Atharratze (217 m) -
Maidalena baseliza (795 m) - Gotañe

—Igandea,
1997ko urtarrilak 12—


 

Dolü gabe hiltzen niz,
bizia Xiberuarentako emaiten baitüt.
Agian, agian, egün batez
jeikiko dira egiazko xiberutarrak,
egiazko eskualdünak, tirano arrotzen ohiltzeko.

MATALAS abestia (herrikoia).


Urdiñarbeko maskarada (1993)
Urdiñarbeko maskarada
(1993)

Hauexek omen dira, Mithikileko Bernard Goienetxe (MATALAS) apaizak Lextarreko plazan lepoa galdu baino lehen adierazitako hitzak, ahozko tradizioaren arabera. Matalas bera izan baitzen 1661. urtean, Frantziako errege zen Luis XIII.ak Zuberoako lurrak saltzea erabaki zuenean, Herria! Herria! oihukatuz 6.000 zuberotarren matxinadaren buru jarri zena. Lurrak herriarenak ziren. Foruak defendatzen ari ziren.

Hauxe da Zuberoa, Euskal Herriko alaba ttipiena, gaur egun galzorian dagoena. 15.700 biztanle eskas dituelarik, oso egoera ekonomiko larrian dago. Baserriak ez du sosik ematen, eta Zuberoako gazteak, Bordelera, Baionara, Paura edo Parisera joaten dira sosak biltzera, lan egitera. Euskara ere amiñika galtzen ari da —zuberera zenbait mila lagunen baitan dago—, agian, agian, Matalasekin batera aritu ziren zuberotarrek ez bezala, egungoek esperantza galdu dutelako. Hala ere, oraino ospatzen dira Zuberoan Pastoralak eta Maskaradak. Oraino entzuten dira zuberotarren ahots garbiak herri honen kantuetan. Oraino pizturik dago Zuberoako biztanleak zuberotar egiten dutena. Eta horregatik ere jin gara Euskal Herriko txoko honetara.


 Zuberoako bihotzean


ATHARRATZE (217 m).
XIII. mende bukaeran Zuberoako bizkondeak sortutako herria, bailarako herri garrantzitsua dugu; etxeak eta baserriak mendi hegaletan zabaldurik dauden arren, hiriguneak erdi aroko bastioi zaharren xarma gorde du. Plaza angeluzuzen baten inguruan eraikirik dago eta aspaldian hiriak izanen zuen harresia galdua da.

Plazaren ezkerraldetik —seinaleari kasu eginez—, Maidalenarako bidea hartuko dugu. Hasierako malda gogorra bada ere, HARITXABALETA auzotik (380 m) aurrera lasaituko da. Oren erdi eskasean, Erretzu (700 m) eta Maidalena arteko Sustarri lepora iritsiko gara.

Maidalena igoeran. Ruben, Mamen eta Irune. Gibelean, Marian
Maidalena igoeran.
Ruben, Mamen eta Irune. Gibelean, Marian

SUSTARRI lepoa (444 m). Errepidea utzi eta ezkerrera joko dugu. Maidalenara doan bidea hartu gabe, ezkerretik irteten den baso-pista jarraituko dugu, Maidalenarako bide zaharra baita hau bertakoek dioten arabera. Garaiera gaindituko dugu eta errepidearekin topatu ondoren, azkeneko metroak, belardiak zeharkatuz egingo ditugu.

MAIDALENA (795 m). Pirinioetako mendikateako bista ezin hobea: Midi de Bigorretik Orhirainokoa. Baseliza eta telebista antena tzarra. Nabe bakarreko oinplano angeluzuzeneko baseliza izanik, jatorrizko eraikinaren eraikuntza I. edo III. mendeen artean datatu dute. Historiaz beteriko ingurua, hemendik ere noraezean ibili zen Pierre Topet (ETXAHUN) olerkari eta bertsolari famatua.

Bertan idatzita dagoen Santaren aldeko otoitz batek halaxe dio:

Maria Maidalena / uhure deizügü
sainta photeresia / othoitzen zütügü
gure aitek best'ordüz / o sainta handia
zizien gomendatu / Zibero herria
gaitzak hürrünt etzazü / gure etxetarik
jente abere eta / beste gaitzetarik
zure eskü eztiak / gure herriala
khorpitz arimen hunak / jaitx eraz ditzala

Baselizaren gibeletik irteten diren malda gogorrak jaitsiz (IM) LETXEGITA lepora (693 m) iritsiko gara. Gas-hodiak instalatzeko pista batek ZUHOLA edo ZERA (730 m) puntaraino eramango gaitu. 1883an hildako lagun baten oroimenezko gurutzea. Aska baten ondotik igaroko gara, eta maldan behera SATXAGA lepora jaitsiko gara (565 m). SARAXAGUA etxaldearen kantian pasa ondoren, gorantz joanen gara, lur-sail bat ezkerretik inguratzen duen pista bat hartuz.

Maidalena Kutxaga ingurutik ikusia. Gibelean Auñamendi mendikatea
Maidalena Kutxaga ingurutik ikusia.
Gibelean Auñamendi mendikatea

KUTXAGAren (616 m) inguruetatik igaro ondoren, tanga batera iritsiko gara. GALARRAGA auzoan gaude (505 m). 50 m aurrerago, bidegurutzean pista eskuinetik hartuko dugu. Baserri bat eskuinean, mendiaren hegian. Asfaltoa utzi eta ezkerreko baso-pista hartuko dugu. KONTUZ! Pista hau guztiz lokazturik egon ohi da euri-garaian. Lokaztia saihesteko ondorengo aukeretako bat hauta daiteke:

  • Alanbre-hesiaren beste aldetik baso-pista jarraitu, atzera pistara itzuli arte. Borda batzuen hondakinen ondotik pasa ondoren, Idaulara iritsiko gara.

  • Zelaietatik gora AHATSIGA (586 m) tontorrera igo; hegala galdu gabe (IM), Idaula lepoaren inguruko hariztira jaitsiko gara. Langa bat zeharkatuz, pistara itzuliko gara.

Idaula leporako bidean
Idaula leporako bidean

IDAULA lepoa (435 m), Ahatsiga eta Txardeka (494 m) mendien artean kokaturik, zenbait etxolen gordeleku da. Ezkerretik jaisten den pista asfaltatua harturik, oren erdi batean Gotañera ailegatuko gara.

GOTAÑE (171 m). Aska emankor bat San Andresen hiru geziko elizaren kantian. Hiru pinakuluz osaturiko kanpandorreko eliz eijer hauek —Uhaitzandi ibaiaren ibarreko Irabarne, Idauze, Mendi eta Altzürükükoak ere hiru gezikoak dira— Hirutasun Santuaren edo Jesusen Kalbarioaren sinbolo omen dira adituen arabera.


 Kartografia


  • Tardets-Sorholus. 1446 est. Serie Bleue. Institut Géografique National (Frantzia). Eskala: 1:25.000.
  • Errimaia aldizkaria. 38. zenbakia. C. V. Camping.

 Bibliografia


  • Errimaia aldizkaria. 38. zenbakia. C. V. Camping.


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1