Jokano - Kruzeta (1.171 m) -
Repico (1.187 m) - Luna

—Igandea,
1993ko irailak 12—


 Arkamo Mendian barrena


Urduña eta Miranda de Ebro herrien artean kokatuta, Arkamo mendilerroak Gibijo Mendia I-an, Garobel edo (Salbada) Mendia IM-an eta Trebiñoko konderria E-an ditu.

Irteera puntua den Jokano herri txikiraino iristeko, Zuhatzu Koartango herritik, Luna eta Arriano herrietan amaitzen den auzabidea hartu behar dugu.

JOKANO (640 m).
Hilerriaren ondotik pasatzen den pistatik gora egin beharko dugu, basoz estalitako bide zabal batetik COTORRILLOko lepora (1.010 m) iritsi arte.

Gure eskuinean errepikagailu bat dakusagu; baina guk ordea, ezkerretik jarraituko dugu, zuhaitzik gabeko zelaietatik MONTEMAYOR (1.097 m) izeneko muinora ailegatzeko. 45 min. Erpin geodesikoa eta postontzia.

Puntu honetatik, antenara gerturatuko gara, beti ikusgai izango ez diren marka zuri-gorri batzuez hornituriko bide argi bat hartzeko.

Marka hauek, bidea 1.105 metrotako kotara igotzeko abandonatzen dute, eta mapa katrastalean, tontor hau ALTO DEL ONCEJO bezala agertzen zaigu. 40 min.

Jaisterakoan, hesi batez inguraturiko putzu handi batera iritsi eta belarrez beteriko zelaietatik igaroko gara. Bidea zabaldu egiten da aurrerantzean.

Bidegurutzean eskuineko bidea hartu. Ondoren, hainbat putzuetariko beste bat ageriko zaigu. Hemen, LAS TUERTAS-eko parajean, bide bat hasten da pagoen artean. Frailearen leizea ez da oso urruti. Urrutian PEÑA ALTAko (1.140 m) erpin geodesikoa ageri zaigu, eta harantz joango gara egokien deritzogun bidetik. Tontorretik adi egon behar da lainotuta-edo baldin badago, Peña Altaren bizkarregia M-ra zuzentzen baita. Ordubete 10 min.

Erpina baino aurreraxeagotxo, harresi batekin topo egingo dugu, IM-ko norabidean guk behar dugun kordalera gerturatzen gaituena. Hemendik Vadillo arroko herrixkak ikusten dira: Villamanca, Santa Eulalia, Arriano, Luna ...

Luismi Kruzetako gainean
Luismi Kruzetako gainean

Amildegiaren parean jarraituko dugu, KRUZETAko (1.171 m) cairn erraldoiraino iritsi arte. 50 min. Zenbait harri puska eta txilarrez inguraturiko bide batetik samurki jaitsiko gara, beste isuraldean dauden Ginea eta Karkamo herritara doan bidearekin topatu arte. Bidearen ondoan LA MOLINA kobazuloa. Hemen Kruzeta eta Repico mendien arteko bailaratxoa agerian da.

Bidezidor argirik gabe, kobazuloaren gainetik jarraituko dugu, pinu eta garo artean ibiliz. 1.168 metrotako kota gainditu dugu. Jaitsi ondoren, Repico mendiko bizkarregiaren parean segituko dugu, jada aurrikusi duguna, pinudian oso ondo zehaztutako bidezidorretatik igaroz. Nahi izanez gero, kordalera pinudian sartu baino lehen ere igo daiteke, eta gailurreriatik REPICO (1.187 m) tontorrera iritsi. Erpin geodesikoa eta postontzia. Ordu bete 10 min.

Gaubea (Valdegobia) Mendiaren eta E-an kono erraldoi eder baten itxura duen Marinda (984 m) haitzaren irudi ezin hobeak. I-an, ordokiko Osma herriaren gainetik dagoen telebista errepikagailua.

Metro batzuk gailurreriatik eginez, eskuinera bidezidor estu bat aurkitu arte jarraituko dugu. Garo artean igaroko da bidezidorra, Repico kobazuloa ere ikus daiteke, sasien artean erdi ezkutaturik.

E-an segituz, bide batek zeharkatzen duen ordeka batera iritsiko gara. Aldapatxo samur bat eta lepora (1.000 m) iritsiko gara. Aurrean alanbre-hesia dugu. Hau pasa eta eskuinean Arrianora jaisten den pista aurkitzen dugu. 40 min. Bidegurutzean eskuinetik segi. Metalezko langa bat aurkitzerakoan, zeharkatu. Zelaietatik jarraituz LUNAra doan beste pista bat aurkitzen dugu. Ibilaldiaren amaiera herriko iturrian. 45 min.


 Kartografia


  • Orduña, 111. mapa katastrala. Instituto Geográfico Nacional (Espainia). Eskala: 1:50.000.


Orri honetako euskarazko testuak IXA Taldeko
XUXEN Zuzentzaile/Egiaztatzailea erabiliz zuzendu dira.

Igo

© Copyright Ostadar M. T.
ostadar.geo@yahoo.com

Ostadar Mendi Taldea
Jai-alai behea 4, 20700 Zumarraga (Gipuzkoa)
Euskal Herria - The Basque Country

Tlf.: (+34) 943.72.33.85


GeoCities


Hosted by www.Geocities.ws

1