Andia Mendia:
Lizarraga mendatea - Errezu

—Igandea,
1993ko azaroak 28—


 

Mendizaletasuna bizi dutenek, zuk sentitzen duzun moduan sentitzen dute, eta ezagutzen ez dutenei ez zaitez saia nolakoa den azaltzen, ez dute ulertzerik izango eta.

PÍO XI.


 Andia Mendia. Inarotz eta Arbiotzeko sakanak


ZUNBELTZeko faila eta LIZARRAGAko mendatean, Andia eta Urbasako Mendiak bereizten dira.

GOÑERRIko LANDetatik H-ra bi kordal azaltzen dira, Lezaun, Errezu eta Iturgoien herrietatik jaisten direnak, azkenean mesetako lautadetan amaitzen direlarik.

Kordal hauek gutxi bisitatuak eta sakonak diren arroilak eratzen dituzte; badira hiru sakan mesetara jaitsi ahal izateko. Horietariko bi IFERNUetakoa eta ARLESKAkoa dira, Iturgoienera iritsi baino pixka bat lehenago elkartu egiten direnak. Hirugarrena politena eta interesgarriena dugu, eta ezaugarri bezala Ubagua errekaren iturburua dela aipa dezakegu. Hemendik jaitsiko gara gu.

Ubagua ibaia ALLOTZeko urtegira ur gehien dakarren ibaia dugu. Gaur egun, Nafarroako Gobernuko egitasmoen artean dagoen legez, ibai honek Ebroko erriberako herrien ur-hornikuntza egitea da, bertako bizilagunen baimena eta onespena ez badu ere.

Lizarrarako errepideko 24. kilometroan, gure ibilaldia hasiko dugu eta E-an putzu bateraino iritsiko gara. H-ra joko dugu orain, Ikemarreko kordala garaitzearren.

Alanbre-hesi eta harresi bateraino iritsi arte, bertako zelaietatik igaroko gara. Hauek pasa ondoren, TRINITATEA-ITURGOIEN BASELIZAn izango gara (1.237 m). Inguruetako bista ezin hobea. Inguruan ere MUGAGA tontorra dago (1.214 m).

ARBIOTZeko sakanetik jaistearren (INAROTZ izena ere jasotzen du lehendabiziko zati honetan) H-ko norabidean basoaren bukaeraraino gerturatuko gara eta barrura sartzeko argigune bat bilatuko dugu.

Hasiera batean, bidezidorra ez da oso ondo bereizten, orbelak bidea estaltzen baitu; baina aurreraxeago argiago eta nabariago egingo da. Marka gorri batez apainduriko harresitxo bat gaindituko dugu. Baserri batera iristerakoan, Lezaunera doan pista hartuko dugu, goian ikus daitekeen herria.

Bidegurutzean, ezkerrera jo Arbiotzeko sakanetan sartzearren. Gure eskuinean, "LA TOMATERA" iturria ageri da.

Bidea zidorrean bilakatzen da, harrizko pareta eta orratz erraldoien artetik igaroz. Landaretza ere nabaria da esparru hauetan.

Kaxeta edo modulu batzuk ikusiko ditugu. 1 zenbakiko eta 2 zenbakikoen artean, eta langa metaliko baten atzean UBAGUAren iturburua dugu. Ur-jauzi txiki bat ere ageri da bertan. Ibaiaren ezkerraldeko aldean dagoen bide batek errepideraino eramango gaitu. Eskuinera jo eta ERREZU herrian izanen gara.

ERREZU herri txikia izanik (110 biztanle bakarrik), bada zer ikusterik herrira iristen garenean. Esate baterako:

  • Jasokundearen Ama eliza, estilo gotikoko edifizioa (XIV. mendekoa), XVI eta XVII. mendeetan zenbait aldaketa izan zituena. Eraikin zibilen artean Jauregia aipatu behar da, XVII. mendekoa, Ramírez de Ganutza familiarena. Horrez gainera, etxe batzuek armarriak dituzte aurrealdean.

  • Ikusgarriak ere, Ubagua ibaiaren gainetik dauden bi zubi, biak harrizkoak eta begi bakarrekoak.

Arraba jatetxea ezkerrean dagoen kale batean dago. Lagunekin bazkaltzeko aukera ezin hobea.


 Kartografia


  • Alsasua, 114. mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • Estella, 140. mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.
  • Urbasa-Andia. Mikel Nazabal.

 Bibliografia


  • Euskal Herriko 100 Gailur eta Mila Txoko. 107. ibilbidea. L. P. Peña Santiago. Elkar (1990).


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1