|
||
|
Billare eta Gabizos Handia: |
||
|
93ko urte hasieran, Alex Orbegozok Billare mendirako irteera proposatu zuen. Oso ezaguna ez den gailurra da, eta apika, euskal mendizaleoi, Auñamendi edo Hiru Errege Mahaia mendien itzalpean geratzen zaigu. Kokapena ezin hobea du. Lescuneko zirkoaren babesean dago, eta nahiz eta garaiera handiko mendia ez izan, gailur handitzat hartzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztien jabe da. Bere 2.318 m-rekin, igoera latz eta gogorra du une oro; egia esan, hirumilako bat balitz, gorabidea benetan nekagarria litzateke. Labérouat-eko aterbea beterik zegoela-eta, Lescuneko zirkoan dagoen kanpin txiki batean kanpatzea erabaki genuen. Ekaina izaki, tenperatura guztiz atsegina zegoen. Bertara iristerakoan, une batean, ene ustez, autobuseko kide guztiok liluraturik geratu ginen, errepideko bihurgune batean, aparteko paisaje eder horri so egiteko aukera izan genuenean. Urrutian, Ansabèreko orratzak eta Petretxema ikus zitezkeen. Ez zen oso irteera jendetsua izan, eta horrexegatik, denon artean familiarteko giro jatorraz gozatu genuen. Arrastirian, eraginkorra baino zaratatsua zen ekaitz batek jo gintuen, baina biharamuneko egunsentian, eguzkia sortaldetik irribarretsu ageri zuen. Plá Sánchez goi-ordokiaren inguruetaraino, autobusez iritsi ginen. Hau ere leku ederra dugu, eta ez soilik mendizaletasunean iharduteko, baizik eta egun polita igaroz, bertan paseo ederrak ere egin ahal izateko. Hemendik aurrera, malda bakarra eta ia amaigabea hasten da, aldapa gailurraren amaieraraino iristen baita. Ondoren, gailurrerian arretaz ibili behar da. Jaisterakoan, ordea, gure belaunak amiñi bat mindu ziren jaitsi beharreko gainbehera izugarria delako; batez ere, jaitsiera azkarregi egin ezkero nabarmentzen dela kontuan hartu beharko dugu. Gabizos Handiari dagokionez, mendi honen hautaketa azkeneko momentuan egin zen, hasiera batean Arbizon mendia aukeraturik baikenuen. Mapak begiztatuz, inguruetan kanpinik edo aterberik ez zegoela ohartuz gain, bidaia oso luzea ere izango zela konturatu ginen. Javi Fernández izan zen, une batean, proposamen berri honen egilea. Guretzat, mendi arras ezezaguna izateaz gain, ez genekien besterik, Gourette-ko negu-kiroletako estazioko eta Eaux-Bonnes ur epeletako herriko ingurumarietan zegoela baino. 93ko uztailean, Jonmikel Intsausti, Luis Albisua eta hirurok ibilaldia prestatzeko asmoz hara abiatu ginen. Gourette-ra iritsi ginenean, euria gogotik ari eta gainera, hotz egiten zuen. Estazioko aterbeak beterik zeuden; ulertezina eta arraroa bazen ere, Club Alpin Français-eko aterbea itxita zegoen. Hori dela eta, inguruetan kanpin baten bila aritu ginen eta Eaux-Bonnes ere bisitatu genuen. Herriko karrikak jenderik gabe agertzen ziren. Gourette-tik hasi ezkero, Gabizos Handirako hurbiltzea luzeegia izango zela ohartu ginen. Uzious-ko eta Lavedan-go aintziretara ailegatu behar zen lehendabizi, ondoren Uzious-ko lepora iristeko, bertatik tontorreraino gailurreria luze bat hasten delarik. Soulor-eko mendatearen inguruetako Saucede lepotik ere, gailurreriaraino ibilbide bat badago, baina azkeneko hau Gabizos Txikira iristeko baino aproposa ez zela ikusi genuen. Orduan, Le Tech lakura joatea besterik ez zitzaigun geratzen, bertatik tontorrera iristeko ia zuzen-zuzena zen igoera ikus genezakeelarik. Laku hau, mendien arteko bailara estuan sartuta dagoen urtegi bat baino ez da. Bertan udal-kanpin txiki bat aurkitu genuen, baina zorigaitzez gure taldeko horrenbeste kanpaina-denda han sartzearen arazoa aurrikusi genuen. Galdetu ondoren, zaindariek udaleko arduradunekin mintza gintezen esan ziguten; igandea zen ordea, eta Udaletxea itxita zegoen. Pirinioetako Goi-Bidearen (HRP) aterbean ere ezin zuten behar genuen leku kopurua erretserbatu, eta azkenean, afera geroxeagorako utzi genuen. Mendiaren igoera dela-eta, ibilbidea oso argia da hasiera batean. Dena dela, Boulesteko aterbearen inguruetatik, Jonmikel eta biok aurrera jarraitu genuen, Soume d'Arre-rantz hain zuzen ere, Gabizos-era igotzeko egokia eta zuzena ez den bidetik. Luis Albisuak, ordea, Uzious-ko leporaino bide egokia asmatu zuen. Hemendik, Gourette, bestaldeko isuraldean ikus daiteke eta tontorrera iristeko gailurreriatik jarraitu besterik ez da egin behar. Ibilaldiaren nondik norakoak erabakita zeuden. Azkenean, ibilaldiaren eguna iristerakoan, kontsultarik gabe Le Tech-eko kanpin agertzea erabaki genuen; baita horrela egin ere. Ez genuen inolako arazorik izan; kanpineko zaindariengandik ere oso tratu egokia jaso genuen. Luismi GLEZ. |
||
|
Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira. |
||
|
© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa) Euskal Herria - The Basque Country Tlf.: (+34) 943.72.33.85 |
||
|
|