Europako Mendiak. Mendigune Zentrala. Sotres - Urriello aterbea - Careseko zeharkaldia (Poncebos - Caín)

—Asteburua,
1997ko uztailaren 12-13an—


 

"Guk, Covadongako Mendiko Parke Nazionalaz maitemindurik gaudenok, bertan bizi, hil eta betiereko atsedena hartzea nahiko genuke; baina, azkeneko desira hau, Ordialesen, arranoen eta sarrioen erreinu sorginduan egitea nahiko genuke, non Zeruetako eta Lurreko zoriontasuna ezagutu genuen, non mirespeneko, zirrarazko, ametsezko eta bidaiako oren ahaztezinak igaro genituen, non Jaungoikoa Goreneko Egile gisa egindako gauza guztietan gurtu genuen, non Izadia benetako tenplu baten gisa agertu zitzaigun."

(PEDRO PIDALen,
Villaviciosako Markesaren hilobiko testua, Ordialesen)


 Bulnes eta Urriello mendia. Careseko zeharkaldia


EUROPAKO MENDIAK Kantabriar mendikatearen zati diren arren, beti banako independente gisa kontuan hartuak izan dira.

Beren ezaugarri orografikoei esker mendikatearen gainerakotik argi eta garbi desberdintzen dira. Europako Mendien azpi-mendikatea KANTABRIAR MENDIKATEAren ardatz nagusitik bi lepo garaiz bereizirik dago: PANDERRUEDAS eta CABÉN DE REMOÑA izenekoak. Eta ibaiak dira hain zuzen Europako Mendiak hiru mendigunetan banatzen dituztenak: CORNIÓN-MENDEBALDEKOA, URRIELLES-ZENTRALA eta ANDARA edo EKIALDEKOA.

Cares ibaiak hain zuzen bereizten du Mendigune Zentrala Mendebalekotik. Valdeóneko bailaran du jatorria eta Europako Mendiak alderdi batetik bestera zeharkatu ondoren, Ponceboseraino iristen da, Duje ibaiarekin nahasteko.

BULNES da zalantzarik gabe, sistemako hegietatik zintzilik dagoen kokagunerik korapilatsueneko herrixka. Badira Bulnes bezain bakarturik dauden beste zenbait herrixka mendigunean: CAÍN, TRESVISO, SOTRES ... baina guzti-guztiek dute bertara iristeko errepidea —Bulnesekoak izan ezik. Dena dela, dirudienez proiektatuta dago herrixka honen bakardadea hautsiko duen errepidea; hala eta guztiz ere, herrixka inguratzen duen —betirako galduko den— xarmaren truke izango dela uste dugu.

Cares ibaiko zeharkaldiko tuneletako bat
Cares ibaiko zeharkaldiko
tuneletako bat

Igoera Invernales de Cabao ingurutik Bulneseko Naranjopean dagoen Urriello aterberako ibilbidetik ibiliko gara eta ibilbidean hiru mendiguneetako mendirik helezinena, Urriello edo Bulneseko Naranjo mendia osatzen duten horma erraldoiak hurbiletik ikusteko aukera izango dugu.

Camburerotik ordea proposatzen dizuegu jaitsiera, hau izan baitzen iparretik Urriellora hurbiltzeko ohiko igoera-bidea, oso gogorra gainera; eta hauxe bera ere izan zen mendiak bere babeserako erabilitako defentsa naturala.

Hauxe guztia zintzurrak eta kanal basatiak zeharkatuz egiaztatzerik izango dugu, agian Europako Mendietako ibilbiderik ederrena daitekeelarik.

INVERNALES DE CABAO (SOTRES).
Invernales izeneko lekutik PANDÉBANO leporaino pista bat erabiliz igoko gara. Hemendik aurrera, ezkerreko muinotik eskuineranzko ibilbidea erakusten duen bidezidor bat hartuko dugu, artzain-borda batzuk dituen TERENOSA saroeraino iritsi arte. Ondoren, bertan hasi eta CUESTA SIERRA delakoa diagonalean zeharkatzen duen bide nabaria hartuko dugu.

Paisajeak dena dela, bat-batean aldatzen da VALLEJO lepora iritsi bezain laster; hemendik hain zuzen jada ikus baitaiteke BULNESEKO NARANJO mendia. Lepo honetatik bideak kanala horizontalki zeharkatzen du eta JOU LLUENGO sakonean sartzen da. Kanal honetako igoera luzea den arren ez du inolako zailtasunik ematen; bideak behin eta berriz sigi-saga dagi igoeran zehar Naranjo peko VEGA DE URRIELLO izeneko parajera iritsi arte. Bertan dago aterbea (1.960 m).

Pareta erraldoi eta malkartsu hauetan egin zuten orain dela 93 urte, 1904ko abuztuaren 4an hain zuzen, Gregorio Pérezek —Cainejoak— eta Pedro Pidalek, Villaviciosako Markesak Urriellora egindako lehendabiziko igoera. Garai desberdinak ziren, orduan nobleziak soilik egiten zuen mendia eta erabiltzen zuten materialak ez zuen gaurkoak bezala laguntzen. Tontorrera iristerakoan Pedro Pidalek Gora!ozen bat igorri zuen lau haizetara, Urrielloko tontor biribilera iristen ziren lehendabiziko gizasemeak ziren-eta.

Hemendik ere irteten da —TORRE CERREDO mendirako hurbilpen gisa— LOS CABRONES ATERBEraino bide bat.

Teleferikoa Fuente Dén
Teleferikoa Fuente Dén
—© Jaime Lorenzo—

Hala ere, guk eskuinerantzago ia nabaritzen ez den beste bidezidor bat hartuko dugu; bidezidorrak kanal hunkigarrien arteko harritzez eta harri-puska handiz osatutako paraje bat zeharkatuko du. Kanalaren behealdean bidezidorra ezkerrerantz jotzen du, Jou Lluengo sakonak beherako irtenbide zuzenik ez du-eta. Irtenbidea, FRAILÓN mendiko paretetara hurbiltzean eta ezkerrerantz zeharkatzean datza, horrelaxe CAMBURERO ARTZAIN-SAROEan sartzen baikara.

Artzain-saroea zeharkatu eta jaitsiera zorabiagarri honek beste kanal estu eta maldatsutik, CAMBUREROKO KANALetik orain, jarraituko du JOU BAJO sakonean amaituz.

Jou Bajo sakonetik BALCOSÍNeko kanalari hasiera ematen diogu. Kanal honen sarreran, ibaiaren ur-salto baten ondoan, bada destrepe bat; destrepe honek eskaintzen duen zailtasun —ez handia— haitzaren hezetasunaren araberakoa izango da. Bideak pareta guztien artean jarraituko du. Amaieran, bidea inguratzen duten paretak oraindik ere gehiago itxiko dira eta bat-batean Bulneseko bailaran aterako gara. Uharrak marrazten duen ur-jauzi baten ondoan bi bide ageriko zaizkigu. Ezkerreko hartuz gero BULNES DE ABAJO herrixkara iritsiko gara. Taberna bat eta aterbe bat bertan.

Bulnes de Abajo herrixkatik PUENTE PONCEBOSeraino joateko, bidea jarraitu besterik ez dugu egin behar; tarte honetan dagoeneko bidea erosoagoa da eta TEXU KANALaren (hots, aginekoaren) paretik jaisten da, BULNES DE ARRIBArako bideari hasiera ematen dion COLINES zubia zeharkatuz.


 Kartografia


  • Picos de Europa. Miguel A. Adrados. Eskala: 1:75.000.


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1