, iragaite honen testigantza gisa, geratu omen ziren bertan ediren daitezkeen "Erromesen Maskor"-ez ezaguturiko fosil ugariak.

Lana Bailara itzaltzen ari da pixkanaka. Gaur egun ez da antzina izan zena. Gazteek ez diote zaharrek egindakoari jarraitu nahi. Ez dezagun ahantz gurasoek erakutsi zigutena. Horregatik 2000. urtearen atarian, zahar batzuk oraindik bereari eusten diote. 15 bat ikaztegi erretzen da uda oro bertako basoetan.

Santi, Primo, Josemari Unanue eta Martxel Biloriako ordokietako gainean
Santi, Primo, Josemari Unanue eta Martxel
Biloriako ordokietako gainean

GALDEANO (550 m).
Elizatik, herriko alde garairantz irten eta gurpide bat hartuz, bihurgune batean kokaturiko metalezko langa bateraino iritsiko gara. LANGA zeharkatu bezain laster eskuinerantz biratuko gara. Bidea basoan barrena sartu eta bidetik bidezidorrera aldatuko da. Aurrean, zabalago den goranzko bide bat ikusiko dugu; basoa utzi eta bide berri honetan ibiltzeari ekingo diogu, harri eta hartxintxarrezko pista bateraino iritsiz. Gorantz jarraituko dugu. Beste aldapa bat igo ondoren, BI MONOLITOren ondotik igaroko gara; pista ordeka batean amaituko da, Mendiaren hormen pe berean hain zuzen.

Hemen hasiko da harrian landutako bide estu bat; LOKIZ gaina inguratuz, bidetik gora jarraitu eta basoko argigune bateraino iritsiko gara.

Pagadian sartzen den orbelaz estaliriko bide zabal bat hartuko dugu eta bidegurutze batera iristen garenean ezkerretik jarraituko dugu harrian ere zulatutako beste bidezidor batekin topo egin arte. Hau bi adarretan banatu eta ezkerrekoa hartuko dugu.

Pagaditik irtengo gara, sakana beti ezkerraldean utziz; ARAMENDIA LEPOaren eta SARZALETA (1.095 m) gainaren paretik igaroko gara.

Orain bide zabalago batetik ibiliko gara eta urrutian HM-an, LOKIZ SANTIAGO baseliza (XIII. m.) ikusiko dugu. Bertaratuta (969 m), baselizaren aurrealdea atsedena hartzeko toki egokia izan daiteke; barruan, mahai bat, eserleku bat —baita sutondoa ere— dituelarik, dena haizetik babesturiko lekuan gorderik dago.

Ermitatik HM-rantz irtengo gara, Ollogoien lepora jaisten den pistatik abiatuz. 700 bat metro ibili ondoren, bidegurutze batean pista utzi, eskuinerantz norabidea aldatu eta harri zuriz eta zuhaixkaz estaliriko MUINOrantz (1.000 m) zuzenduko gara. Hemen landaretzak agintzen du, dena estaltzen du-eta; hegia ahal dugun eran, ezkerralderantz ibiliz zeharkatu eta argigune nabari eta txiki batera jaitsiko gara. Hemen datza "LA BALSA DE LA CRUZ DE HIERRO" delakoa.

Biloriara hurbiltzeko azkeneko aldapa
Biloriara hurbiltzeko azkeneko aldapa

Aurrean pistaren bi adar azaltzen zaizkigu. Ezkerrekoa hartu eta bidegurutze bat azaltzen denean ezkerretik jarraituko dugu "BILORIAKO ESKORTetara" — "CORRALES DE BILORIA" delakoetara— iristeko. Apur bat aurrerago, ezkerrean balsa bat utzi eta "BILORIAKO ORDOKI" bakartietara iritsiko gara.

Hemendik aurrera, zenbait bide ezberdin irteten dira. Ezkerraldean, hesi batez inguraturik ikusten dugun putzu baten ondotik pasatzen garenean, bi pista irteten dira; eskuinekoa, aldapa txiki bat igotzen duena hartuko dugu. Hurrengo bidegurutzean ez dugu eskuinaldera hartuko, bideak KONTRASTAra eramango gintuzke-eta, Menditik ULIBARRI aldera jarraituz. Ezkerrekoa hartuko dugu, artez inguraturiko pista zabaletik jaitsiz; bihurgune asko egin ondoren, pista honek errepide estu bateraino eramango gaitu. Metro batzuk ibili ondoren, eskuinalderantz, BILORIA herrixka (ibilaldiaren amaiera) ikusten dugu. Errepide honek Biloria eta era berean ikusgai dagoen GALBARRA herria elkartzen ditu, eta Km eskas batzuetan ACEDOraino iristen da; bertan ospatuko dugu urte bukaerako ohiko bazkaria.


 Kartografia


  • Eulate, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • Estella, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.

 Bibliografia


  • Euskal Herriko 100 Gailur eta Mila Txoko. 106. ibilbidea. L. P. Peña Santiago. Elkar (1990).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 3. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1988).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 7. La Ruta del Peregrino. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1989).

 Eta informazio gehiago amaraunean:




Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1