|
||||
|
1993ko urria: ekaitza Espingoko zirkoan |
||||
|
Espingoko zirkoa ezagutzen nuen bai, baita ia bere hirumilako tontor guztiak ere. Dena dela, udan izanda ezagutzen nituen, eta banekien bai, udan ere, oso zonalde latz eta maldatsua dela, bere tontor guztiek, oso gailurreria aereoak eta pasabide zail samarrak dituztela. Egutegia ikusirik, mendi hauetan barrena ibilaldi bat egiteko, Pilarren zubia agertu zitzaigun. Mendi hauetara etortzeko berandu samar izan arren, lau egun osorik aprobetxatu ahal izateak aurrera egitera animatu zigun. Hori dela eta, behar bezala hausnartu ostean, Oô bailarara etortzea erabaki genuen, eta behintzat, Espingoko aterbera igo bertan lo egiteko. Ez dakit zenbat aldiz, telefonoz deitu genion aterbearen zaindariari 24 lagunen erretserba egin ahal izateko. Baina ez, ez genuen erantzunik jaso eta zirudienez, zertxobait oker zebilen.
Bailaran kokaturiko Astauko baserrietako telefono zenbakia aurkitu genuen; han, José Antonio Quevedok oso jatorra zen emakume batekin hitz egiterik izan zuen. Andreak, inguruak egun batzuk lehenago jasandako ekaitzaren berri eman zion. Aterbea inkomunikaturik zegoen eta azkenean, andrearen esku geratu zen erretserbaren eskaria igortzea. Era berean, elur asko zegoela eta mendietako sarbideak zail samarrak izan zitezkeela adierazi zion . Hala eta guztiz ere, irteera egitea erabaki genuen. Zirkora iristen den bidea oso ederra eta ikusgarria izaki, Oô bailarako ur-jauzi dotorean amaitzen da. Garai horietan aterbea hutsik zegoen; berez, iraila bukaeran ofizialki ixten dute, eta orduan, gu bakarrik espero gintuzten. Espingo oso toki atsegin eta abegikorra dugu, eta mendi giro sano eta ederrean egun batzuk igaro nahi dituenari, bihotzez gomendatzen diogun aterbea da. Zaindariaz gain, sukaldean aritu zen Pabeko neska bat eta mantenu-arduraduna zen Lucas baino ez genuen aterbean aurkitu. Lehendabiziko egunean, Lezat tontorrera igotzen saiatu ginen. Hirumilako gailurra dugu hau, trepada batzuk eta pasabide aereo samarrak dituena. Hori dela eta, lehendabizi Portillón-eko aterbera igo ginen. Nik jadanik, ezagutzen nuen 91ko udan bertan egona nintzelako. Han igaro genituen hiru egun lagun euskaldun batzuek, eta izen bat izatearren "los vascos" izena jaso genuen bertan zegoen zaindari argentinarrarengandik. Hala ere, oraingoan aterbe libre moduan zegoen; hori bai, inguruetan elur asko zegoen. Portillón-eko urtegira iritsi ginen, baina handik gora gehiago igotzerik ez zen posible izan, ez behintzat gu bezalako talde handi batentzat. Mendi hegalak elurrez beterik zeuden ia ibilaldi hasiera besterik ez zen eta aurrean igarobide nahiko arriskutsuekin topo egingo genuela ere bagenekien. Hori dela eta, Portillón-eko aterbe berrirantz abiatu ginen, orduan eraikitze lanetan aurkitzen zena. Handik, euri-neurgailuaren lepotik pasa ondoren, jaisteko genuen erreferentzi gune ona zena, azkenean Seil de la Baque-ko lepora iritsi ginen. Asko kostatu baina, azkenean, mendiko tontorretako bat zapaltzera lortu genuen. Elurra egoera onean zegoen, eta esfortzu fisikoaz gain, ez genuen inolako arazorik ediren. Hasiera batean Espijeoles mendiko hegaletatik beherako bidea planteatu bagenuen, azkenean, egindako bidetik jaitsi ginen. Iñigo Txintxurretak lan handia egin zuen bidea irekitzen, eta behar izan genuenean berak ondo dakien moduan lagundu zuen.
Biharamunean, eguna lainoarekin eta haize bortitzarekin senidetuta esnatu zen. Gure asmoa, ezagutzen ez genuen Quayrat mendira igotzea zen, edertasun handiko gailurra da-eta. Tontorrean azkeneko puntua seinalatzen duen monolitoa ikus daiteke gainean datzan harri handia kolokan bailitzan ageri dena. Irten eta denbora gutxira lanbroa hasi zuen. Haizeak alde guztietatik gogor jotzen gintuen. Harri blokez beteriko alde bat igaro ondoren, mendiko hegaletara iritsi ginen. Zoritxarrez, elur ekaitzak errespeturik ez zuen. Ibilbidea zuzena izaki, ez genuen apenas ikusten. Ene iritziz, gailurreriatik ez oso urrun atzera jotzea erabaki genuen. Hala eta guztiz ere, ez genukeen gailurreriatik igarotzerik izango, haizeak gogorregi jotzen baitzuen. Mendi honetan Unai Badiola aurkitu genuen. Une oro, aurreko taldearekin batera igo zituen mendiaren malda bortitzak, eta bertan ikusi ahal genituen bere gaitasun fisiko ezin hobeak eta goi-mendirako dituen ezaugarri egokiak. Ondoren, 95. urteak arrazoia eman digu, Mont Blanc gailurrera igo baitu eguraldi ez nahi bezain ona egiten zuela. Zalantzarik gabe, oso etorkizun handia du aurrean, baldin eta pixka bat saiatzen den. Gau hartan ekaitz indartsu batek mendiak astindu zituen. Aterbearen zaindariak argiak itzali zituen, generadorea honda ez zedin eta denok, berandu baino, goiz joan ginen ohera. Biharamunean, etxerako bidea hartu genuen. Haize zakarrak gogor jarraitzen zuen ... Luismi GLEZ. |
||||
|
Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira. |
||||
|
© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa) Euskal Herria - The Basque Country Tlf.: (+34) 943.72.33.85 |
||||
|
|