Ezterengibel - Irau (1.158 m) - Okabe (1.456 m) - Burdinkurutzeta mendatea

—Igandea,
1997ko ekainak 15—


 Mendiondoko bailara


MENDIONDOko bailara majikoa. Saroberri erraldoiaren peko mazela galduak. Dagoeneko, basoan ezkutaturiko bidearen arrastorik ez da geratzen, hauek eta bertze gauza anitz herri zaharren historiaren haizeak eraman zituen. Agian, agian zerbait geratuko da, galdua, lausoa; kondaira.

Kontua da Euskal Herriaren sakonean, gure geografiako parajerik ezezagunetarikoetatik ibiliko garela, Ezterengibeleko Goi Bailarako parajeen eta IRATIko Basoaren arteko inguruak bisitatuz. Errozate mendiak berak irekitzen ditu Iratiko ateak, Organbideko zein Mendizarreko lepoetatik sarrera emanez.

Oraino ikus ditzazkegu Mendiondo bailarako artzainen borda zaharrak Irauko sakanen hondoan. Goian ordea, BURDINKURUTZETAko errepideak, egun ia ahantzitako baina mendeetan zehar Euskal Herriko bidegurutze garrantzitsuenetako Nafarroa Behereko mendateak, sigi-saga dagi. Ez zuen ezerk bertatik ihes egin; ez gerrak, ezta miseria gorriak ere, ez bide-lapurreriak, ez gaueko lanak (kontrabandoak), ez transhumantziak, ezta jainkozaletasunak ere (Salbatore baselizan) ...

Orain dela gutxi arte ospatzen zen SALBATOREko paraje honetan erromeria garrantzitsu bat, non Mendibetik, Lekunberritik eta Ahatsetik etorritako erromesek parte hartzen zuten.

Eta Okabeko historiaurreko estazioa ere ez dugu aipatu gabe utzi behar, hortik igaroko baikara gaurkoan. 3.000 urtekoa izanik, 30 bat hileta-monumentuz osaturik dago, horietako gehienak harrespilak direlarik. Zirkuluan jarritako harriek —harrespilek— hildakoen errautsak gordetzen zituzten ontziak inguratzen zituzten. Ontzi hauen kokalekua, harrespilen zirkuluaren erdia zen.

Baina bada garaia Irauren, zakarraren, hermetikoaren ... misterioetan sar gaitezen.

EZTERENGIBEL (EZTERENZUBI).
Ezterenzubiko sarreran ezkerreko bidea, hau da, Ezterengibeleko errekatxoa jarraitzen duena hartuko dugu. Errepidetxo hau KANPOINIAn amaitzen da; bertan zenbait baserri eta zelai eder batzuk ikus daitezke. Hemendik hasten da, hego norabidean jarraituz, gurpide bat; berau erreka bitan banatzen den tokiraino iritsiko da. Zubi bat zeharkatu eta pixka bat aurrerago pista ere bitan banatuko da. Eskuinetik jarraitzen badugu, Irauko hegaletik igoko ginateke; aukera hau segituz gero, malda gogorretatik igoz kordalera iristea komenigarri izango litzateke, haitzen arteko bidezidortxoak jarraituz Irauko tontorrera ailegatzeko. ERROZATEko ikuspegi zabala.

Bigarren aukerari kasu egiten badiogu, ezkerreko pista jarraitzen badugu, bihurgune zabalez eta aldapa samurrez igoz, basogune bat eta borda handi bat dagoen inguru batera iritsiko gara. Hemendik aurrera basoa zeharkatuz, kordal nagusira igoko gara. Kordaletik sakanaren hondoan, Mendiondoko bailara ikusgarriaren bista so egingo dugu. Beste aldean, Burdinkurutzetako eta Saroberriko errepidea dago. Bidezidor nabari batek, haitzen artetik IRAU mendi-puskaren magalera eramango gaitu. Mendia inguratu eta ia IRAUKO LEPOraino iristen da. Hala ere, nahi izanez gero, malda latz bati ekiten badiogu bere gainera (1.158 m) igotzerik dago.

Ilarritako estazio megalitikoa. Klik egin handiago ikusteko
Ilarritako estazio megalitikoa.
—© Inaxio Elizegi
Euskal Mendiak—
http://www.argia.com/ehmendiak/
Klik egin handiago ikusteko...
(53 Kbyte)

Aipatu lepora jaitsiko gara, nondik Donibane Garazitik etorri eta bihurgune zabalak marratuz Errozateko lepora igotzen den errepide estua pasa den. Ezkerrerantz irten eta errepidetik jaitsiko gara 200en bat metro. Errepidetik atera eta H norabidea jarraituz, belarrez estalitako hegal batetik igoko gara zutoinetan margotutako marka zuri-gorriak jarraituz. Markak jarraituz Okabeko historiaurreko ESTAZIO MEGALITIKO ikusgarrira iritsiko gara. Metro exkasetara, OKABE gaina (1.456 m) dago.

Zelaietatik IIE-an jaitsiko gara, PEDROREN ETXOLArako markak eskuinean utziz. Pagoz inguraturik dagoen bide batetik sartuko gara SURZAI (1.140 m) lepora iritsiz. Lepotik asfaltaturiko bidexka bat igarotzen da. Txabola handi batera iritsiko gara eta bertatik IE-rantz abiatuko gara, bidean 1.203 m-ko kota eskuinetik albo batean utziz. Ondoren Saroberriko M-ko hegaletik, hoditeria jarri berri izan duten balkoi moduko bide batetik igoko gara. Bidetik jarraituz, tanga bat dagoen muino batera iritsiko gara. Nahi izanez gero, mazeletatik SAROBERRIraino (1.338 m) igotzerik dago.

Tangatik E-ko norabidean irteten den bidezidor batek, lurrez estali berria den toki batetik igaro eta zabalago den bide batera jaitsiko gaitu. Aurrerago BURDINKURUTZETA (1.135 m) mendatean amaituko dugu.


 Kartografia


  • Mendizar, mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.

 Bibliografia


  • Euskal Herriko 100 Gailur eta Mila Txoko. 22. ibilbidea. L. P. Peña Santiago. Elkar (1990).
  • Montañas del País Vasco. Tomo 2. L. P. Peña Santiago. Txertoa (1988).
  • Euskal Herria. Mendiak eta Historiaurrea. Jacques Blot. Elkar (1993).


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1